Lurraldetik bertatik sortzeko piezak
Nafarroako herri txikietan sorkuntza garaikideko prozesu artistikoak sustatzea du helburu ‘Landarte’-k. Arbontze, Bargota, Garde, Melida eta Puiu izan dira aurten parte hartu duten udalerriak
Landa eremuetako komunitateen sormena martxan jarri, dinamika kolektiboak elikatu eta sorkuntza prozesuak sustatzea du helburu Nafarroako Landarte egitasmoak. Aurten Arbontze, Bargota, Garde, Melida eta Puiu izan dira parte hartu duten udalerriak. Toki bakoitzeko artista batek, bertako herritarrekin batera, lurraldeari lotutako proiektua artistikoak bultzatu dituzte. Vianako Printzea Erakundeak eta Kultura Zuzendaritza Nagusiak antolatutako egitasmo bat da, eta aurten 9. edizioa izan da.
Landa eremuko kulturaren eta lurraldearen inguruko pentsamendu artisaua sustatzea du helburu Kanpoko Bulegoak. Bertako langilea da Marc Badal, eta artisten eta herrien arteko bitartekaritza lanetan aritu da: “Geroz eta gehiago dira kultur garaikidea landa eremura hurbiltzeko proposamenak, eta programa horren adibide bat da. Uste dugu sormen prozesu txiki eta ariketen bitartez bizipen eta ikasketa ba-tzuk bultzatzen dituela programak”. Herrietatik bertatik sustatu nahi dute sormena, eta ez diote kanpo begiradari arreta eman nahi: “Argi eta garbi dugu ez dugula promozio turistikorako erabili nahi”.
Sei fase ditu proiektuak: herrien aukeraketa, esplorazioa, sortzaileen aukeraketa, sortzaileen esplorazioa, proiektuaren garapena eta balorazioa. Urtarrilean hasi, eta urte bete irauten du prozesuak. Sormen prozesuak aurrera eramateko udalerri, eragile eta herritar “aktiboak” eta “parte hartzaileak” behar direla dio. Gaineratu du herritarrak zein artistak elkarlanerako eta proposamenetarako prest egon behar direla: “Landarte-k ez dio enkargu bat eskatzen artista bati. Orduan, artistak ez du etxetik eramango egin nahi duenaren inguruko aurre ideia bat. Artistak akonpainamendua egin behar du”.
Guztira, bost proiektu garatu dituzte. Arbon-tzen Iona Hernandez artistak herriko buztinen ezaugarri zeramikoei buruzko ikerketa bat planteatu du Lurraldea eskuez behatu proiektuarekin. Bargotan Marta Elia Aldavek emakumeen zirkuluak jorratu ditu Ez zapiak baino lehen proiektuarekin. Garden, Asier Gogortzak, intxaurrondoek udalerriko paisaia geografiko eta afektiboan duten garrantziaz gogoetatu du Intxaurrondoak proiketuaren bitartez. Melidan, Jara Calvok Melidako korronteak proiektua sustatu du. Horretarako, topaketarako, elkarrizketarako eta esperientzia partekaturako espazio gisa pentsatutako ibilbide eszeniko kolektibo bat sortu du. Puiun, Carmen Parrado Gil diseinatzaile eta sortzaileak Ziertzoa Puiun izeneko proiektua landu du. Aztertu du nola zeharka-tzen eta konfiguratzen dituen egunerokotasuna, paisaia, sentsazioak eta tokiko memoria ziertzoak edo inguruko haize bereizgarriak.
INTXAURRONDOEI BEGIRA
Herrietara doazen artistak sukalderaino sartzen dira, eta Gogor-tzarentzat herria pixka bat gehiago ezagutzeko aukera bat da programa. Gogortzak Garden egindako prozesuaren inguruko xehetasunak eman ditu, eta esan du hasieratik zirrara sentitu duela, eta hori “nahitaezkoa” dela horrelako proiektuak aurrera ateratzeko: “Garde herri txikia izanik ere, mobilizatzeko gaitasun dezente du. Aipatuko nuke ere diziplina edo indar moduko bat dutela herritarrek. Bakoitzak bere ohiturak, sinesmenak eta ideologiak ditu, baina momentu batzuetan elkartzeko eta lan egiteko gaitasun handia dute”.
Errepide luze batek bereizten du Garde, eta kontatu du, edozein ordutan joaten zela, beti zegoela norbait sarreran zain. Hasieratik “nahiko babestuta” sentitu dela dio. Gogortzak ez dio beldurrik arte garaikideari, baina iruditzen zaio Garden osagai hori badagoela: “Ez dakit beldurra edo ez jakintasuna den, baina nire lana beldurra pixka bat difuminatzea edo kentzea eta konfiantzazko giroa sortzea izan da. Hortik an-tzina nahiko erreza izan da”.
Esplorazio fasean Garde eta bertako herritarrak hobeto ezagutzeko aukera bat izan da Gogor-tzarentzat. Bertan definitu dute zein elementu diren garrantzitsuak herriarentzat eta zer landu nahi duten. Azkenaldian, paisaiarekin eta zuhaitzekin lan egiten du Gogortzak, eta hasieratik argi ikusi zuen Intxaurrondoek Garden duten garrantzia. Horregatik, iruditu zitzaion paisaiari erreparatzea bere lanarekin jarrai-tzeko modu polit bat izan zitekeela. “Herri osoan barna daude intxaurrondoak, eta arbola horiek izaera berezia ematen diote herriari. Beste arbola batzuk izanen balira herria desberdina izanen zen”. Hortaz, arbola horiek herriaren historian duten eragina aztertu du.
Horretarako arbola bat marraztu zuen Gogortzak, eta denen artean arbola horretako adarrak marrazten joan dira. Enborrak intxaurrondoak eta herria irudikatzen zuen eta adarrek egin nahi zituzten proiektuak. Denak ezin izan dituzte egin, baina horietako batzuk asko hazi dira. Jakoba Errekondoren eskutik eta herriko jendearen istorioak uztartuz, intxaurrondoen inguruko solasaldi bat antolatu dute. Horrez gain, Ines Alba artistarekin intxaurrondoen azaletik tinta lortzeko tailer bat egin, eta gutun batzuk idatzi dituzte. Gogortza argazkilaria da, eta intxaurrekin argazki kamerak sortzeko tailer bat egin du. Kamera horiekin argazkiak egin dizkiete pasaiari eta etxeei. Horrekin batera, zuhai-tzak aditzen ibili dira.