z dut uste azken espioitza kasuek ondorio larririk izango dutenik Espainiako Erresuma guztiz eta osotoro demokratikoan. Agian, ikerketak Europako erakunderen batera iristen badira, ondorioren bat ikusi ahal izango dugu etorkizun lauso batean, dagoeneko beste espioitza eskandalu batean sartuta ibiliko garenean. Espainiako gobernuak agindutako batzordeek eta barne ikerketek afera apur bat, zertxobait, garbitzeko balio izango dute eta kito. Bien bitartean espioitzak bere horretan segituko du Pegasus, Rocinante, Troiakoa edo beste zaldi batekin; asmatuko dute zerbait berriago eta eraginkorrago Israelen, Estatu Batuetan edo Saudi Arabian.

Espioitza jasan dutenez gain, ez dute uste beste inor benetan interesatuta egongo denik Catalangate horren ingurukoak argitzeko. Estatu arrazoiari berdin zaio espioitza legezkoa izan den ala ez, itxurak egitearekin nahikoa da, azken finean zelatatuak ez dira fida-tzekoak. Eta ez du uste guztia deep state horren errua denik, susmoa dut, estatu sakonik gabe, estatu begi-bistakoaren-tzat ere independentziaren aldeko politikari katalan eta ez-katalan horiek guztiak zelatatzea betebeharra dela, lege barruan edo legetik kanpo, berdin dio. Kontua da orain harrapatu dutela, harrapatu ez duten aldi guztiengatik ordaindu beharreko fakturatxoa; estatuari ez zaio beti dena ondo ateratzen.

Hedabide gehienetan eskandalua ez da oso eskandaluzkoa izan: batzuek ongietorria eman diote ikusi dutelako hor gobernua ahultzeko aukera, beste ba-tzuek protesta are ahulagoak egin dituzte intimitate-eskubidearen eta demokraziaren izenean, eta askok pentsatzen dute politikari katalanek, eta katalanek oro har, hori eta gehiago merezi dutela.

Azken finean, gobernuak, estatuaren zerbitzari leialak, dena lege barruan egin dela aldarrikatuz, espioitza aitortu du. Margarita Robles ministroak argi hitz egin zuen. Beharbada uste dute, horren txintxo jokatuz, libre ibiliko direla oposizioan (inkestek diote) egongo direnean, baina beraiek izango dira zelatatuak gutxi barru. Estatuak ez du barkatzen.