Basetxeko istorioak lehen pertsonan
Joxe Mari Lertxundik, bertsolari eta Aiako Laurgain auzoko basetxeko zaindari izandakoak, liburu batean bildu ditu goi-karguen bilera etxe ere izandakoan urteetan zehar bizitako gertaera gazi-gozoak
1955. urtean Laurgain auzoa Aldundiaren esku geratu zen eta diputatu nagusia Jose Maria Caballero zen garai horietan. Jose Maria Azketa eremu horretako zuzendari izendatu zuten eta Antonio Zabaleta, berriz, bertako eremuko elizaren arduraduna.
Egun batean Laurgain auzora bertaratu ziren hirurak eskuratutako lurretan “zer egin zitekeen ikusi eta aztertzera”. Azketak lehenagotik ezagutzen omen zuen lekua eta diputatu nagusiari esan omen zion: “Basozainentzat etxea egiteko toki egokia hauxe iruditzen zait”. Eta horrela egin zuten. Baina basozainentzako bizitokiaz gain, beste saloi bat ere egin zuten, bertan hango eta hemengo agintariekin biltzeko leku bat izateko asmoz. 1955. urtean bertan abiatu zituzten etxe berriko lanak.
Caballero, Azketa eta Zabaletaren-tzat enkarguak egiten hasi zen garai hartan Joxe Mari Lertxundi Laurgainen. Agintarien bisita horietako batean, adibidez, pagadian barrena zihoazela, zuhaitz adar baten gainean hontz txuri bat ikusi omen zuten. Zabaleta “liluratuta eta zoratzen” gelditu omen zen eta Lertxundiri hegazti hori bizirik harrapatzeko eskatu zion. Baita honek bete ere. “Horrelaxe, lanak eginez, hasi nintzen Laurgaingo eremuan lanpostua lortzeko ateak irekitzen”, gogoratu du.
1956ko abuztuaren 2an lortu zuen lanpostu finko hori. Laurgainen basetxera joateko bidea egokitzea zen bere eginbeharra. “Tarteka Azketa jauna eta Antonio Zabaleta etortzen zirenean, haiei laguntzera joan behar nuen”, aitortu du Joxe Mari Lertxundik, hontzarenaren antzeko eginkizun gehiago ere izan baitzituen.
Gauzak horrela, Laurgaingo basetxearen ardura lortu zuen eta bere emazte Maria Kontzepzion Ibargurenekin joan zen hara bizi-tzera. Bertan jaio zen Nikanor Lertxundi semea, gaur egun, Getariako alkatea dena.
Guztira, 43 urtez aritu zen lanean Laurgainen Lertxundi eta horietatik 32 basetxeko arduradun izan zen bere emazte Ibargurenekin batera. Urte horietan hainbat “bizipen gazi-gozo” bizi izan zituen eta horietako batzuk laburtu ditu orain kaleratu duen liburuan.
Gazi-gozoak izan ziren tartean frankismo garaia bizi izan baitzuten. 22 urtez egon ziren Lertxundi eta Ibarguren frankismopean lana egiten basetxean. Diktadura aroan Gipuzkoako lau diputatu ezagutu zituen bertatik bertara: “Jose Maria Caballero, Antonio Epelde, Juan Maria Araluze eta Santiago San Martin”. Azkenengo horrek eman zion amaiera diktadura aroari.
Demokrazia garaia iritsi zenetik beste bost diputatu nagusi zerbitzatu zituen Laurgaingo etxean. Horietatik bat Jose Antonio Ardanza izan zen. Seme-alabak zituen diputatu honek eta horietako baten lehenengo jaunartzea ospatzeko basetxea aukeratu zuten. “Komeria gaiztoak ikusi behar izan genituen jangelan”, gogoratu du Lertxundik. Maiatzaren 18an omen zuten bazkaria enkargatuta eta ospakizuna baino bi egun lehenago basetxetik gertu zegoen gereziondo baten adarretik zintzilika erleak azaldu ziren. Egun horiek lainotsuak izan zirenez, hortxe gelditu omen ziren. Bazkariaren egunean, ordea, oso eguraldi garbia eta eguzkitsua atera zen eta erleak etxe barrura sartzen hasi ziren zirrikitu guztietatik.
Belgikako erregeak
Belgikako errege-erreginak Zarautzera udako oporrak pasatzera etortzen baziren ere, Balduinok eta Fabiolak buelta bat baino gehiago egin omen zituzten Aiako basetxera. Errege horiekin pasatako gertaerak ere biltzen dira liburu honetan.
Istorio horiez gain, beste hainbat gertaera eta pertsonaia bitxi pasa ziren Laurgaingo etxetik eta horiek guztiak bizi izan zituen lehenengo pertsonan Joxe Mari Lertxundik.
Laurgain ez zen izan, hala ere, Aldundiaren esku geratu zen Aiako auzo bakarra. Altzola auzoko etxeak Narroseko familia ospetsuarenak ziren eta salerosketa-tratuan hasi omen ziren auzoa bereganatzeko 1980.eko hamarkadan. Hala, “16 baserri, auzoko eliza, apaizetxea, moja-etxea eta 500 hektareako baso eta lur sailak Gipuzkoako Foru Aldundiaren ondare bihurtu ziren”, Lertxundik liburuan jaso duen moduan. Gainera, Altzolako eremua bere baserri eta guzti Aldundiaren esku geratzean eta eremu hori Laurgaingo auzoaren jarraian dagoenez, “bi auzoak batu eta Pagoetako parkea sortu zuten” (bien arteko gailurrak Pagomendi edo Pagoeta izena zuen).
Idazle eta bertsozalea
Bertsoak ere badira tarteko liburu honetan, idazlea ez ezik, Lertxundi bertsolaria eta bertsozalea ere baita. Aiako herrian bertso txapelketa antolatu zuen 1963. urtean. “Txapelketan parte hartu nahi zuten gazteak biltzen ahalegin handia egin zuten etxez etxe joan eta bertsolari bakoitzarekin hitz eginez”, aipatu du Joxe Mari Iriondok, Iragana gogoratuz liburua argitara-tzen lagundu dion kazetariak. Aiako txapela lortutakoa da Lertxundi eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian ere hartu zuen parte aiarrak, 1964. urtean. Hala ere, 23 urte pasa zituen bertsotan arrastorik eman gabe. Berriro bueltatu zenean, ordea, beste hainbat txapelketan hartu zuen parte.
Bertsoen bitartez izan zuen, gainera, lehenengo kontaktua Zabaleta apaizarekin Laurgainera joan baino lehen. Erretiroa hartu zuenean bertso bidez agurtu zen eta oraingo honetan ere bertsoak oinarri hartuta bukatu zuen berriki egindako liburuaren aurkezpena: “Liburutxu honekin buka-tzen dut lana”.