Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak kontsumitzaileen estatutua berritzeko urratsak egiten ari da. Izan ere, egun indarrean dagoena zaharkituta geratu da, besteak beste, teknologia berrien erabileraren ondorioz, kontsumo-ohiturak aldatzen ari direlako eta kontsumitzaileen eskubideak zaintzen segitzeko arautegia eguneratzea ezinbestekoa delako. Nolanahi ere, ez dirudi kontsumitzaileen hizkuntza-eskubideen inguruan inolako berritasunik datorrenik. Azken horri dagokionez, kontsumitzaileak eremu pribatuan euskararen aldeko jarduna sustatzearekin eta dirulaguntzak ematearekin konformatu behar baitu.

Euskadiko herri-erakundeak behartuta daude herritarrei zerbitzua ematera azkenek aukera-tzen duten hizkuntza ofizialean. Eremu pribatuan, berriz, enpresek ez dute herritarren hizkun-tza-eskubideak errespetatzeko obligaziorik, “doktrina konstituzionalak ezartzen duelako ezin dela hizkuntzarik inposatu”. Harritu egin nau emandako azalpenak, egia ez delako eta urteetan egin den ibilbidea aintzako-tzat hartzen ez duelako. Halako baieztapenak egiten dituztenei gogorarazi beharko litzaieke, EAEren esparruan, abenduaren 22ko 6/2003 Legeak, Kontsumi-tzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuarenak, ezarri zituela hizkuntza-betebeharrak, baita eremu pribatuan ere. Era berean, hizkuntza-betebehar horiek garatzeko, legeak ezarri zuen Eusko Jaurlaritzak dekretua onartu behar zuela.

Halaxe egin zuen Eusko Jaurlaritzak, 2008. urtean. Baina... dekretu horren pasarte jakin batek polemika piztu zuen. Dekretuak, bost urte lehenago Legeak ezarririko eskakizunetara egokitzeko aldi luzea ezarri eta dirulaguntzak agintzeaz batera, Legea betetzen ez zuten enpresei-eta isunak jartzeko aukera irekitzen baitzuen. PP eta PSE-EE alderdiak kontra azaldu ziren eta bi-bien arteko akordioaren ondoren Patxi Lopezek Lehendakaritza eskuratu zuenean, lege bat onartu zuten berariaz Eusko Legebiltzarrean, 2003ko Kontsumitzaileen Legean begiz jotako hizkuntza-eskubideak betetzen ez zirenean, isunak ezin zirela jarri ezarriz.

Espainian, maila desberdinetako ehunka xedapen daude indarrean eremu publikoan (eta pribatuan) gaztelaniaren erabilera behartzen duena, besteak beste, xedapen horien atzealdean hizkuntza bakarra duen estatu baten ikuspegia baitago. Nolanahi ere, ez da egia sustapenetik harago eremu pribatuan ofizialkide diren hizkuntzak kontuan hartuz, herritarren hizkuntza-eskubideak zaindu ezin direnik. Horren frogarik behinena Euskadiko Kontsumitzaileen Legea, honen garapena ahalbidetzen zuen uztailaren 1eko 123/2008 Dekretua, bai eta Katalunian indarrean dauden xedapenak dira, horiek ez baititu Konstituzio Auzitegiak zalantzan jarri, bestelako interes eta erabaki politikoek baizik.

Indarrean jartzen diren neurriak proportzionalak izatea da kontua. Halakoetan ez gara ari etxearen azpian daukagun okindegi edo saltoki txikiez, familia negozioez... enpresa, saltoki handi, banku zein bestelakoez, hots, baliabide eta aukera ugari dituztenez baizik, bai eta herri-erakundeek enpresa pribatuen bidez ematen dituzten zerbi-tzuez ere... eta iduri du komeni dela hizkuntza-kontuetan eremu pribatuan aurrera egiteko erabakiak hartzea, datuek erakusten baitigute eremu horretan ez dela aurrerapauso handiegirik gertatu euskararen normalizazioaren alde.