Indar-festa

09.02.2020 | 00:42

Urteen zamaz azpiratuta, gainezka eginda. Mende erdi bat baino gehiago bizkarreratuta. Sosegu hobean, ezpain-mokoan ditudan hitz xalo hauek banan-banan apalki aletuz barrua hustu nahi dut zure altzoan. Zenbat aldiz ez ote ditudan ausnarrean erabili gogoeta gozakaitz hauek. Idazkera zorrotz eta haginkorra dudala aitortu behar badut ere ezin naiz ixilik gelditu.

Zangoza-Sangüesan bizi, bixi edo iraun arren, jaiotzez ataundarra izanik neure haurtzaroa eta gaztaroa han egin bainituen... Dantza nahasi bat dabilt irudimenean, iraganarekin topo egiten dudalarik. Geure biraitona zenak, Santi Segurola Katran goitizenez ezaguna Atzerrekako Errazti-Baso baserrikoa. Eliza bete gizon, ogi-puska bat ardozopatan eta aizkolari trebea, iaioa. Gerraostean Azpeitin kokatzen gara. Hori bai, indar-erakustaldia hori! Adinez aurrera izanarren, 64 urte bait zituen eta desafio bat tarteko (eta dirua bere kontra izanik), aizkora-jolasean, gazte adore-tsu baten aurka aurrez aurre eta, kontrako eztarritik joan zekiokeelarik, erronka bere egin zuen. Ordu onean, hankezurrak jaso zezakeen guztia hurbildu zen bertara. Buru mordoxka enparantza-ra begira. Begiratu zioten elkarri hitzerdika batzuk esan bitartean. Beldurrez elkarri zor zioten begirunean. En-tzun zituzten sasijakintsuen azkenengo esanak eta heldu zen garaia. Patxada onean, plaza gizonei zegokien antzera Kendu zituzten oinetakoak, txu egin eskuetan eta hartu zuen bakoitzak bere aizkora, jarri ziren tente enbor gainean, beren lan ikusgarria hasteko aginduaren zain. Bihotzak taupadaka zerabilten. Eta bat batean, ixilune bortitza nagusitu zen azoka-zelaian.

Halako batean sartu zituzten beren aizkorak zuhaitz lodien bihotzetaraino eta trumoi luze baten antzeko alarau luze bat entzun zen eztarriak eten beharrean oihuka. Hortzak estutuaz , ezpainak okertuaz, buruari eraginez, ziñuka, keiñuka, inkezaka, ieupadaka, ahalegin guztiak egiten zituzten aizkoradunak laguntzen. Bi aizkolariak bizkor, gogor eta zuzen kanako zuhaitz-gerria jotzen zuten behar zen tokian, alderdi batera eta bestera, ezpal zati handiak boteaz, dinbi eta danba, arnaska, batak besteari aurre hartu ezinda. Makilatxo batez katigatuta gelditzen ziren ezpal zatiak kenduz, izugarri bizkor. Algara eta zalaparta plazan txito nagusituz barre iseka eta maxio artian:

-Jo gogotik!

-Uuutikan!

-Egundaiño halakorik, azala behar dik!

-Ebaki! Eutsi!

-Arraioak ez bahaituk!

-Bejondeizuela

-A ze eskaparea!

Arnasa estu, puzka, matrailak gorrituta, pitsa dariela. Amaitu behar zuen jokuak. Aizkolariak zeharka begiratu zioten elkarri! Aiene! Sosa ezezik beren izen haundia koloka... Azken txanpan ekin zioten are gogorrago, biziago, ezin etsi, ezker-eskuin, bainan kolpe batez ebaki zezakeen enborrari adabegi bihurri bat sortu zitzaion ordea, arnasa hartu, ur -txarrastara bat txurrut egin eta gasna pittin bat txastau ta aurrera... eman eta eman. Amaitzean, arnasa gaiztotzen hasiak, urratu ziren elkarren begiruneko lokarriak eta leher egin zuten Santi Segurolak ez zuen alde haundiz irabazi, ozta-ozta baizik, inguratu zi-tzaizkion beretarrak, gainetik gelditzen denak beti du lagun ugari. Menderatu zuen orduko eta azpian hartu galtzaileen AURPEGI guztiak nahiagabe soiñekoa jantzi zuten. Bilin-bolo, egun batean galdu eta bestean irabazi . Bat batean, txalo zaparradaren burrundaiek azoka edo dema osoan eztanda egin zuen. Horratx. gau eta egun, etengabe zirika ari zaidan gogoeta samingarria eta ez noa gehiago honekin hautsa harrotzera. Hemen dabil BILDU Kataluinako tren edo bultzi berberari tiraka egin nahian:

Arkaitz Rodríguez zakarra, minbera eta gozakaitza. Ziraunkume makurra, eskarmentu gutxikoa, zaildu gabea hago oraindik,... seta gaiztoa hire baitan, ozpinkeria, garrazkeria, kirtenkeria eta beltzkeria nagusi. Aurpegi kolore maxkarra. eta galdua, bizinahi motela eta begiratu tristea... Argalari omenaldia? Ahuntzak larrera bezala gure mutilak ttirriki- ttarraka lehengo bidera jo ohi du. Barruak darion kiratsa ezin estali. Bakoitzak bere gose eta egarriak ditu bihotzean. Bai tristea dela ahozpezturik, biziaren itzali beharra banderatzat hartuz, erahilketaren goraipemen egitea. Gau ilun eta gordin haietan zorigaitzaren behazunak izate guztia samindu zidan, bere atzapar mingarrietan estutu eta lehertu arte. Begirada, arimaren ispilua omen da. Begiradan halako iluntasuna somatzen diat, arima herratu baten iduri. Arima petraldu egin zaik. Begirada hutsean gizonezkoen egarria ezaguna zaio edota antzematen zaio. Heurea ez duk begirada garbia. Ez parekatu zeuen burua Mahatma Gandhi, Martin Luther edo Soldaduskaren aurkako insumisoekin. Zuen jokamoldea oraindikan asko urruntzen baita eredu horiengandik. Joan Tardá gauza bat esaten eta Arkaitz Rodríguez beste bat egiten. Hire LUR-zola etikoa ez dek egonkorra. Zeuen eraldaketa estrategia hutsa ote den beldur nauk!

Arestian esan dudan antzera, aizkolari-jarriak enbor lodiko arbola adartsu batez egin ohi duena, hain zuzen ere. orpotik ekinda, (zuhaitz astuna gainean eror ez dakion eta azpian har ez dezan beronek), adarretatik has eta hauek iñausi dituenean, beti ere aizkorakada neurtuaz enborra jo. Orpotik aizkoraz jotako tantaia luze-luze ziplo erori ohi den legez, modu berean zuei gerta dagizueke.

Arnaldo Otegi mihizto luzea, azala aldakorra, irudimen beroa, prediku handiputz eta losintxagabea... Azioa egin duenaren ume-sostor pikaro baten antzera farre-axal baten antxa ezpaineratuz. Komeriante erretxina. Itxointzak apats eginda! Buruestalki beltza jarrita ibiltzen hintzen garaiko kontuak... Zoritxarrez, Yoyesi ez zitzaion bestelako aukerarik eman eta beste askori ezta ere! Tenore haietan, HB ETAen uztarpean zegoenean ia 1.000 hildako tontortu eta Euskalherria neurrigabeko odol-zelai kirastuan bihurtu zenuten. Sufrikario, malko eta odolezko tripa-jai beltza hezur-haragitu eta mendekuan gozamenik haundiena bilatu ostean... Den-dena gauaren beltzak eraman ote du? Ez dezazuela uste izan ustekabeko erauntsiak garbitu behar dituenik bazterrak, den-dena ahazteko. Arnaldo, guztion hobebeharrez, hobe huke Maddalen Iriarteri lekukoa emango bahio. Eure gose asegaitzak eraginik bazirudien zeru-lurrak oro irentsi behar hituela, bainan... Agintea, heuk preziaturiko pitxia, ia 40 urte kukututa agintea eskuratu nehiean eta ezin! Burua zentzatu beharra daukagu eta bere senera ekarri. Politikan bizitzan bezalaxe ikurhitza xarmatu, erakarri edota seduzitzean datza, bainan ondorio honetara iristeko urteak esku artetik lasterka joan zaizkigu, urte-sorta ederra lerratu zaigu maña artean.

Deabruaren adarreko, goiko eta behekoei erruki gabe larrua kentzen henbillena lagunhurkoa larrutuz haragi bizian utzi arte. Hik heuk taxututako irain makurrak gizonik haundienen izen eta entzutea hutsera ekar-tzeko intentzioarekin, Begibistan, bildots otzanaren jantziz agertu ohi diren horietakoa (bakezale usainean), arte-arte dagigun, etsaiaren hagin-haginetan sartu eta, otsoaren hozka bizkarretik oharkabean ez badiagu jasan nahi behintzat negar-erostaka bukatzeko. Zuek danok (hi tartean) gure aitaren etxea osin-zulo bihurtu duzue. Gainera, ikiarrie dana (ikaragarria)ez dutela oker eginaren minik sentitzen. Oso bestela, Uxue eta Urkulluri nere esker ona gatazkaren erdian bitartekari-lanak gauzatzeagatik, gizabidezko harrera abegikorra esku-hutsik datozen atzerritarrei eskain-tzeagatik eta, giza-eskubideen aldarrikapena jomuga, agintaritza makilla izanik herrigin-tzan buru-belarri diharduzuelako. Gure etorkizuna zuen eskutik zintzilik datza.