“Bakardadean arinago helduko naiz, baina lagunduta, urrunago”. Hori izan zen Ibai Uribek egin asmo zuen ibilaldi infinitoaren probokazioa eta gonbita. Berak bazekien bere buruari botatako erronka ez zela mikaren azken umea, inondik ere. 9.000 metroko desnibela eta 25 igo-jeitsialdi Mandubiraino Beasaindik. Hori guztia 14 ordu baino gutxiagoan, goizeko 5etan hasita eta arratsaldeko 7etarako amaitu.

Arin egin behar eta, ondoan gurpil kideak izanda, urrun ailega zitekeen. Baita ondo ailegatu ere. Izan ere, lehen garaipena elkartasuna izan da: momentu oro lagunduta joan da, beste bizikletadun batzuekin batera. Kontuak kontu, Ibaik sekulako egitandia mamitu zuen astelehenean, hilak 14. Hamalau, zenbakiaren maldizioa garaitu behar zuen, gailendu nahi zuen. Ibairen indarrari gehitu barruko kemena; erantsi ilusioa eta adorea; gainera, jarri martxan aita eta amari egin nahi zien besarkada estua; azkenik, bertan bildu ginenon animoak eta txaloak. Emaitza: 45 minutu lehenago heldu zen helburura, helmugara, arrakastara, gorenera…

Ibairi, 13 urteko mutiko koskortxoa zela, hil zioten aita lau euskaldunek. Uda zen, uztailak 14. Mikel, aita, Leaburura abiatu zen koadrilakoekin ohiko afaria egitera. Gaztetxoa, berriz, amaren familiakoekin zegoen Nafarroan. Halako batean telefonoak jo. Ibaik bihozkada gaiztoa izan zuen. Bazekien aitari zeozer malapartatua egina ziotela, ziur. Egun batzuk lehenago “Uribe akatu” irakurri zuen baseliza bateko horman, hor, marra makabroez hornitutako inperatiboa. Eta urte pare bat lehenago, etxean zeudela, eraso egin zieten koktel molotov batekin, inpunitate osoz, ikara betez. Ibaik, oraingoan, barrunbeak dantzan zituen ez ote zioten aitari gaiztakeriarik egin izana. Izan ere, urte bat lehenago herkide eta lagun zuen Juanmari Jauregi tirokatu eta “akatu” egin zuten lau euskaldunek. Ondoren jakin genuen ETAko komando berak erail zituela biak.

Susmo txarra bete egin zen. Harrezkero, maskara eraiki eta jantzi egin zuen Ibaik; maskara horren beste aldean bizi izan da. Inguruko ospakizunetan, kontzertuetan, gaztetxeko errondetan, jaietan… ibili da bere lagun-taldearekin eta beste hainbatekin. Maskara horrek lagundu dio entzuten zituen ETAren aldeko oihuak eta “zipaio”en aurkako irainak iragazten, ez entzunarena, ez ikusiarena, ez esanarena egiten. Gorrototik libratu omen du maskarak gaztea. Baina kito egin nahi izan du Ibaik. Bere hitzetan, “heldu da garaia maskararik gabe bizi nahi dudana. Bizitza berdina eginez, lagun eta adiskide berberekin, leku berean, baina zamarik gabe. Aske bizitzeko eta aske maitatzeko, naizen modura eta ahal dela beti burua tente”.

Mandubiko Benta. Hor bildu gara hainbat. Askotxo elkar ezagunak. Hogeita bosgarren igoerarekin batera, txalo zaparrada; Ibaik gora bota du eskumako besoa, garaipena lortuta. Txirrindula utzi, lauzpabost minutu agurtzen eta zoriontzen dugun bitartean txaloen hotsa ez da gelditzen; emozioa nagusi, tristura jaisten ari da maldan behera, Mandubitik aldapan behera, gure artean besarkadak garaitzen ari diren bitartean. Eskusoinua hasi da eta Irati Goikoetxeak jantzi du giroa bere poesiaren margoekin: “Denborari peldakadaka itotzen zaio arnasa, eta bakardadeak mailota behar du, besarkada, horia, morea, berdea, gorria, arrosa. Besarkada behar du bakardadeak, arnasa denborak, beroa zauriak minean”.

Bertso eder askoak bota ditu Ekaitz Goikoetxeak bihotzetik eta trebeziatik ekarriak: “Jarri iraganera so, ahanztura dela arazo, ez al dakigu akaso? Gozo nahiz gazi tanta guztiak behar genituzke jaso, Ibai guztiak bildutakoan izango gara itsaso”. Bertso bakarrean askoren sentipenak kondentsaturik. Gure lagun Edurne Albizuk ere egin dio opari Ibairi. Honek, berriz, ez du urteotan istorioa jakin: Zegamako alkatea Mikel Uriberen hil kaperan egon zen eta han oroigarria eman zioten, eraildako ertzainaren erretratua, hain zuzen. 14 urtez (berriro hamalau) jarraian egon da presente herri horretako alkate bulegoan, lehengoz orduko alkatearekin eta ondoren Edurne bera ere alkate izanda.

Geroago, Kultura eta Euskara teknikariaren bulegoan egon da ikusgarri eta gogoangarri hor, Edurneren lan-mahaiaren gainean, aurreko astelehenera arte. Orduantxe eskaini dio Ibairi bueltan, 24 urteren ondoren. Eta mezua, garrantzizkoena: Mikel Uribe eurekin egon dela, edo alderantziz, eurak egon dira Mikel gogoan dutela. Beraz, hona hemen Ibairi helarazi nahi diogun lekukoa: ez zara bakarrik egon, Ibai.

Euskaldunok badugu zereginik memoriaren inguruan. Izandako, egindako eta eragindako oinazeak, beldurrak, mehatxuak, torturak, bahiketak, exekuzioak… atera behar ditugu kanporantz, kontatu beharrekoa konta dezagun, barruko harrek gure erraiak jan ez ditzaten, isiluneak amaitu daitezen, maskarak eror dakizkigun eta etorkizun osasuntsua eraikitzen den-denok has gaitezen. Egiten ez dugun bitartean ilunduta jarraituko dugu, sufritu eta sufritzen dutenekiko zor azkengabea izango dugu eta aurrerantzean ez gara izan gintezkeen bezain pertsonak izango. Ibaik, nahi gabe, lezioa eman digu.

Uztailak 14, 2001ean. Mikel Uribe erail baino lehen, kilometro batzuetara eta ordu batzuk lehenago, ETAko beste komando batek beste euskaldun bat akabatu zuen: J. Javier Múgica Astibia, Leitzan. Eta 15 urte lehenago, egun horretantxe, talde terroristak 12 gazte erail zituen Madrileko plaza batean, lehergailu bat eztandarazita. Holakoxea zen ETA.

Mandubi gaina arnasgune bihurtu genuen eta hainbat hedabide egon ziren gurekin, euskaraz argitaratzen den egunkari bakarra salbu. Hitz erdirik ere ez Ibairen balentriaz. Ez ote du Ibai Uribek elkarrizketa bat merezi? Kronika bat? Zein da arrazoia? Ez Mandubin ez Leitzan. Batzuk, maldan gora txapeldun izan dira. Bestetzuk, maldan behera?

Idazlea GOGOAN, memoria duinaren aldeko kidea. Pello Salaburu, Xabier Mugarza eta Maite Leanizbarrutiak ere sinatzen dute artikulua