Iñigo Aritza Ikastolatik idazten dugu, hezkuntza-eragile gisa dugun egitekoaz eta konpromisoaz hausnartzeko asmoz. Izan ere, ikastola bat ez da soilik ikasteko espazio bat: herritik sortutako proiektua da, komunitatearekin batera eraikia eta komunitateari begira jarduten duena. Horregatik, gure lanaren zentzua pertsonak heztean eta herriari ekarpena egitean aurkitzen dugu. Horretarako sortua izan zen, eta horretan jarraitzen du gaur egun ere.
Gure hezkuntza-proiektuaren erdigunean pertsona eredua dago. Ezagutzen transmisioa ezinbestekoa bada ere, uste dugu hezkuntzaren egitekoa harago doala: pertsona osoak, orekatuak eta konprometituak heztea da giltza. Pertsona eredu horrek hainbat bereizgarri barnebiltzen ditu; besteak beste, euskalduna izatea, barne sendotasuna izatea, bere burua ezagutzeko eta emozioak kudeatzeko gaitasuna garatzea, eta gizartearekiko begirada arduratsua izatea.
Helburu horiek ez dira diskurtso hutsean geratzen, eguneroko praktikan gauzatzen baitira. Ikasgelatik harago doazen proiektu eta jardueren bidez, ikasleek esperientzia esanguratsuak bizitzen dituzte: elkarlaneko dinamikak, jolasa eta esperimentazioa ardatz dituzten proposamenak, hezkuntza emozionala lantzeko espazioak eta komunitatearekin lotura zuzena duten ekimenak. Horien bidez, ikasleen garapen pertsonala eta soziala indartzen da, ikastola komunitate bizi baten parte direla sentituz.
Familien parte-hartzea funtsezkoa da gure hezkuntza-proiektuan. Horren adibide da Familia espazioa: ElkarrekineZ, familientzako topagune eta jarduteko espazio segurua, non tailerrak eta jolas-guneak antolatzen ditugun familiek elkarrekin aritzeko, esperientziak partekatzeko eta komunitate-sentimendua sendotzeko. Ildo horretan, abiatu berri ditugun tailer irekiak ere azpimarratu nahi ditugu, bereziki Haur Hezkuntzako egitasmoaren baitan: jarduera sentsorialak, esperimentatzeko espazioak eta jolasa oinarri dituzten proposamenak, haurren inguruan ardaztuak eta haien erritmoak, beharrak eta jakin-mina errespetatuz. Ekimen horiek guztiak euskara ardatz izanik garatzen dira, hizkuntza bizia delako harremanak ehuntzeko eta komunitatea kohesionatzeko giltzarria. Horrela, familien eta ikastolaren arteko lotura estutzen dugu, hezkuntza-proiektua benetan partekatua bihurtuz.
Ikastola ikastetxe irekia, anitza, ez diskriminatzailea da, gizartean ematen diren aldaketa azkarrei eta heziketa premiei egokitzen dakiena, bertaratzen diren ikasleen aniztasunari erantzuteko gai dena bere hezkuntza proiektuan integratuz.
Eztabaida eta koordinazioaren bidez, gure Ikastolak kudeaketa eta funtzionamendu eredu egoki eta eraginkorrak ezarri nahi ditu, hezkuntza komunitateko kide guztien partaidetza sustatuz.
Ikastola, azken finean, hezkuntza proiektu kooperatiboa da: familien, hezitzaileen, ikasleen eta herriaren arteko elkarlanetik sortua. Herritik, eta herriarentzat. Pertsonak erdigunean jarrita eta komunitateari begira jardunez, etorkizun euskaldunago, justuago eta gizatiarrago baten alde lanean jarraitzen dugu.
2026-2027 Matrikulazioa kanpaina abian
Matrikulazio garaian gaudela baliatuz, gure ikastola ezagutu nahi duen edonor gonbidatuta dago ate irekietara etortzera: otsailaren 20an, ostiralean, arratsaldeko 16:00etan, eta otsailaren 28an, larunbatean, goizeko 11:00etan izanen dira bisitak. Horrez gain, bisita pertsonalizatuak eskatzeko aukera ere badago. Herritik ikastolara, ikastolatik Euskal Herrira.