DUELA zenbait urtetatik erromeria talde bateko kide den arren, betiko trikiti eta pandero proposamenez pixka bat nazkatuta tradizioa beste era batera garatu nahi izan du Nagore Etxabe artistak bere lan berrian. Antuxuna izena jarri dio proiektuari eta egiten duena deskribatzeko musika etiketa bat ere asmatu du: folk teknologikoa. Hain zuzen, abesti tradizionalak hartu eta estetikoki proposamen teknologiko bat egiten die. “Betiko larruak eta ardiak izan ordez, ordenagailua, argiak edota ikus-entzunezko generatiboak sartu ditut”. 

Metalezko katilu txikiari deitu ohi zaio antuxuna Urola inguruan eta fonetikoki zein esanahi aldetik iruditu zitzaion hitz interesgarria Etxaberi. “Alde guztietara daramazun katilu horretatik edozer gauza edan dezakezu”. Antuxuna proiektua ere bada kontu eklektiko bat sortzailearen hitzetan, hala, bere barruan dituen salda guztiak nahasteko espaziotzat deskribatu du proiektu berria.  

Funtsean, abiapuntu edota aitzakiatzat hartuta, tradizioari buelta bat eman nahi izan dio. Hala, unibertsitate garaian ezagutu zituen baliabideak: datuen eraldaketa, performancea, eszenografia... Oro har, antzokietan erabiltzen diren tresnak gehiago lantzeko gogotik abiatu zuen proiektua. “Gogo horrez gain, beti gustatu izan zait tradizioa, musika tradizionala, eta biak uztartu nahi nituen”. Hori horrela, unibertsitatean ikasitako guztia nolabait azken hamar urteotan izandako ibilbidearekin nahasita iritsi da proposamena eta horrek aukera ematen dio egun ikasi edo ikertu nahi dituen gauzak jorratzeko. Esperimentatzeko. 

Tradizioa erabiliz gaur egunari kritika egiten dio Antuxunak, eta esperimentaziotik tiraka, zazpi abesti edo pieza moldatu ditu, momentuz, lan berrian. Zenbait abestitan kantu bat baino gehiagoren elkarketa egin du. “Bakoitzak bere ukitua du musika estiloari dagokionez, baina ia guztia ordenagailuarekin eginagatik, azkenean dena da elektronikoa edo digitala”. Hala ere, musika genero ezberdinen aromak eta nahasketak har daitezke. Erabilitako kantuei dagokienez, bestalde, guztiak dira kantu zaharrak eta bere interesen arabera aukeratu ditu. “Saiatu naiz gehienbat gaiak kritika soziala, umorea eta ligoteo osasun-tsuari buruzkoak izan daitezen”. “Nazkatua nago beti Urkiolako San Antoniori kantatzen, gazteak baziren eta erromerietan bazeuden ziur lizunkerietan ere arituko zirela, eta kantu horiek berreskuratzen saiatu naiz”, gaineratu du. 

Led kubo bat eta bisual generatiboak sartu ditu emanaldian. Summais

Produkzioaren garrantzia

Antuxuna proiektuan musikaren produkzioarekiko duen interesa islatzen saiatu da Etxabe. Musika produkzioaren alderdi guztiek zer esanahi duten ikasi nahiak bultzatuta ekin dio: grabaketak eta nahasketak egin, masterizazioak landu eta ikusizko bisualak edo generatiboak nola funtzionatzen duten jakin nahi zuen. Era berean, eszenografia eta estetika lantzeari erreparatu dio, hala, oholtza gainean bera ageri da abesten, gitarra eskuetan eta ordenagailua aurrean duela.

Gainera, led kubo bat eta bisual generatiboak sartu ditu eta teknologia emanaldiaren parte da. “Perfomance edo antzerkitik ere badu planteamenduak”. Aurretik programatua izaten du dena eta kontrolagailu baten bidez berak kontrolatzen du guztia oholtzatik. “Proposamen ezberdina da, baina konturatu naiz lan handia dela, eta ez diot inori gomendatzen nik egin dudan moduan bakarrik egitea”. Hala ere, aitortu du buruko min asko eman arren halako gauzak egiteko gai dela ikusteak poz handia ere eman diola. 

Sorkuntza prozesuari dagokionez, bestalde, hasteko, abestiaren ikerketa lana aurreratzen duela azaldu du Etxabek. “Hain ezagunak ez diren, baina gaur egun ere zeresana duten abestiak hautatu eta, testu zein melodia aldetik interesgarriak egiten zaizkidanak hartzen ditut aintzat”. Behin abestiak aukeratuta, probak egiten ditu konponketak egiteko eta gustura dagoenean abestia hila gelditzen da, ostean programatu ohi du ikus-entzunezko eta argiekin. “Garrantzitsua izaten da pentsatzea zuzenerako nola antolatu abestia, grabatuta zein zati utzi edota zein grabatu zuzenean”.

Erromerietan zein country musikan Etxabek beti jo izan du tradiziora, folk munduari lotuta egon da. “Nortasunarekin zerikusia duela uste dut, besteak beste, kantu tradizionalek aukera ematen dute hausnar-tzeko zer den eta zer ez den euskalduna izatea XXI. mende honetan”. Uste du egun musikari askok tradiziora jotzen dutela globalizazioak emandako identitate faltagatik, “ezberdintzearren eta benetan zein diren erakusteko”. Hala, bere aldetik, Antuxunaren bitartez, “proposamenen katalogoa” zabalduz, betiko talde eta formatuetatik harago esperimentazioari zein proposamen zelebreei tokia egin nahi lieke. Bakarkako proiektua izanik, lanak duen autonomia azpimarratu nahi izan du Etxabek. “Musikatik harago doan proiektua da, proiektu errenazentista”. 

Momentuz, Antuxuna proiektuarekin emanaldi gehiago izan ditu Euskal Herritik kanpo bertan baino. Kantabria, Asturias eta Galizia inguruan aritu da. Hala ere, pozik dago izandako harrerarekin. “Tradizioa aurkezten den betiko era ez denez, egindako proposamenarekin modu positiboan harrituak gelditu direla uste dut, inguru horietan ere folklore asko dago eta egun modan dago folklorea”. Euskal Herrian, bestalde, ekainaren 8an egongo da emanaldiaz gozatzeko aukera. Gasteizen jarri dute hitzordua Zama elkarteak antolatuta.