Bikornio, txerto eta jantziez
unduak baditu kasualitate politak, eta pasa den asteazkenean bat bizitzeko aukera izango genukeen, pandemiak hau ere lapurtu ez baligu. Ikusiko zenuten noski nola Biden-ek hartu zuen Ameriketako Estatu Batuetako buruzagitza. Ondo ospatua izan da Europan, baina ez ahaztu Trump izan zela historiako bigarren hautagairik bozkatuena, badaezpada ere. Ikusiko zenutela nion, besterik ez baitzaigu eskaini bazka gisa azken egunotan. Biden eta txertoak, txertoak eta Biden.
Ados egongo gara Washingtoneko zeremonia nahiko zeremoniatsua izan zela. Kanoiak izan ziren, duela pare bat mendeko soldadu jantziak eta zientoka urteko biblia baten gainean zin egitea. Gehienak ere modaz pasata, ez dezagun gure burua engaina. Baina tira, egun horretan bertan, eta aipatu bezala pandemiak hau ere alteratu izan ez balu, Donostiako kaleetan ere festa egongo zen. Bibliaren zatia kenduta, festa, kanoi, gastadore eta Napoleonen gisako kapelu bikornioz beteko ziren Easo ederreko kaleak dena normal joan izan balitz. Batek agintea hartu eta besteak danborra jo, baina paraleloan munduko bi toki ezberdinetan berdin jantzitako jendea genukeen begi-bistan, eta ez Hollywoodeko ereduen eraginez, erreferente historiko antzekoengatik baizik. Bitxia gutxienez bada.
Jantzi xelebre eta zeremoniatsuekin jarraiki, kafe garaian maiz xamar agertu zaigun kezka bat zabaltzera nator. Mazolarien afera, macero erdara jatorrean. Udal, diputazio edo horrelakoetan jende inportantearen atzean dagoen figura hori da, gorri-granate eta urre kolorez jantzita etortzen zaizkit niri burura, baina jar iezaiozue nahi duzuen erdi aroko kolore bat. Kasu, ez nator inorri lana kentzera, ez eta gutxiago ere, baina onartuko didazue aldundietan ekitaldiren bat dagoenean agertzen diren gizontxo hauek gaur egun ez direla oso serio gelditzen. Fournierren karta-sorta batetik ateratako txotak diruditen horiek izango dute agian arrazoiren bat hor egoteko, baina horrela jantzi beharra akaso ez da hain beharrezkoa izango. Marokoko te taberna batetik hartutako tela horiek soinean jantzi gabe ere ziur bete dezaketela euren funtzioa ederki asko.
Tradizioa dela esango du baten batek, baina eskupilotan kamiseta zuriari buelta eman bazitzaion, eta euskal pentatloian galtza elastiko itsatsiak erabiltzera saltoa eman badugu, hau ere gainditu dezakegu herri bezala.
Eta modu berean gaindi genezake lehen aipatu ditudan bi gai errepikakor horien presentzia mediatikoa, eta muturrera joanda, akaso txertoaz egunean behin hitz eginda nahikoa litzateke. Zuek ez dakit, baina nik uste dut gai nintzatekeela txerto bat jar-tzeko ikusi ditudan milioika irudiekin. Hori bai, badaezpada ere nire buruarekin saiatuko naiz lenengo, eta nire txanda iritsi arte itxarongo dut bidezidorrik gabe, ez larritu.
Temas
Más en Sociedad
-
Piratean la cuenta de X de Elmo de 'Barrio Sésamo' para publicar mensajes antisemitas
-
Detenido en Rentería el tercer implicado en la agresión a un hombre en Torre Pacheco
-
El movimiento feminista reclama más políticas preventivas en Sanfermines
-
Un estudio de la Clínica Universidad de Navarra habla de que la fragilidad de los mayores antes de una cirugía depende más del estado físico y mental que de las enfermedades crónicas