Soinutik harago joatea, eta hitzetan sartzea: hori izan zen libretoaren asmo isila, diskoarekin batera zetorren koaderno txiki hori, eta letra irakurtzeko aukera ematen zuena abestia entzun bitartean. Binilo eta CD fisikoen garaian, libreto bat edukitzea ez zen luxu bat, esperientzia artistikoaren zati bat baizik. Orri tolestuek, tipografia, argazki eta notekin, abestiak esanahietara hurbiltzeko eta norbere begiradapean berrinterpretatzeko aukera ematen zioten entzuleari. Streaming garaian, interakzio horrek txikiagoa dirudi (plataforma askok letra karaoke moduan jarraitzeko aukera ematen duten arren), baina, une batean libretoa irekitzea esanahiari ezkutuko ate bat ireki-tzea bezalakoa zen. Askok, Internet baino lehen, handik ikasi genituen letrak, musikarien aurpegiak ezagutu genituen eta baita logo eta kreditu guztiak aztertu eta kopiatu ere.

Baina, marketing musikalak zer dela eta erabaki zuen ekoizpenaren garestitzearen aurrean letren liburuxkak gehitzea? Bada, Juan Carrión Gañán (Madril, 1924 - Cartagena, 2017) ingeles irakasleak metodo pedagogikoa ikasgelatik haratago eraman zuen: Beatlesen abestiak, BBCko albisteak, zinema eta beste multimedia baliabide batzuk erabiltzen zituen hizkuntza irakasteko. 1966an, John Lennonek How I Won the War Almerian filmatu zuela jakin zuenean, haraino bidaiatu zuen Beatlesen abestiak transkribatzen bete zuen koadernoa besapean zeramala, itzulpen eskaera osatugabeekin. Gainera, haien abestien letrak diskoetan inprima-tzeko eskaera argia zuen, ikasleek entzun ahala irakurtzen jarraitu ahal izateko. Espainiako hedabideek jaso zutenez, topaketa hori erabakigarria izan zen Sgt Pepper ‘s Lonely Hearts Club Band (1967) diskoak bere kutxan inprimatutako abestien letra guztiak sartu zituen lehena izan zedin. Hala ere, ez dago dokumentu ofizialik hitzez hitz baieztatzen duenik hori izan zena hitzen lehen libretoa.

Jose Carrión, Beatlesen bitartez inglesa irakatsi zuena.

Edozelan ere, mito kulturala sortu da gertakari honen inguruan, eta kondaira eder moduan ,behintzat, balio du. Juan Carrionen istorioa zinemara eraman zuen 2013an David Truebak, berak idatzi eta zuzendu zuen Vivir es fácil con los ojos cerrados filmean. Javier Camarak Antonio izeneko irakasle bat haragiztatzen du, Carrionen inspiratuta, eta Almeriara joaten da Lennon ezagutu eta bere abestien hitzak inprimatzea eskatzeko. Zintak fikzioa eta errealitatea nahasten ditu: Beatlesen artxiboko irudiak eta Lennon Almerian filmatzen, dramatizazioarekin tartekatzen dira. 2013ko urrian estreinatu zen, eta 2014an sei Goya irabazi zituen; horien artean film onenaren saria, jatorrizko gidoi onenarena eta aktore protagonista onenarena. Kontakizun horrek ekarpen handia egin zuen Carrionen figura herri kontzientzian sendotu zedin, nazioarteko musikaren eta Espainiako ikaskuntzaren, askatasunaren eta jakinminaren kulturaren arteko zubi gisa, liburuxka batek ematen duena baino askoz harago.

Behin 'Con los Beatles jarrita', zergaitik ez 'Kakalardoekin'?

Behin 'Con los Beatles jarrita', zergaitik ez 'Kakalardoekin'?

Itzulpen kaskarren artean

Asko eskertutako artefaktua da ingelesez letrak asmatu edo ahozkera literalarekin erridikulua egiten genuontzat. Mezu politikoagoen taldeetan ulertu behar hori militantzia modu bat ere bazen: lerro artean irakurtzea, bertso bakoitzaren zentzu subertsiboa bilatzea. Zale askok eskuz kopiatzen genituen testuak, eta lagun artean pasatu (batez ere Internet sortu aurretik) interpretazio eta erreferentzia bila. Gaur egun, nazioartean biran diharduten talde politiko eta entzulego gehienak asko eskertzen du abestien itzulpena barne edukitzea, eta plataformetan ere eskaintzen dituzte (Bandcamp da letren tartea itzulpen eta bestelakoekin edita-tzen uzten duen plataforma bakarra). Hala ere, hasierako edizio itzuliak irrigarriak ziren: egokitzapen literalak; batzuetan poetikoak, eta, beste besteetan ezinezko itzulpen erratuak, Espainiako edo Latinoamerikako edizioetako liburuxketan txertatzen ziren. Adibidez, Beatlesen disko zurian; Blackbird abestia, gazteleraz Mirlo itzultzen dena, Míralo izenburuarekin editatu zen. Hurbilenean, keinu ikonikoek bizirik diraute: adibidez, Kortaturen LPak errege emerituaren argazki bat zuen eta erretiratu egin behar izan zuten.

Kortaturen inserta zentzurarik gabe, Agit Prop zigiluan 1988an.

Kortaturen inserta zentzurarik gabe, Agit Prop zigiluan 1988an.

Hitzak garai digitaletan

XXI. mendeko jauzi digitalean, libreto fisikoen eskaneoetik harago, ez zen askorik espero, baina bere espirituak ustekabean iraun zuen. Genius webgunea melomanoaren biblia berria bihurtu da: fitxategi bizia, non letrak kolektiboki transkribatu, azaldu eta komentatzen diren. Artistek askotan parte hartzen dute, oharrak gehituz edo bertsoak testuinguruan kokatuz. Dinamika horretatik sortu zen, halaber, ikus entzunezko formatu berri bat: musikariek letren jatorria azaltzen duten bideo baten, interpretatzen dituzten bitartean. YouTube edo TikTok bezalako plataformak era horretako bideoz josita daude, eta Gaztea Irratian Jakitunak izeneko tartea ere badago. Edizio fisiko gehienak gero eta garestiagoak dira, eta soilak dakartzaten materialean, baina letrak beste modu batzuetan ere irakur-tzen jarraitzen dugu: pantailetan, bideoen azpidatzeitan, abestiek pizten dituzten elkarrizketetan… libretoen istorio honek erakusten du garrantzitsuena ez zela bakarrik papera, musika “irakurtzeko” beharra baizik.