oberto Uriarte Podemos-Ahal duguko diputatuak Amorratzearen Kontrako Taldea sortu du Espainiako Kongresoan. Berez "grupo anticrispación" du izentzat, eta Ibon Sarasolaren Zehazki hiztegia kontsultatuta, amorratze hitza aukeratzea erabaki dut lehengo aukera, ozpintzea, baztertu ondoren. Hartara, Uriartek sortutako diputatu talde horrek "harmonia izpiritua" bultzatu nahi du parlamentarien artean, eta horretarako Gabonak zoriontzeko bideoa grabatu zuten. Bideoa egiteko, nonbait, parlamentari bakoitzak aipu bat irakurri eta kongresuaren harmonia azpimarratu eta zorionak eman behar zituen. Halaxe egiten du Uriartek berak Volterri egozten zaion aipua irakurrita: "Ez nator bat zure iri-tziarekin baina prest nago bizia emateko azaltzeko eskubidea izan dezazun". Bideo hori izan da AKT-k egin izan duen ekimen bakarra jada ez baita talderik,Voxekoek eta PPkoek alde egin dute.

Naifagatik eman zidan arreta berriak. Naifagatik eta hutsalagatik, izan ere, parlamentariei garrantzitsua irudituko zaie haien artean hitz gordinak ez erabiltzea baina hiritarron bizimoduetan, zer esango dizuet, hutsaren hurrengoa da. Berandu dator gainera. Fernandoren egia da Espektakuluaren Gizartean bizi garela aitatzea hala nola politikagintza gizartearen ispilu den neurrian bi aldiz dela ikuskizun azpimarratzea, eta neurri horretan ez letorkeela ongi Uriartek proposatu nahi digun espektakulu neurritsu, zuhur eta gizalegetsuarekin. Parlamentariak Erromako gladiadore bilakatu dira aspaldi, eta halaxe portatzea espero dugu. Ikuskizunak denok degradatzen gaitu, bai, baina ekimenean sinesteak ontasunaz harantza gutxi erakusten du.

Badakit zinikoa naizela baina gauden honetan niri gustatu egiten zait parlamentariak elkar amorraturik ikustea, eta amorrazio horrek adimena eta mihia zorroztea, eta gordin eta lodi ari-tzea. Erridikulua egiten zaizkit horrelako plenoen ondoren kazetarien espantuak. Ilustrazioa bukatu da, politika espektakulu da, eta boterea ez datza parlamentuetan baizik eta Ibex 35ean. Dena dela, zorte ona opa nahi diot Uriarte jaunari bere ekimenean. Benetan diot.