Zirrikituetatik begira

Tortura berriro ere

21.07.2021 | 00:35
Tortura berriro ere

Ez da astebete pasa eta jadanik ahaztuta daude Saioa Agirrek eta Naia Zuriarrainek Auzitegi Nazionalean 13/13 sumarioko epaiketan egindako adierazpen izugarriak. Torturak. Zutabegileak ez daki oso ondo aste honetan zentzurik duen pasa den astekoaz idazteak, gaurkotasuna gero eta gehiago esku-ahurrean gorde nahi den hondar xehea bezalakoa baita, eskua ireki eta ia-ia ez da ezer gelditzen bertan. Egia da, bestalde, pasa den astean adierazpen izugarri horiek ez zirela hedabide guztietan agertu, edo orrialde edo leku diskretu baterako gorde zirela. Zalaparta handirik ere ez zen sortu, ohiko esparruetatik kanpo, eta bi emakumeek pairatu zituzten tratu txarrak, gehienak osagai sexuala zutenak, ez omen ziren nahikoak izan "nik sinesten dizut" kanpaina bat abian jartzeko. Argi dago afera hauetan ere klaseak daudela.

Nik urduri eta oso deseroso entzun nituen Saio Agirreren eta Naia Zuriarrainen hitz lazgarriak, agian horrelakoetan beti irudikatzen dudalako nire burua egoera berberean duintasun guztia erabat galduta, beldurtuta eta lehen belarrondokoarekin batera dakidanak eta ez dakidanak aitortzen. Bi emakumeek berritu dute negar-zotinetan, kasurik egingo ez dieten epaileen aurrean, jasan zutena, sufrimendua, beldurra, barruan gelditu zaien zauria, bizitza bitan banatu zioten une hura. Torturatuak abokatuak dira, bezeroen defentsa egin behar dutenak, hain zuzen, ahaztu ezin den xehetasun bat. 13/13 xehetasunez beterik dago.

Ez da berria. Ez da lehen aldia. Salaketak egon dira. Salaketa horiek kontuan hartu ez dituzten epaileak ere egon dira. Eta helegiteak. Eta torturari buruzko txostenak. Eta Europako epaitegiak. Espainiako epaileak kondenatu dituzte salaketak kontuan ez hartzeagatik, tortura kasuak ez iker-tzeagatik. Berdin dio. Epailea ministro izatera iritsi da: Marlaska.

Ez da berria. Ez da lehen aldia. Eta pentsatu nahi dugu hau azken aldia izango dela gutxienez, baina zalantza da ziurtasun bakarra. Zalantza eta, astebetea pasa arren, barruan gelditu den beldur urduri eta deseroso hori.

Más información

noticias de noticiasdenavarra