ATHLETICEK hasiera bikaina emon deutso liga txapelketeari. Garitanoren taldeak lehen hiru jardunaldietan dituen zenbakiak esanguratsuak dira oso: zazpi punto bederatzitik, lau gol alde eta bakarra aurka, berori Getaferen zelaian. Ganera, San Mamesen irabazi egin ditu partidu biak eta ez dau golik jaso. Gotorleku bilakatu da Katedrala. Baina zenbakiak alde batera itxita, zuri-gorriek itxura bikaina emon dabe Bartzelona, Getafe eta Realaren aurka. Jokalariek ondo baino hobeto dakie zer gura dauen entrenatzaileak eta ederto beteten dabe euren beharra zelaian. Horrez ganera, Garitanoren gizonek konfiantzaz ganezka agertu dira zelaian, aurkariari arnasea hartzeko astirik be emon barik. Bide honetatik jarraitu ezkero, Athletic irabazteko aurkari gatxa izango da edozein talderentzat.

Realaren aurkako partidua jokatu aurretik garbi geratu zan hiru punto baino gehiago egozala jokoan derbian. Talde bietako entrenatzaileak horrela adierazo eben aurreko astean. Edozein partidutan ez da egoten horrelako sari gozorik irabazlearentzat eta Athleticeko jokalariek aurkariaren bila urten eben zelaira epaileak txistua jo ebanetik. Garitanoren mutilek zapaldu egin eben aurkaria eta ez eutsoen aukera txikiena be emon garaipenera hurreratzeko. Benetako erakustaldia emon eben lehenengo zatian. Unai Simonek ez eban baloirik ikutu, Reala hurreratu be ez zalako egin, eta Williamsek eta Raul Garciak ez eben huts egin Moyaren ate aurrean. Athleticek erakutsitako erabateko nagusitasuna ez dogu ikusi aspaldiko urteetan jokatutako derbietan. Bigarren zati osoa egoan jokatzeko baina ez zan Realaren erreakziorik etorri Athleticek ez eutsolako itxi. Partidu biribila ezelako zalantza barik.

Liga txapelketea hasi baino ez bada be, baikortasuna da nagusi Athleticen inguruan Gaizka Garitanoren taldeak transmititzen dauzan sentsazinoak bikainak diralako. Entrenatzaileak argi dauka zelan jokatu gura dauen eta jokalariek ederto bereganatu dabe harek eskatzen deutsena. Eta hasiera arrakastatsu hau igazko jokalariekaz egin dau Garitanok, fitxaketarik egin barik, etxeko jokalarietan konfiantza osoa jarrita.

Azpimarratzekoa da, zenbait jokalariren errendimenduaren hobekuntzea. Eta izen bat nabarmentzekotan Dani Garciarena izango litzateke. Zumarragakoak ez eban bere mailarik onena emon aurreko denboraldian. Ikasturte barri honetan, ostera, aurrerapausu handia emon dau eta bikain aritu da Bartzelona, Getafe eta Realaren aurka. Erdialdearen jaun eta jabe bilakatu da. Unai Lopezek be jauzi bat emon dau bere errendimenduan. Gauza bera esan daiteke Yuri Berchiche eta Caparen ganean, hiru zentralak ahaztu barik. Garitanok ausardia erakutsi eban Realaren aurka Iñigo Martinez zelairatu eta Espainiako selekzio nagusiaren deia jaso eban Unai Nuñez ordezkoen aulkian itxita. Eta zer esango dogu Raul Garciari buruz. Ordezkaezina da gaur egun Athleticen.

Eta ez dot alde batera itxi gura San Mamesko zaleriaren jarrera bikaina. Izan be, giro ikaragarria bezain zirraragarria egon zan Bartzelona eta Realaren aurkako partiduetan. Taldearen eta zaleriaren arteko konexinoa inoiz baino sendoagoa da. Kontuak kontu Athletic popadan doa, haizea lagun dauela. Baina bidearen hasieran baino ez gagoz eta garbi euki behar dogu une garratzak be etorriko dirala. Bien bitartean, aurrera bolie.