Zirrikituetatik begira

Aldaketak

07.08.2021 | 02:05
Aldaketak

Dna aldatzen da. Etenik gabe doa dena aldatuz. Eta hori ahalik eta azkarren ikastea ezinbestekoa da mundu honetan bizirik irauteko. Horrela esan zidan tabernariak, barraren parean dagoen leihotik urrunera begira. Batzuetan filosofiko jartzen da. Begira, esan zidan, duela urte batzuk baso bete ur eskatzera gertura- tzen ziren barrara umeak; orain, aldiz, wifiaren klabea eskatzen dute. Dena aldatuz doa, ez dago zalantzarik, erantzun nion, garagardoari tragoa eman aurretik.

Denak beti berdin jarraituko duela pentsa-tzea da agian gure porrot gehienen arrazoia. Berdin gure harremanetan, gure etorkizunerako proiektuetan, zein gure plan eta asmo ezberdinetan. Ahaztu egiten dugu zapaltzen dugun lurra etengabe mugitzen ari dela, belaunaldi ezberdinek behar ezberdinak dituztela, gutariko bakoitza ere aldatuz doala, eta gizartea guztiz aldakorra dela, garai bakoitzak, leku bakoitzak une bakoitzak te-stuinguru berri eta ezberdin bat eskaintzen digula.

Horregatik ezin da egun gertatzen den zerbait epaitu, adibidez, iraganeko pentsamenduarekin, eta ezin da asmatu edozein proiektutan egungo errealitateari atentzioz begiratu gabe eta aurreiritziak alde batera utzi gabe.

Hau enpresa pribatu handiek ondo ikasi dute eta horregatik daude beti adi, gure datuen atzetik, gure behar eta nahiak zelatatzen, behar berriak sortarazteko. Inguru estatiko batean bizi garela pentsatzeak porrotera eraman ditu pertsona, erakunde eta enpresa askoren proiektuak. Atzoko formulak gaur ere balio duela pentsatzen dugu askotan, baina egunero leihotik kanpora begiratu beharra dago edozein erabaki hartu aurretik. Gure mundua egunero ezberdina delako.

Tabernariak gaineratu zuen: animaliak, adibidez, ze espeziek iraun dute gaur arte? Munduaren aldaketetara egokitu direnak. Beste guztiak desagertu dira. Arrazoi duela esan diot berriz ere tabernariari, eta, mesedez, badaezpada, beste kaña bat eskatu diot. Nork daki, agian bihar ez dugu aukerarik izango eta. Egin dezagun topa, esan diot, eta biok geratu gara leihora begira. Etorkizunak zer ekarriko digun asmatu nahian bezala.

Más información

noticias de noticiasdenavarra