eb-ak munduko potentzia eta herrialde handiago egiteko borondatez etorri zen orrazkera bereziko Trump sasi-politikoa. Egokitu zaion legealdian deskalabruz deskalabru ibili da, jendaila beten amets ilunak puztuz. Baina bere garaia, zorionez, amaitu da, finitu da, eta Donald Trump ez da berriro AEBetako presidentea izango. Hala biz.

Heldu zenetik, ideia zoroak eta eginkizun eta erabaki zorabiagarriak hartu izan ditu, beti ere munduaren garapenaren logikaren kontrakoak. Bera pertsona xelebrea izan da, eta ondorioz, xelebrekeria onartezinak baino ez ditu bultzatu, askotan ere hurkoarekiko mespretxua erakutsiz. Eta ibilbide politikoaren amaieran bere herrialdea hondoratzen ari den pandemiaren kontrako neurri eraginkorrak asmatu eta ezartzeko ere ez da gai izan. Politiko traketsa eta baldarra izan da, edonorrekin errespetu gutxi eta besteen gainetik begiratzeko joera lotsagarria erakutsi duena, larderiatzailea. Horretaz guztiaz gain, herrialde horretako faxistak, arrazistak, biolento supremazistak eta xenofoboak lausengatzen eta hauspotzen ibili da aho txikiz, benetan egiten ari zenaz mundua jabetuko ez balitz bezala.

Jarrera horretatik sortu zen duela aste batzuk populuaren sektore degeneratu batengandik Kapitolioa hartzeko ahalegina. Trump baboaren azken ahalegina izan zen bere porrota ez onartzeko. Baina akabo da, Trumpismoa desagerrarazteko tenorea heldu da.

Ikusi beharko dugu datozen hilabeteetan nola garatzen den herrialde horretako izpiritu berria, eskuartean gai oso garrantzikoak baititu, eta beste herrialde askorekin harreman berriak ezarri beharko ditu Joe Biden presidenteak. Beste aldetik, ondo legoke impeachment edo zigor politikoren bat ezartzea irtengo den tupe itsusiaren jabeari, inolako aginterik berriro eskura ez dezan.

Eta zigorraz ari garela, ez gara gai horretaz mintzatzeko oso urrun joan behar. Espainia berriz gelditu da lotsagorriturik, Estrasburgok tortura kasu bat behar bezala ez ikertzeagatik zigortu baitu. Torturak ez dira Espainian ikertzen, milaka kasu salatu badira ere. Izpiritu berriak eta benetako demokrazia nekez ikusten dira toki askotan.