Síguenos en redes sociales:

La carta del día

Mesedez, ez izan ergela

Mesedez, ez izan ergelaIñaki Porto

Ergel: zentzu edo adimen txikikoa (Harluxet). 1936ko estatu kolpe militarraren ondoren, fronteetatik at Nafarroan izan ziren erailketei buruz galdetuta, falangista ezagun batek, gazteleraz ari bazen ere, euskarazko ergel hitza erabili zuen bere erantzunean (eso fueron cosas de ergelas), nolabait, egin zituzten triskantzei garrantzia kentzeko ahaleginean.

Beren gabeziak dohainak bailiran harro agertzen dituzten ergel hauetako asko horrela heziak izan dira, bere gurasoek hala nahita. Inguruak ergeltzen ditu beste batzuk. Muntaketa katean zelula grisak lo hartu eta ergel dohaina berezkoa dutenak ere izaten dira hainbat. Aurreko dohain guztiak batuta ergelkeriaren gorenera ailegatzen direnak ere badira. Ezdeusak izaten dira askotan ergelak, eta aukera on bat suertatzen zaienean, 36koa lekuko, ankerkerien norgehiagoka horretan beren burua nabarmenduz, nor izatera ailegatzen direla uste izaten dute; bezperan babesik gabeko gizakiren batek, hil aurretik jipoitzen zuten bitartean, egin zizkien erreguei tabernan barre eginez, adibidez.

Ohikoa izaten hasi zaigu orain, gizakiren bat sekula guztirako izorratuta utz dezaketen azio gupidagabeak ikustea. Duela gutxi, arlote bati gasolinarekin su eman izanagatik epaitzen ari ziren bi gaztetako batek, gau hartan barre batzuk egitera atera zirela esan zuen, nolabait beren ekintzari larritasuna kentzeko. Bere abokatuaren oniritziarekin esan ote zuen? Ustea dago horrelako argudio batek epai bat arindu dezakeela?

Inkontzienteki bada ere, hurbil dauzkagun ergel hauetako asko eskuin muturrera gerturatzen ari dira jada; bila joan beharrik gabe, handik etorriko baitzaizkie erraietan daramaten gorrotoa arrazoitzeko zio “ulerterraz” sinple gutxi batzuk, ez dituzte asko beharko eta.

Europan milioika hildako eragin zituen eskuin muturra, paradoxikoki berriro indartzen ari zaigu. Ergela ez baita ohartzen berak egindako triskantzei esker nagusitzen denari benetan axola zaiona bere burua, boterea eta dirua direla. Latifundista karlistei bost axola zitzaien erregea, foruak, Jainkoa eta haien alde borrokatu ziren herritarren ongizatea. Behin garbiketaren garaia baretu zenean, ergel haiei hil beharrekoen zerrendak eman zizkieten jauntxoek edo beren arengekin are gehiago ergeldu zituzten apaizek ez zituzten ikusi nahi ere, ergel haiek ondoan izateak beren izen ona zikintzea baitzekarren.

Garai ilunak ailegatu zitzaizkien ondoren ergel haietako askori, eta gaueroko eldarnioetan azaldu zitzaizkien hil zituztenen azken begirada izutuak, eta haien eta haien haurren eta emazteen aiene eta erregu desesperatuak. Askotan zurrutari emanak, beren auzokideek ere baztertuta, inori ez zitzaion axola ergel haiei gelditu zitzaien bizitza; eta gauza hauek jakitea komeni zaie, gaur, ahulagoen aurkako indarkeria huskeriatzat hartu eta ergelkeriak egiten hasteko zalantzan dabiltzan horiei.