Zer uste zenuten? Hil zirela denak? Ez, lozorroan zeuden, The Walking Deatheko zonbiak bezalaxe. Urteak zeramatzaten beste itxura bat har- tzen, lausoagoa, pixka bat lightagoa nahi baduzue, beste zenbait alderditan kamuflatuta, baina egiazko aukera izan duten lehenengoan, hortxe agertu dira, zonbie faxistak.

Ez genuke ahaztu behar ia 40 urtez luzatu zen diktadura frankista hura norbaitek sustengatzen zuela. Alegia, ez zela elite batek kontrolatutako erregimena, baizik eta gehiengo batek onetsia, edo gutxienez ez gai- tzetsia, eta horren indarrez soilik mantendu daitekeela halako sistema bat hain luzaroan. Hori bukatuta, sekula bukatu bada behintzat, hibernazio-prozesu batean sartu ziren. Tarteka dozena erdi ikusten genituen, manifestaldi batean, edo oilaskodun banderak astintzen futbolaren aitzakiaz, eta eskua ahora eramaten genuen, sorpresa adieraziz, oraindik horrelakoak erabat desagertu ez zirelakoan. Bazuten alderdi politikorik ere, baina indarrik gabekoak, eta haiei bozka ematea gaizki xamar ikusita egoteaz gain, ez zuen ezertarako ere balio. Baina aldatu egin da egoera.

Ez dira desagertu, ezta desagertuko ere. Alde batetik Francoren erregimena sustengatu zuen onarpen horrek berak onartzen dituelako oraindik horrelakoak. Eta bestetik ideia- eta adierazpen-askatasunak nonbait bermatzen dituelako horrelakoak. Popper filosofo austriarrak bere paradoxan nahiko argi azaltzen zuen: jendarte bat erabat tolerantea balitz, intoleranteek suntsituko lukete jendarte hori bera. Garai bateko hezkuntza parametroak erabiliz, garaiz emandako zaplazteko prebentibo baten ondorioak askoz eramangarriagoak direla ulertuko genuke. Gurera ekarriz, dena onartzea gure kontra bihurtu daitekeela alegia. Zuzentasun politikoak onartezinak diren gauzak onartzera garamatza, eta edozein tonto bihurtzen du lider, inork ez diolako inoiz esan nahikoa duela, ahotzar hori ixteko behingoz.

Berriz ikusi dugu ordea, nola zenbaiten interesera egindako kanpaina mediatikoek eragin handia duten bozka kopuruetan. Podemosi egin zioten, Ciudadanosi ere bai, eta Voxi ere egin diote orain. Zerotik zerura eraman dituzte, baina ezin kontrolatu ordea zerutik noiz jaitsiko diren. Batzuek azkar egin dute beheranzko bidea, azkarregi akaso, baina ezin jakin beste batzuk zenbat denboraz egongo diren hor. Makina bat ikusi ditugu gaitasun politiko gutxiagorekin herriko alkate ala nonbaiteko presidente izan direnak urteetan zehar.

Nire inguruko entziklopedian aspaldi jartzen du edozein tontori txapela bat eman eta segituan sentituko dela inportante; bada, aldatu txapela piper-poto koloredun traputzar batekin, eta hortxe duzue erantzuna.