Ihesean baina etxean. Ateak itxita eta begiak zabalik, horrela sortu da Janus Lester, Jokin Pinatxo musikari beratarraren azken proiektua. Bueltaka, noraezean, mugitu gabe, ate birakarien antzera joan etorrian. Lo egin ezinik igarotako gauei edo loak harrapatzerik nahi ez duzun horiei abesten die. Joan direnei, datozenei eta datorrelakoan, badoan horri. Esna amestea maite dutenei, gaurrik ikusi nahi ez eta atzoan gelditu direnei.

2022an begiak itxita eta ateak zabalik. Mattin Arbelaitz, Garazi Esnaola, Javi Echarri, Ane Bastida, Andoni Arriola eta Julen Suarez musikariez lagunduta hartu gabeko kafeek itzali ez dituzten gauak piztera dator Janus Lester. Ezlekuetan kontzientziak dantzan jarri. Itzali argiak. Ez gaitzala loak harrapatu.

Janus Lesterren kultur gomendioak

Abesti bat: Almar. Hamaika aldiz entzun dudan abestia da Merina Grisen Almar. Abestiaren bertsio ezberdinak ere kaleratu dituzte eta oraindik ere, entzuten dudan aldi bakoitzean beste leku batera eramaten nauen abestia da zalantzarik gabe.

Musika talde bat: Ibil bedi. Buklean hainbat orduz entzun dezaket Ibil bedi. Beraien letreei adi-adi entzun eta melodiekin nola jolasten duten ikustea zortea da niretzat. Gainera, Goldea beraien lan berria atera berri dute eta ikaragarriko lana dela iruditzen zait.

Zuzeneko emanaldi bat: Ezpalak taldearen hainbat zuzeneko ikusteko zortea izan dut, eta guztiz hustuta bukatzen dut kontzertu bakoitzaren ondotik. Transmititzen duten energia, indarra eta pasioa erraldoia da, eta gainera hori eszenatokiaren azpian gaudenoi transmititzen ere bikainak dira.

Antzezlan bat: Album. Formol Laborategikoen Album antzezlana ikaragarri gozatu nuen. Gure txikitako ni-arekin konektatu eta denboran aurrera eta atzera egitea lortu zuten, emozionatu, irriz lehertu eta triste ere sentiaraziz. Emozioz betetako errusiar mendi bat.

Film/telesail bat: Irati. Filma eta bertako aktoreen papera ikaragarria izateaz gain, txundituta utzi ninduen nola elkartzen diren fantasia eta Euskal Herriko paisaia errealak pelikula berean. Opari erraldoi bat euskaldun guztientzat.

Kultur espazio bat: Kataku ostatua. Kulturaren estilo eta esparru ezberdinen erakusleiho da Kataku. Musika kontzertu ugari ikusteko aukera izan dut beti bertan, baita erakusketan egon diren obra pila bat, eta hori guztia Bera bezalako herri batean hain eskuragarri edukitzea ikaragarrizko luxua da.