Síguenos en redes sociales:

Parrokia eta kontzejua: “Herriaz” ari garenean, zer esan nahi dugu?

Erdi Arotik, gure herrietan bi instituzio nagusi izan ditugu: kontzejua batetik eta parrokia bestetik.

Parrokia eta kontzejua: “Herriaz” ari garenean, zer esan nahi dugu?

Hona hemen gaur tratatzen ari garen gairako puntu garrantzi handiko bat. Hain zuzen ere, Erdi Arotik gure garaietara, gure herrietan jende berberak bi instituzioetako partaide izan ditugu: kontzejua batetik eta parrokia bestetik, gizarte zibileko partaide eta aldi berean gizarte espiritual edo elizkoiak. Bi instituzio hauek ez ziren kontrakoak (batzuetan hika-mikak sortu zitezkeen arren), are gehiago, elkar lanean aritzeko borondatea zuten herri beraren zerbitzuan. Baino bi pertsona juridiko ezberdin ziren (dira) eta bakoitzak bere eginkizunak zituen, bere aktuazio esparruak, bere zuzenbide propioa (zibila eta kanonikoa) eta bere sistema ekonomikoa. Alkatea ez zen (ez da) parrokoa (“abadea”), parrokoa ere ez zen alkatea. Era berean kontzejua ez zen parrokia ezta parrokia kontzejua ere. Biak beste maila goreneko instituzio batzuen barnean zeuden (daude): Nafarroako erresuma, alde batetik, eta Iruñeko elizbarruti edo diozesia bestetik. Ez daiteke gure herrietako eta gure elizetako historia ongi ulertu bi instituzio hauek bereizi gabe eta, aldi berean, haien arteko harreman estuak kontutan hartu gabe. Horretarako ezinbestekoa da udaletako artxibo eta Nafarroako artxibo orokorrekin batera parrokietako eta elizbarrutiko artxibo historikoak ikertzea. Hau ahaztuz gero ez da

estudio seriorik burutuko. Azken finean, “herriaz” mintzatzean kontu handia ibili beharko genuke zertaz mintzatzen ari garen: “herria” erakunde eta gizarte zibila den aldetik, Nafarroako erresumaren eta erregeen lege menpean, edo “herria” erakunde eta gizarte eklesiastikoa den aldetik (“kristau herria”, alegia), Iruñeko elizbarrutiaren eta apezpikuen lege menpean. Errealitate hau argitzeko eta behar bezala ulertzeko oso adibide egokia dugu 1995eko azaroaren 18an Teruelgo Auzitegi Probintzialan izandako auzia eta Auzitegiak emandako sententzia.

PARROKIAREN OINARRIZKO DIRU ITURRIAK Urteak aurrera joan ahala parrokia bakoitzak bere sostengurako gisa ezberdinetako laguntzak jaso-tzen zituen bere kristau edo eliztarrengandik: estola eskubideak, limosnak, donazioak, herentziak, fundazioak? Parrokiak gainera hamarrenak eta primiziak jasoko zituen. Hamarrenak fruituen eta abereen ehuneko hamarra ziren eta primiziak lehen fruituak (40 aletik bat, hau da %2,5). Hamarrenak apezen mantenurako izaten ziren, primiziak, berriz, elizen gastuetarako. Hori dela eta parrokiek bi gisatako kontu liburuak gordetzen dituzte beren artxibo historikoetan. Batetik “tazmia” liburuak: horietan hamarrenak nola jasotzen eta partitzen ziren idazten zen. Bestetik, berriz, “fabrika” liburuak: hauetan primizietatik jasotakoa anotatzen zen eta tenpluan egindako gastu guztiak (obrak, konponketak, jantzi liturgikoak, ontzi sakratuak, ezkilak, irudiak, organoa, organistaren soldata, sakristauarena, etab.).

Zerga hauen jatorri zaharra Israelgo herrian aurki daiteke, Itun Zaharreko Lebitarrena eta Deuteronomio liburuetan hain zuzen, Moisesen legean. Kristau elkarteari dagokionez, III. mendetik zerga hauen lehendabiziko aztarnak topa daitezke. Bisigodoen garaian mezako denboran eliztarrek hamarrenak eta primiziak eskaintzen zituzten beren borondatez. Toki batzuetan VI. mendearen azken aldera lege kanonikoak derrigorrezkotzat jotzen zuen zerga hauek ordaintzea. XII. mende hasieran hamarrenak kristau denentzat nahitaez ordaindu beharrak bilakatuko dira. Hain justu ere honako produktuen hamarrena ordaintzen zen: baratzeko produkturena, zerealena, ardorena, fruiturena, argizarirena, eztirena, abereena, artilerena, gaztarena, hegaztirena, arrantzarena etab. Zerga hau eklesiastikoa zen -ez zibila (ez erregerena ezta udalarena ere)-, eliztarrek soilik Elizari ordaintzen zioten. Horregatik kristau ez zenak, eliztar ez zenak, ez zuen horrelako zergarik ordaindu beharrik herriko parrokiari (kasu honetan zeuden musulmanak eta judutarrak Nafarroako Erriberako herrietan).

Eliztarra zelako, lege eta autoritate eklesiastikoek arautzen zuten zerga sistema hau. Zenbait kasutan apezpikuek eta bestelako erakunde eklesiastikoek, hala nola Orreagako kolegiatak, beren ardurapean hartzen zituzten parrokia nagusienak eta bertako ondasun sarreren administrazioa. Elizako autoritateek bazuten ahalmena ere zerga hauen zati bat erregeari (“tercias reales”, “excusado”, “novales” direlakoak) edo beste jauntxo sekular batzuei bideratzeko. Esate baterako, Klemente IV.a Aita Santuak Nafarroako Teobaldo II.a erregeari erreinuan elizek jasotzen zituzten zergen hamarrena eman zion hiru urtez (1267), modu horretan erregeak gurutzada bultzatu ahal izateko. Beste aldetik, Nafarroako erregeak Iruñerriko parrokien primizietako ehuneko hamarra bereganatu nahi izan zuen Uharte-Arakilgo gotorlekuak eta Iruñeko Katedraleko lanak ordaintzeko; baino asmo hau burutu ahal izateko apezpikuari baimena eskatu behar izan zion. Apezpikuak onartu zuen parrokien beharrak horniturik geldi-tzeko baldintzarekin (1423).