erriz dago gure artean. Berriz hasi dira kaleetan barna txapa zuriak bularrean zintzilik eramaten. Berriz belarriak eta ahoak piztu dira, zabaldu dira, prestatu dira erronkarako. Berriz ahoratuko dugu intentsitate handiagoz gure hizkuntza, eta egun gutxitan bada ere (eguneroko errituala, asmoa, desioa, gogoa, beharra, eta artefaktua izan beharko litzateke), milaka eta milaka hiztun, euskara maitatzen dutenak, euskararekin zoraturik daudenak, egunerokoan normaltasun osoz erabiltzen dutenak, lagunartean hizkuntza zaharra bultza-tzen dutenak, tabernetan, saltokietan lehen hitza euskaraz egiten dutenak... horiek guztiak Euskaraldian murgildurik izango dira, euskaraz toki eta modu guztietan aritzeko xedez, euskara baita gure hizkuntza.

Ohiturak aldatzea da kontua, euskarazko sare berriak sortzea eta hedatzea, eta hizkuntza-ohiturak aldatzeko engranaje eta motor ezin hobea duzue Euskaraldia. Baten batekin beti gaztelaniaz egiten baduzue, bada, egun hauek aldaketa berri baten ataria izan daitezke, etorkizunean inolako problemarik gabe euskaraz aritu ahal izateko.

Milaka zalek eman dute izena Euskaraldiaren plataforman, euskararen alde mihia dantza xelebrean jartzeko, izan ere, euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egin behar baita.

Eta horixe egin dute, esperimenta gisan, Euskal Herriko bederatzi gaztek. Horiek Gaztealdia burutu dute, gazte orok ere euskararekiko konpromisoa har dezaten. Gazteak bazter askotakoak izan dira (Iruñea, Sodupe, Bilbo Zornotza, Plentzia, Lasarte-Oria, Donibane Lohitzune, Tutera eta Urepele) eta astebetez euskara hutsean bizitzeko erabakia hartu dute, euskara toki orotan erabiltzeko helburua baitzuen ekimen horrek.

Askok komentatu dutenaren arabera zaila da euskara hutsean bizitzea, oztopo asko baitaude beste hiztunekin, baina egia ere bada beste asko euskaraz egitera animatu dituztela. Oztopoak egonda ere motibazioa ez da falta izan, eta oso ariketa ederra izan da beste gazte askoren kontzientziak pizteko. Euskara ez baita hipotesia, ez eta Euskaraldia ere. Berriz dago gure artean, eta zuek zarete ahoak eta belarriak prest dituzuenak.