Zirrikituetatik begira

Aldaketak

12.05.2022 | 01:23
Aldaketak

Bzitza luzea da. Batzuetan. Luzamendu horretan erritual berezia gordetzen duten gauzez jabetu egiten zara. Kategorikoki baieztatzen duzu gauzak ez direla asko aldatzen. Baina diodan moduan, bizitza luzea da eta tarte bital horretan denbora arinegi iragaitzen da, eta bat batean, ohartu gabe gertatu diren aldaketa ñimiñoak definitzeko unea heldu dela pentsatzen duzu.

Urtaroen klimatologiarekin gertatzen da askotan, ezta? Gure aiton-amonek aski errepikaturik izaten zuten esaldi hori guztion gomutan dago: "lehen, bai, lehen sekulako elurtzak izaten ziren!". Zeuk, urteak joan eta urteak etorri, balizko zahardadean murgiltzen hasia egon zaitezke, eta besterik gabe, baiezta dezakezu harridurazko esaldia. "Bai, nik txikitan ikusi egiten nituen, baina gaur egun...."

Eta hala da, urtaroak aldatzen ari dira, eta gure begiak trantze hori ikusten ari dira. Ni mendizale naizen aldetik ere konprobatu dut aldaketa hori, mendirik altuenetan bai bederen. Bi sasoi izaten dira Himalaian mendietara saioak egiteko, montzoiaren aurretik eta montzoiaren ostean. Kontua da orain elurtzak sarriagotan agertzen direla lehen egokienak ziren hilabeteetan, eta horrexegatik mendi batzuetara joateko hilea aldatu egin da.

Eta euriteei buruz mintzatzen hasiz gero? Anoraka armairuan dago aspalditik erabili barik. Lehorteak munduko zenbait herrialdetan kaosa eta gosetea sortzen ditu urtero. Afrikako lurralde anitzetan gertatzen da hori, eta urtero izaten da azken hamarkadako lehorterik suntsigarriena. Afrikan, dagoeneko esan daiteke, ez dela euri sasoirik existitzen.

Hemen ere gauzak kanbiatzen ari dira. Zuen begiek ikusten dute nireek bezala neguak gero eta laburragoak direla, eta tenperatura kiskalgarriak uda baino askoz ere lehenago hedatzen direla. Berotze globalak eragin zuzena dauka tenperaturetan, eta ondorioz, urtaroak ez dira betierekoak izango.

Ikerketa kuriosoak ere egon dira, eta horietariko batek ondorioztatu du txoriek lehenago egiten dituztela habia eta arraultza errun. Animalien bizi-zikloa eta bizimodua aldatzen ari da. Aldaketa txarrerako izango ote?

Más información

noticias de noticiasdenavarra