Síguenos en redes sociales:

Zea Maysek elektrizitatez beteko du Gazteluko Plaza

Bilboko laukotearen kontzertua gauerdian abiatuko da, Dupla gasteiztarren emanaldiaren ondoren

Zea Maysek elektrizitatez beteko du Gazteluko PlazaBorja Guerrero

Gazteluko Plazako gauak protagonista nagusi bat izango du ostiralean: Zea Mays talde bizkaitarra.Aiora Renteriak (ahotsa), Iñaki Imazek (gitarra) Asier Basabek (bateria) eta Ruben Gonzalezek (baxua) osatzen duten laukoteak ibilbide luzea darama bizkarrean, eta garai gozoan daudela erakutsi dute. Elektrizitatea abesti ospetsuak mende laurdena egin berri duenean, inoiz baino osasuntsuago daudela erakutsi du taldeak. Gaurdian hasiko da kontzertua, Dupla gasteiztarren ondoren.

Abestiaren 25. urteurrenaren harira iazko azaroan grabatutako bideoak milioi erdi ikustaldi inguru bildu ditu dagoeneko, sare sozialetan gehien partekatu zen edukietako batean bilakatuz. renteriarekin batera hamarnaka emakumek parte hartu zuten bideoan, abestia kantatzen, tartean Itziar Ituño, Izaro, Lide Hernando, Olatz Salvador eta Olaia Inziarte, besteak beste. Aurpegi eta ahots ezagunak, emakumeenak denak, euskal musika garaikidearen abesti ospetsuenetako bat denari merezitako omenaldia egiteko. Renteriak berak onartu bezala, “grabaketan emozio guztiaka pil-pilean” egon ziren.

Ostiralean Gazteluko Plazako oholtza Bilboko taldearen indarraren agertoki izanen da. 1997an sortu zenetik hamaika disko plazaratu ditu dagoeneko. 1998ko lehen maketatik hasi, 2000 urtean plazaratutako Elektrizitatea diskotik pasatu eta 2023an argitaratu zuten azken lanera arte: Adore, Kemena, Kuraia, pandemia garaian idatzitako abestiak biltzen dituen diskoa. Tartean, gelditzeko tartea ere izan du taldeak, abeslariak dagoeneko gailendu duen minbizi bat tarteko ere. Betiere, hori bai, jatorrizko formakuntza berbera mantentzea lortu du, horrenbeste urteko bidea duen taldeetan ezohikoa izan daitekeena. “Lagunak gara, eta hori nabaritzen da”, argitu zuen bere garaian abeslariak DIARIO DE NOTICIAS-i eskainitako elkarrizketa batean. “Azkenean, familia baten edo bikote baten moduko harremana da. Gauzak hitz egin behar dira, dagoena argi utzi eta errespetatu”.

Ostiralean, Duplaren kontzertuaren ondotik, Zea Maysek betiko indar erakustaldia eginen du Gazteluko Plazan.