lasgowko COP26ko makrobilera bidean da. COP ingeleseko Conference of Parties delakoaren akronimoa da. Aurtengo biltzar horren 26. edizioa da eta ia 200 estaturi deitu zaie parte hartzeko.

Topaketa nagusi horretan hainbat gai lantzen ari dira, eta guztien artean mendearen erdialderako Lurraren berotzea 1,5 gradu ez gainditzea dago. Berotze globalari buruzko kezka larria da, eta gezurra badirudi ere, gora doan gradu bakar batek sekulako kaltea sor lezake globoan. Batzuk horretaz jabetu dira, beste batzuk oraindik ez, eta ez entzunarena egiten ari dira.

Badirudi konpromiso ausartago batzuk sortuko direla hortik, baina ezkortasun punttu bat ere atzemateen da herrialde boteretsuen zalantzazko erabakiekin. Nekez sinestu ahal dugu kaletarrok zerbait onuragarri egin dezaketenik eurak amets horretan sinesten ez badute. Adibidez, Glasgowko batzar handi horretara joateko, munduko herrialde askotako ministrok, presidentek eta abarrek makina bat jets pribatu erabili dituzte. Horren kontrako keinu eder bat egin zezaketen, eta beste modu batean bertaratu, ezta?

Guztiok dakigu ezinbestekoa dela premiazko neurriak hartzea, erabaki eta beste bide eraldatzaile batzuk onartzea, eta sinatzen diren konpromisoak benetan betetzea. Baina guztiok ere badakigu mundu faltsu honetan diruak agintzen duela, eta irabaziek handikien poltsikoak ondo berotzen dituztela.

Egunotan metano gasen isurketaz ari dira, bai eta habitat natural eta baso ederrak salbatzeko eta babesteko proposamenez. 2030erako deforestazioa gelditu nahi dute, baina urte horietan guztietan zenbat baso desagerraraziko dira? Parisko Akordioak ezarritako helburuak betearazteko deialdia ere egingo da, horri nazio askok muzin egin baitiote.

Bitartean bereak eta bost esan dituzte partaide batzuek. "Gure hilobiak egiten ari gara!" Nazio Batuen Erakundeko Antonio Guterres ordezkari nagusiak esan zuen, eta ez zaio arrazoirik falta. Agian horiek bezalako mehatxuak eta egia berdaderoak azalduko beharko lirateke mandatari axolagabeen muturren aurrean, arazo globala benetan zertan den ohartarazteko.