Nagore Legarretak eta Ramon M. Zabalegik Gorputzen errebolta ondu dute. Abenduaren 30etik, Intxaurrondo Kultur Etxean bi artisten lanak daude ikusgai. Sortzaileen esanetan, erakusketan haien ibilbidean zehar “gorputza, boterea, generoa eta gure eguneroko bizitzak zeharkatzen dituzten menderakun.tza logikoak iraultzearen inguruan egindako lanak” bildu dituzte.

Bakoitzak, baina, bere ibilbidetik eutsi dio erakusketari. Legarretak argazkilaritza esperimentaletik eta Ramon M. Zabalegik, berriz, ilustraziotik, pinturatik eta “collage”-etik; baina, bereziki, grabatuetatik. Ez dituzte lanak, ordea, erakusketarako esplizituki sortu. Legarreta eta Zabalegi konturatu dira haien ibilbideek, bilatu gabe egin dutela topo: artea egiteko modua eta artearen munduan egoteko modua.

Ramon M. Zabalegi artista. N. L.

Otsailaren 20ra arte egongo da ikusgai gorputzaren presentzia nabarmena duen erakusketa. Hala ere, bi artistek zehaztu dute gorputza bera ez dela erakusketaren gaia, baizik eta haien obra sortzeko espazioa, gorputzetik sortuak baitira lan guztiak.

Ibilbideen batuketa

“Biok landu ditugu gorputzak gure ibilbidean zehar”, dio Legarretak. Artisten arteko ezberdintasunak anitzak dira, baina amankomuneko ezaugarriak, baita ere.

Legarretak argazkilaritza esperimentala landu du bere obran. Zabalegik, berriz, grabatuak landu ditu. Bi tekniken bidez ondutako lanek osatzen duten esposizioa. Edukian, noski, faktore komun bat dago: genero disidentzia. Disidentzia horri begiratzeko tokia ere konpartitzen dute artistek: feminismoa eta gorputza. Begiratu ez ezik, hortik egiten dute lan biek; eta, ezinbestean, gorputza islatzen dute haien lanetan, baina gaia bihurtu gabe. Biak aritzen dira gorputzetik, bientzat da abiapuntua.

Legarretak argazkilaritza esperimentala landu du bere obran. Zabalegik, berriz, grabatuak landu ditu.

“Erakusketan gorputzen irudiak ikus daitezke, baina sakondu behar da gorputza ulertzeko moduan”, dio Legarretak. Agian, lehenengo begiradan ez dira ikusten, baina irudikatutako gorputzetan emozioak daude, bestelako mezuak. Legarretak koreografia bat bezala definitzen du erakusketa, azken finean, irudikatutako formek elkarrekin zentzu bat hartzen dutelako eta elkarrekin mugitzen direlako gorputzek markatzen duten erritmora.

Urte ezberdinetan egindako lanek osatzen dute Gorputzen errebolta. Denboraren poderioz, Nagore Legarreta eta Ramon M. Zabalegi unibertso bateratu bat zutela konturatu ziren: “Unibertso hori aspalditik zegoen; eta garrantzitsuagoa dena, oraindik ere badago”. Duela hamar urteko lanak daude, baita erakusketa baino egun bat lehenago bukatutakoak ere. Teknika ezberdinak erabili dituzte, urte ezberdinetan ondu dituzte lanak, baina atmosfera orekatu bat aurkitu dute. “Duela urte asko ezagutzen gara, eta urte hauetan, nahiz eta elkarrekin erakusketarik ez egin, lan batzuk egin ditugu eta harremana mantendu dugu, bidelagunak izan gara”, dio Zabalegik. Horren seinale da bai estetikoki bai etikoki mantentzen duten armonia.

Gorputzetik eta gorputzaz, irudi, grabatu eta argazkiak ikus daitezke erakusketan.

Gorputzetik eta gorputzaz, irudi, grabatu eta argazkiak ikus daitezke erakusketan. Camino

‘Zikinbrillo’ manifestua

Erakusketa antolatu bitartean, haien arteko ezberdintasunei buruz hitz egin zuten Legarretak eta Zabalegik. Alde nagusia teknikan aurkitu zuten, baina beste hainbat ondorio atera zituzten; besteak beste, hainbat urteren ondoren, lortu dutela haien hizkuntza eta estetika aurkitzea. Obrak bide horren erakusgarri dira, Legarretak azaldu bezala, sorkun-tzak egiteko molde eta estetika jakin batean testuinguratuta daude. 

Bide horretan, Legarretak eta Zabalegik estetika eta egiteko modu zehatzari izena jartzea eta modu horretan formalizatzea erabaki zuten, eta Zikinbrillo sortu zuten. Zabalegik manifestua idatzi zuen, eta erakusketan irakur daiteke. Haien hitzetan, manifestuan bizitza, artea, gorputza, komunitatea, zaurgarritasuna eta haientzat oso garrantzitsuak diren terminoak sinplifikatzen saiatu dira, haien ekintza azaltzeko.

“Nahiz eta teknika ezberdinak erabili, gure lana, hein handi batean, elkarrekin egindako lana da, harremanetik egiten dugulako”, dio Zabalegik. Harremantzeko modu hori, besteengana hurbiltzeko duten jarrera oso antzekoa da, “metodologia afektiboa” da biek erabiltzen dutena: elkarrizketa, topaketa, en-tzutea, denbora ematea, nondik begiratu, nola zaindu… Eta bereziki, “bestea”, subjektu bezala, lanaren gaia ez bihurtzea, eta lekua ematea harremanari, hori bihurtzea lanaren muina.

Artistek zehaztu dute gorputza bera ez dela erakusketaren gaia, baizik eta haien obra sortzeko espazioa. Gorputzetik sortuak dira lan guztiak.

Manifestuan, adibidez, “zauria” terminoari garrantzia ematen zaio, zauria gorputza hasten den puntua delako. Sortzaileen hitzetan, “han irekitzen da sentitzeko, gogoratzeko eta eraldatzeko aukera”. Zauria ez da erakusteko zerbait, “show”-a egiteko zerbait, baizik eta berriz eraikitzeko puntu bat, eta horrela ulertu dute kasu honetan bi artistek eta horrela eraman dute, ezinbestez, praktikara. Gorputza lurralde politiko gisa kokatzen dute; edo, bestela esanda, artea zaintza eta aldi berean matxinada bezala ulertzen dute. Hainbat puntutan lortu dute ezaugarritzea amankomuneko unibertso hori zelan ardazten den.

Zikinbrillo estetikan, materialek ere berebiziko garrantzia hartzen dute. Zabalegik baieztatu moduan, askotan sorkuntzarako eginda ez dauden materialak landu dituzte bi artistek. Ramonek, horietan grabatuz, eta Nagorek, berriz, argazkiak ateratzeko kamerak material horien bidez eraikiz. Askotarikoak dira materialak; adibidez, Legarretaren kasuan, lataz egindako kamera batekin egindako argazkiek osa-tzen dute erakusketa.

Otsailaren 20ra arte bisitatu daiteke erakusketa.

Otsailaren 20ra arte bisitatu daiteke erakusketa. N. L.

Lehen erakusketa

Bi artisten arteko lehen erakusketa da. Hala ere, zehaztapen bat egiten dute haiek, Intxaurrondo Kultur Etxera heldu baino lehen, Ramonen etxean antolatu zuten Zikinbrillo estetikatik jaiotako lehen erakusketa. Irungo alde zaharrean proiektu bat martxan dago etxe zaharrak botatzeko eta auzo berri bat eraikitzeko. Ramonen etxea “zaharra” bezala kalifikatu den horietakoa da, bere aiton-amonek eraikitakoa. Lehenengo erakusketa etxe hori “omentzeko, agurtzeko eta aldarrikatzeko” egin zuten. Horren harira, Mugen gainetik erakundea jarri zen harremanetan bi artistekin genero disidentziari buruzko erakusketa bat antolatzeko. Horrela, Ramonen etxetik areto publiko batera eraman zuten erakusketa, eta Gorputzen errebolta Irungo alde zaharrean jaiotako, baina Intxaurrondon garatutako erakusketa bezala uler daiteke.

Intxaurrondoko kultur etxean dago ikusgai ‘Gorputzen errebolta’ erakusketa. N. L.

35 lanek osatzen dute erakusketa, guztiak “queer” ikuspegitik landuak. Ikuspegia ez da sortzaileek aukeratu duten zerbait, baizik eta era intuitiboan, eta praktikaren bidez, heldu diren toki bat. Erakusketan dauden Zabalegiren lan batzuk lagunekin izandako elkarrizketen ondorio dira. Erretratu forma hartu dute lan horiek haiekin generoari buruzko elkarrizketak izan ondoren. Zabalegiren arabera, elkarrizketa horiek “oso era naturalean filtratu dira” bere lanetan, eta horrela ikusi daiteke Itxaurrondoko Kultur Etxean.

HARRERA ETA BISITA GIDATUAK

“Gu ez gara isolamenduan bizi diren bi artista”, dio Legarretak. Zorte handia dutela dio artistak, komunitatean bizi eta sortzen dutelako. Haien inguruan hainbat belaunaldietako artistak daude, eta erakusketa aurkeztu zuten egunean, musika lanetan ibili ziren J-303 musika sortzailea eta AkonkaguaSound artista. Erakusketarako erabili dituzten piezen izenburuak soinura eraman zituzten, eta soinu artistek erakusketarako diseinaturiko musika jo zuten.

Otsailaren 20ra arte egongo da ikusteko aukera. Ikusi ez ezik, hainbat ekitaldi antolatu nahi dituzte bi artistek, eta horietako bat izango da urtarrilaren 24an izango den bisita gidatua. Bisita ez ezik, tailerra ere izango da: Gorputz disidentziatik gorputz kolektiborantz. Sorkun-tzarako erabilgarria izango den “jostailua” eramango dute artistek eta tailerrean bertan sortutako irudiak ikusgai egongo dira ere Intxaurrondo Kultur Etxean.

Nagorerentzat prozesu intuitiboa ez da izan bakarrik izen bat jarri izana lan egiteko moduari, baizik eta konturatzea bere indarguneetan eta ahulguneetan ez dagoela bakarrik. Legarreta ezinegon eta indarguneekin hasi zen lanean, horien bidez sortuz. Intuizioarekin heldu zen irakurketa kolektibora, eta hor ulertu zuen ezinegona ez dela zerbait indibiduala, nahiz eta gizarteak hori esan. Feminismoak “aterki zabala” eman diola dio, eta kolektiboan ulertuta, bere obretan irudikatuta dauden hainbat zauri “sistematikoak” direla baieztatu du. Prozesu intuitibo horrek lagundu die bi artistei ulertzen zer egiten ari diren ibilbide luze horretan.