“Sentituz, bizi eta hezi”
Izaskun Arraiza (Ikasketa Burua), Esti Nagore (HH irakaslea), June Ayechu eta Ander Andueza (ikaslea), June Vidaurre, Erlantz Miramon (ikasleak).
Eskolako hainbat protagonistekin elkartu gara azken urteetan eskolan izan diren aldaketen inguruan hitz egiteko. Orain dela hiru ikasturte, Hezkuntza Departamentuko Bizikidetza Atalak abian jarritako Laguntza proiektu pilotuan parte hartzen hasi ginen, ikasgeletan ongizate emozionala eta tratu ona sustatzeko helburuarekin.
Nondik dator izen edo lelo hau (Sentituz, bizi eta hezi)?
I.A– Duela urte batzuk eskolan pentsatu genuen lekua eman behar geniela emozioei. Arestian aipaturiko proiektuan sartzeak formakun-tza zehatz batzuk jasotzera eraman gaitu. Horrela, ongizate emozionalaren inguruan eraikitako aldaketa bat egiten hasi ginen, gure eskolako nortasuna bide horretatik zehaztu nahian. Testuinguru horretan sortu zen lelo hau aldaketa prozesuaren adierazgarri eta gure eskolaren identitatearen ordezkari dena.
Zer aldaketa suposatu ditu eskolan lanketa honek?
I.A– Alde batetik, irakasleon formakuntza instituzionalean nabaritu dugu aldaketa: diziplina positiboan eta emozioen kudeaketara bideratu duguna. Hauek, ikasleekiko eta haurtzaroarekiko begirada aldatzen lagundu digute. Bestalde, eskolako espazioetan, ikasleen agendetan, irakasleei harrera egiteko moduan eta baita familiekin ikasturte hasieran egiten diren bilera orokorretan aldaketak egon dira. Gainera, irakasleak irakasleei laguntzeko tarteak sortu ditugu. Azken finean, gure egunerokoan jarduteko moduan nabarmendu dira aldaketak.
Eta geletan zer aldaketa ikusi dituzue zuek?
E.N– Gelako egunerokoan hainbat proposamen txertatzen joan gara azken urte hauetan, jasotako formakuntzetan ikasitakoa aplikatuz eta oinarrizko ohiturei jarraipena emanez. Ikasleei aukerak zabalduz goaz, ongizate emozionalerako espazio eta denborak bermatuz, beti ikaslea erdigunean jarriz.
J.V– Maitasunaren trena egiten genuen. Tren bat egin eta musuak, laztanak eta besarkadak ematen genituen. Ongi etorria emanez agurtzen gara, egun on emateko beste modu batzuk eginez. Eli-Elu peluxe bat erabiltzen genuen eta aurten hontz baten forma duen arkatz handi bat erabiltzen dugu hitz egiteko txandak emateko.
J.A– Klasean konfiantza lantzeko dinamikak egiten ditugu. Aurten lasaitasunaren gurpila egiten dugu, teknika desberdinen bitartez. Gainera, gelako usaina ere aldatu da. Bainilla, menta eta mandarina usainak erabiltzen ditugu. Gatazkak ere denon artean konpontzen ditugu, elkarrizketaren bitartez.
A.A– Gogoratzen naiz pasa den urtean borobilean eseri eta animoen txartelen bitartez elkarri animoak nola ematen genizkion. Gelako bilerak ere egiten ditugu eta erabaki desberdinak modu horretan adosten ditugu.
Nola sentitu zarete dinamika guzti hauek egiterakoan?
J.V. eta E.M– Oso gustura sentitzen gara, gustatzen zaigu guzti hori egitea.
A.A eta J.A– Lasaitzen du asko, azterketa baten aurretik ere lasaitzeko ariketak egiten ditugu. Emozioei leku egiten jarraitzea ona izango litzateke.
Zer proposamen gehiago egingo zenituzkete?
A.A eta J.A– Liburutegi txiki bat egitea eskolan.
J.V. eta E.M– Gehiago jolastea eta jostailu gehiago izatea.