2023ko irailan txarangan parte hartzeko deialdia zabaldu zen, Uxoa Iriazabal musikako irakasleak bulkatuta. Ganbarak husteko deialdi bat egin zen, ahantzitako instrumentuei hautsa kentzeko. Horrela, parte hartzera ausartu zirenak klaseen ondotik entseatzen hasi ziren, euren lehenbiziko emanaldia egiteko Euskararen Egunean. Handik gutxira, ikastolatik herrirat ateratzeko momentua ailegatu zitzaien, Olentzero arratsaldean, hain zuzen.
Txaranga komunitatearentzat
Txaranga komunitate osoari irekia izan da hastapenetik; hori dela eta, erran gabe doa, instrumentu guziak ongi etorriak izan dira. Horrek ekarri ditu gutxitan ikusten ohi diren soinu-konbinazioak, panderoa eta biolontxeloa elkarrekin, kasurako.
Musika esperientziak partekatzea zen txarangaren helburua. Hasiera batean, ikastolak urtero antolatzen dituen kalejira nagusiak girotzeko asmoz jaio zen; hau da, Eguberri bezperakoa, Agate Deunakoa eta Ikastolaren Egunekoa. Gerora, bertze zenbait egitasmotan ere parte hartu du, adibidez, arestian erran bezala, ikastolan urtero antolatzen dugun Euskararen Nazioarteko Eguneko emanaldian, baita Gaba Beltzan ere.
Txaranga kohesio sozialerako tresna ere bada. Entzuleak –herritarrak– elkartzeaz gainera, adin guzietako musikariak ere elkartzen ditu: ikasleak, irakasleak, gurasoak, senideak eta ikasle ohiak, denak batean. Txarangak juntatu ditu musikari berriak, ohiko musikariak, musika-eskolan ikasten ari direnak… baita 20 urte tresna jo gabe izan direnak ere! Eskolen ondotik biltzen dira entseatzeko, musika gelan. Ahal duenak ahal duenean parte hartzen du; guztiz boluntarioa da eta bakoitzaren errealitatera eta kontziliaziorako egokitzeko aukera dago.
Tradizio handia
Txaranga ez da ausaz jaio, baizik eta tradizio handiko ibilbide baten ondorio da. Alde batetik, ukaezina da Berako herriak Euskal Herriko musika eszenari urtetan eta urtetan egin dion ekarpena. Horren lekuko da Pablo Salgado Mendezek 2022an kaleratu zuen Bera izeneko liburua, zeinean aipaturiko ekarpena aztertzen duen. Bertzetik, ikastolak sorreratik izan du lotura berezia musikarekin eta harreman horretan bada eragile bat aipa gabe ezin utzi litekeena: Begoña Rudi, Labiagako irakasle ohia eta Isidoro Fagoaga Musika Eskolako sortzailea. Hari esker musika eta musikariak ez se sekula ikastolatik urrun izan.
Txaranga ikasleentzat
Aunitz dira txarangak ikasleengan dituzten onurak. Lehenik, bati baino gehiagori grina biztu zaio, utzia zuten instrumentuari berriz ere ekiteko modukoa. Bertzetik, komunitateari ekarpen handia egiteko aukera badute aunitzek lehenbiziko aldiz. Gainera, ez da ukatzen ahal erakargarria dela, izan ere, bertzeak bertze, musika herrikoiari errepertorio gaurkotua ere batu zaio. Beras, musika ludikotasunetik bizitzera ere gonbidatzen ditu ikasleak. Bertze modu batera erranda, jostatzeko bertze modu bat ere bada txarangan parte hartzea.