Síguenos en redes sociales:

La carta del día

Iruñaren geroa egun ereiten dugu

Iruñaren geroa egun ereiten duguCedidas

Beloso aldapako auzokideak desagertu dira. Itzala eta freskura eskaintzen zizkiguten zuhaitz eder horiek oinez edo txirringaz igotzen edo jaisten ginenoi. Bakarrik joan arren lagundurik sentiarazten ziguten. Faltan botatzen ditugu. Zailagoa eta neketsuagoa da bidea orain. Hutsune erraldoi bat agertu da Beloson grisak berdea jan ondoren.

Kotxez igarotzen direnek ere zuhaitzen eskaintza isila jasotzen zuten. Isurtzen duten CO2a adaska berdedunek xurgatzen zuten oxigenoa botatzeko, sustraiak porlan azpian estutuak egon arren.. Ez da harritzekoa baldintza horietan batzuk gaixo egotea. Hala ere, aire zikina garbitzen jarraitzen zuten berdin berdin.. Pozoina bizigarria egiten zuten fotosintesiaren poderioz, jainko lurtarrak balira bezala.

Eta ikusgai egon ez arren beste hainbeste lagun bizi ziren adasken eta hostoen babespean. Zuhaitz bakoitza hamaika espezie landare, liken, goroldio, xomorro, eta hegaztien bizitoki oparoa eta atsegina da. Bere ondoan igarotzean entzuten genituen txorrotxioek hori frogatzen zuten. Zuhaitzen mozketarekin batera izaki horietako asko ere hil dira. Beste batzuek, urtxintzek kasu, etxe desjabetza pairatu dute.

Ehundaka zuhaitz eraitsi dituzte aldapan eta taludean bidegorri bat egiteko. Sinatzaile gehienok, oinezko eta txirrindulariak garen heinean, ez dugu ulertzen mozketa erraldoia bidegorri bat egiteko. Eta ozenki esaten dugu: Ez gure izenean! Oinak eta bizikleta garraiobide aukeratzen ditugunok gure osasunaren eta guzton bizitza kalitatearen alde egiten dugu. Esan gabe doa zuhaitz mozketa kontrako norabidean doala.

Bidegorriek, orokorrean, txirrindulari kopurua handitzen laguntzen dutela uste dugu. Kotxeen artean pedalari ematea ez da xamurra eta bide ziurrek zahurgarritasuna arintzen dute. Baina itzalik gabeko bidegorria ez da hain erakargarria izango eguzkiak jotzen eta bero jasanezina egiten duenean. Eta lehen oinez joango zirenek agian orain bi aldiz pentsatuko dute.

Zuhaitzak moztu dituzte trafiko maila bera mantentzeko. Kasu honetan, hainbatetan bezalaxe, zuhaitzak ez ezik bizi kalitatea, hirigintza diseinu onuragarria eta abar luze bat sakrifikatzen dute kotxe pribatuaren mesedean. Eta are larriagoa dena, kotxeentzako espazioa ez murrizteagatik, porlana, kutsadura eta gastoa ekarriko duen “boladizoa” eraiki nahi dute.

Kotxeari hirian ematen zaion nagusitasuna dago afera honen oinarrian. Ibilgailuek okupatzen duten espazioa publikoa beharko litzateke izan, guztiona alegia.. Baina pribatua bihurtzen da kotxe pribatuari ematen zaion neurrian. Joera hau irauli beharko genuke etorkizun atseginago bat nahi badugu Bidegorriek zentzu gehiago dute bizikletek kotxeak ordezkatzen badituzte.

Desagertarazi dituzten zuhaitzak, landaretza eta animaliak Iruindar guztion ondaretzat jotzen ditugu. Horregatik arbuiatzen dugu euren desagerpena. Lurraren eta bizitzaren alde egiten dugulako. Onuradunak izan gara gaur egungo biztanleok iraganean zuhaitzak landatu zituztenei esker. Atzo egindakoak orainaldia baldintzatu digu. Era berean, gure gaurko ekintzek ere etorkizuna egituratuko dute neurri handi batean.

Hirian ditugun naturguneak guztion altxorrak dira. Gaur egun osasun iturria eta bioaniztasunaren gordelekuak direnak biziraupenerako ezinbestekoak izango dira etorkizunean egingo duen beroarekin. Zaindu behar ditugu. Naturgune berriak zabaldu, elkarren artean lotu, hedatu eta daudenak mantendu eta hobetu. Datozen belaunaldietan ere pentsatu behar dugulako.

Belosokoa ez da eraso bakarra izan. Beste zuhaitz mozketa batzuk egon dira Iruñean eta guztiak dira arbuiagarriak. Kapitalismoan lurrari ez zaio ematen berezko balorea. Landa lur eremuak birkalifikatzen dira etxeak eraiki ahal izateko. Eraikuntza planak pagotxa dira enpresa eraikitzaileentzako. Duela gutxi Sustrai Erakuntzak salatu duen bezala, Etxabakoitzeko PSISari ere espekulazioaren kiratsa dario.

Gurea egiten dugu “Bizitza erdigunean” lelo feminista. Gutako batzuk Bilduri ematen diogu bozka Bilduk herritarron eskubideak defendatzen dituelakoan gaudelako. Horrexegatik galdegiten diogu Udalari zuhaitz gehiago ez mozteko. eta lur emankor gehiago ez zementatzeko Batu gaitezen erakundeak eta herri mugimenduak lurra defendatzeko eta empresa eraikitzaileek duten boterearekin amaitzeko. Iruñarako etorkizun atsegina nahi dugulako.

Por Beatriz Arana Ortiz (AHT Geldituko kidea), Maria Jesus Ruiz Barbarin (Ekologistak Martxaneko kidea), Julia Itoiz Jimenez, Julio Villanueva Villanueva (AHTGeldituko kidea), Pello Lusarreta Eguaras, Xabier Idoate Ecai, Koldo Ansa Ezeiza, Hilario Manzanedo Gabilondo