Síguenos en redes sociales:

"Emakumeak guztiz estaliak geratu dira Historian, gizonen izenen azpian"

Lola Valverde Lamsfus, Euskal Herriko Unibertsitateko Historia garaikideko irakaslea eta gai honetan aditua, izan da aurtengo Euskararen Nazioarteko Egunean omentzen diren emakumeen zerrenda osa-tzearen arduradun nagusia

"Emakumeak guztiz estaliak geratu dira Historian, gizonen izenen azpian"Rubén Plaza

iruñea. Lola Valverde Lamsfus EHU-ko irakaslearentzat, emakume hauek definitzeko era egokiena emakume borrokalariak izan zirela esatea da, bere garai eta egoeretara gailentzeko gai izan zirenak. Gizonezkoen itzalpean geratu diren emakumezko hauen izen eta istorioak ezagutzera ematea garran-tzitsua da, irakaslearen iritziz.

Zein irizpide mota jarraitu dituzu sailkapena egiteko?

Historiako emakume ezagun nahiz ezezagunak sartu nahi nituen. Euskal Herri guztiko emakumeak egon behar zirela ere pentsatu nuen, zazpi herrialdeetakoak. Politikari begira ere, ideia desberdinetakoak bilatu nituen. Emakume ospetsuak, erreginak bezala; eta arruntak sartu nituen, bi edo hiru badira prostitutak edo kaleko saltzaileak direnak, adibidez. Oso pozik geratu naiz emai-tzarekin.

Emakume hauen istorioa ezagu-tzera emateak, zein puntutarainoko garrantzia daukala esango zenuke?

Hemen biltzen diren emakume batzuk oso ezagunak dira, erreginak adibidez. Beste batzuk, bere bizitza pertsonalean arrakasta lortu dutenak dira. Baina beste asko badira nik ere ezagutzen ez nituenak. Baina guztiek, euren arlo eta garaian, bakoitzak bere estiloan, bere ideiengatik borrokatu dute. Emiliana de Zubeldia, adibidez, musikari paregabea zen, goi mailakoa, eta piano jotzaile konposatzaile oso ona: hala ere, ia inork ez daki nor de Emiliana de Zubeldia. Emiliana de Zubeldia izan ordez Emiliano de Zubeldia izan balitz, oso musikari ospetsua izango litzateke. Ernestina Champourcin, esaterako: olerkari fina, azkarra. Bere garaia 1927ko belaunaldikoa zen. Ba, Ernestina, Ernestino izan balitz askozaz ezagunagoa litzateke. Emakumeak ez zirela ikusten argi dago, eta guztiz estaliak gelditu dira historian.

Emakume horien papera aldarrikatzea izan daiteke ekimenaren helburuetako bat?

Bai. Emakume guzti hauek, bere bizitza eta nahiak aurrera eramaterakoan, bere estiloan, menderakaitzak izan ziren. Adibidez, Juana III. Nafarroako erregina. Hamabi urterekin noble batekin ezkondu nahi zuten eta berak ez zuen onartu. Eskutitz bat bidali zion Aita Santuari, ezkontza hori ez zela onargarria esanez. Eta bertan behera uztea lortu zuena, azkenik. Berak nahi izan zuen gizonarekin ezkondu zen. Izugarrizko inkonformistak izan dira emakume guzti hauek.

Euskal kulturari dagokionez, zer nolako eragina izan dute emakume hauek?

Denetarik dago, baina azken ehun urte hauetan euskararen alde lan handia egin dutenak badira. Elbira Zipitria, adibidez, menderakaitza izan zen bere garaian. Euskara debekatua zegoenean bere etxean klaseak ematen zituen, klandestinitatean. Edo Juana III. erreginak Biblia euskaratzera bultzatu zuen. Musika edo literaturaren arloan ere badira adibideak. Rita de Barrenetxeak, esaterako, oso obra interesgarria idatzi zuen, Kattalin izenekoa, guztiz ezezaguna dena. Kulturaren arlo guztietan topatzen ditugu emakumeak.

Gizonen izenen azpian estaliak gelditu diren izenak...

Guztiz estaliak. Emakumeen lana ez da ikusi eta ez da ikusten. Horregatik, horrelako lan mota hauek egitea oso onuragarria dela uste dut. Hor egon den eta ezagu-tzen ez den beste errealitate bat erakusten saiatzea.

Atzera begiratze horrek gaur garena ulertarazten gaitu?

Bai guztiz. Erraztasun gehiago dago egun lehenago baino, noski. Baina oraindik ezin dugu gauzak guztiz aldatu direla esan.

Oraindik aurrera pauso gehiago eman behar direla uste al duzu?

Bai. Gizarteak asko aldatu behar du. Berdintasuna lortu arte asko falta da. Bortxakerien kontua hor dago, egunerokoan... Benetako berdintasuna lortzean desagertuko da bortxakeria. Argi dago gaur ez gaudela duela 40 urte, frankismoaren garaian geunden bezala, baina pausuak eman behar dira.

Zein da emakume guzti hauen istorioetatik ateratze ahal den irakaspena?

Borrokatu egin behar dela erakusten digute, gauzak ez direla ematen diren bezala onartu behar. 'Hau horrela da, beti horrela izan eta horregatik ezin da aldatu' esaten digutenean, ezin da onartu. Aurka jarri eta gauzak aldatzea posible dela irakasten digute batez ere. Emakume guzti horiek euren egoera aldatu nahi izan dute, eta lortu dute, gehienak behintzat.