Abestiaren ildo beretik, parte-hartzea eta elkarlana gailendu dira aurtengo Nafarroa Oinezen bideokliparen ekoizpenean. Bideo zirraragarri bat izan da auzolan musikal eta koloretsu honen emaitza. Buruz, bihotzez, oinez leloaren erritmoan islatu ditu ikastolen mugimenduaren ezaugarri diren elkartasuna eta lan kolektiboa, baita Nafarroa Oinezen jai-giro alai eta bizia ere.

Diego Azanzak sortu eta editatu du Nafarroa Oinezen bideoklipa.

Diego Azanzak sortu eta editatu du Nafarroa Oinezen bideoklipa. Utzitakoa

Paz de Ziganda Ikastolako ikasle ohi Diego Azanzak sortu eta editatu du bideoklipa eta bertan era batera edo bestera agertzen diren hainbat pertsonaren laguntza izan du. Abestiaren interpreteez gain, ikasle, ikasle ohi, langile, guraso eta kooperatibista ohi ugarik parte hartu dute, duela urte batzuk ikastola-ereduaren alde egin eta Paz de Ziganda Ikastola eraikitzen lagundu zutenak.

Halaber, ikastola hazten ikusi duen herriaren parte dela islatzeko, kanpoko eszena guztiak Atarrabian grabatu dituzte. Hala, herriko hainbat txoko esanguratsu ikus daitezke bideoan; hala nola, Ezkaba mendia eta Arreko Trinitateko zubia. Azken txoko horretan ageri dira abestiaren letrak aipatzen dituen Atarrabiako inauterietako pertsonaia mitologikoak (Mari, Mikelats, Atarrabi eta Sugaar), Motxila 21 taldeko partaideek lagunduta. Eta ikastola bera falta ezin zenez, bideoklipa jolastokiaren airetiko irudi batekin amaitzen da. Bertan, ehunka lagunek osatzen dute Nafarroa Oinezen aurtengo edizioaren logoa.

“Buruz” egindako bideoklip bat dugu honakoa, helburu argi batekin sortua, auzolana aldarrikatu eta haur, gazte eta helduak dantzarazteko asmoa duena. “Bihotzez”, euskara eta Atarrabiako herria erdigunean eta mugimenduan jarri ditu. Eta, “Oinez”, Paz de Ziganda ikastolaren iragana eta jatorria ahaztu gabe, aurrera egiteko bultzada ematen dio ikastolari.