-Harremanak, 36ko gerra, memoria, oroitzapenak, Iruñeko kaleak, labezomorroak eta Audi A4 zuria. Amatxi, aita, alaba. Usoak eta dragoiak. Hedoi Etxartek idatzi duen Sortaldekoak poesia liburuan guzti hori dago, hori eta aunitz gehiago. Hamaika modutan definitzen saiatu gintezke edo inola ere ez. Poesiaz ari garelako, eta poema bat ez delako osatzen irakurlearen galbahetik igarotzen den arte. Zirkuitu elektriko baten pare, idazlearen barne bultzadatik hasi eta leitzen duen horrengana ailegatzerakoan soilik ixten da lotura, orduan sortzen da argia. Konexioa da. Beraz, gauza bakar bat erran daiteke Etxarteren liburuaz: ezin da azaldu, irakurri behar da.

Hasi gaitezen azaletik. Erdi koloreztatuta erdi txuri-beltzean agertzen zaigu irudia, lau persona bertan. Horietako bat, amatxi. Lotura dauka liburuko azken poesiarekin ere.

-Azken poema gure amatxiri egindako maitasun deklarazio bat da, azaleko argazkiko beheko aldean ager-tzen dena, ezkerrean. Benetako argazki bat da, baina ez da zehazki halakoa. Emaitza baino gehiago, argazkiaren ezaugarririk interesgarriena azala diseinatu duen Alain Urrutiarekin izan nuen solasaldian aipatu genuena zen. Entitate handiko amatxiren beste argazki batzuk banituen, horietako bat erabili nezakeen azalerako, baina hori arazo bat izango litzateke artista zerbait gehitzeko espaziorik gabe geldituko litzakeelako. Alainek bere ekarpena egin beharra zuen, eta gogoeta hurrengoa izan zen: oroitzapenak, bisitatzen ditugun bakoitzean aldatzen ditugun gauzak dira. Aldatzen ditugun ezaugarri horien artean ematen dizkiogun koloreak daude, baita oroitzapen horien inguruan kokatzen ditugun bestelako elementuak ere.

Liburuari berari egiten dio erreferentzia, beraz. Oroitzapenen berreskurapen ariketa bat egin duzu bertan?

-Bai, eta liburu honetan sartu dira literarioki hoberenak kontsideratu ditugun poemak, ikuspegi emozional batetik agian inportanteagoak ziren beste batzuk alde batera utziz. Baina guzti hori atzean egon da: memoria, oroitzapenak, geldituko dena, oroi-tzapen horien jatorrian dauden lekuak... Liburuan agertzen diren familiako kontu batzuk gure amonak kontatuak dira, beste batzuk gure aitak amonari buruz kontatutakoak, beste batzuk inork kontatu gabeak baina historia liburuetan irakurri eta zuhaitz genealogikoarekin lotutakoak, beste batzuk historia liburu horiek idatzi dituztenek idatzi ez baina kontatu dizkizutenak...

Memoriaren funtzionamendua.

-Hala da, memoria gauza plastiko bat da, zuloak dauzkana. Zulo horiek ba-tzuetan oker betetzen ditugu.

Edo irudimenarekin bete...

-Edo zerbait oso mingarria denean ezabatu, inoiz existitu ez balitz bezala.

Mina aipatu duzu, liburuan toki nabarmena duen kontzeptua. Bertol Brechten zita batekin ireki duzu lehenengo atala, minak eragiten dituen orbainetaz hitz egiten diguna. Lazgarriak izanagatik ihes egiten utzi nahi ez diren oroitzapenetaz ari gara?

-Bai, eta uste dut sarritan gertatzen den zerbait dela. Batzuetan, aldika doa. Hau da, batzuetan zerbaitek ez dizu unean bertan min egiten, handik aldi batera eragiten dizu mina. Beste batzuetan zuri zuzenean gertatu ez zaizun zerbaitek egiten dizu min. Bitxia da, ze horren inguruko gogoeta egin dut baina ondoren poemak idazten saiatu naizenean ahaleginetako bat izan da hori ez egotea, ahalik eta prosaikoena izatea. Soilik gertakizunak agertzea, ez egotea horren gaineko epairik, interpretazio minimoarekin. Poemaren forma egon da gainetik. Helburu bat izan da, eta horregatik gelditu dira poemetako batzuk kanpoan.

Egunerokotasunetik edaten duen liburu bat dela erran daiteke?

-Egin ditudan hiru liburuetan, eta orain kontzienteagoa naiz horretaz, prozesu bat jarraitu dut. Poesiak bultzadetatik sortzen dira, ondoren poesia horiek liburu bat osatu behar dute, eta liburua egiterakoan ahots zehatz bat bilatu behar duzu: horrek eragiten duena da oso adi egotea zuk bilatu dituzun erreferenteek aipatzen dituzten gaiekiko. Lau erreferente izan ditut bereziki liburu honen harira: Emily Dickinson, Edna St.Vincent Millay, Sharon Olds eta Louise Gluck. Lau idazle horiek toki handia ematen diote naturari euren lanetan. Erabaki estrategiko hori hartu nuenerako, dagoeneko banituen bi poema gure txakurrari buruzkoak, labezomorroarena ere, usoarena... Eta horrelako erabaki bat hartu ondoren, zure inguruan eta egunerokoan gertatzen denarekiko adi egon behar duzu, une horietako batean egon daitekeelako poema.

Zeintzuk izan dira azkenean liburua osatu duten poemak aukera-tzeko irizpideak?

-Hor egon den kontuetako bat izan da liburuan jorratutako ahotsarekin bat egiten zuten ikustea. Inguruan ditudan horiek eta editoreek lagundu didate horretan. Azkenean, ahotsa tonu kontu bat da. Ahots horrekin edozein gairi buruz hitz egin dezakezu. Idatzitako poema batzuetan aurreko liburetako ahots hori atera izan zait, eta kasu horietan kanpoan gelditu dira. Beste batzuetan, ez duzu lortzen esan nahi duzun hori transmititzea. Hori ere gertatu izan zait. Konbentzituta egon zaitezke, eta bueltak ematen ahal dizkiozu, baina ba-tzuetan, besterik gabe, ez duzu lor-tzen.

Nola definituko zenuke liburu honetan eraiki duzun ahotsa?

-Erosoago sentitzen naiz esaten zein-tzuk diren nire maistrak, ahotsa definitzen baino. Konturatzen naizelako definitzen hasten naizenean hitz horiek irakurtzen dituenak ez duela bere osotasunean ulertuko zertan da-tzan liburua. Etxeko kontuez aritzen naiz, familiaz, paisaiez, animaliekin daukagun harremanaz... Baina asko kostatzen zait esatea hau intimoa den hala ez, esanahi desberdina duelako hitz horrek bakoitzarentzat.

Liburuan pertsona ugari agertzen dira, baita lekuak eta paisaiak ere. Erretratuak dirudite.

-Azkenean, Sharon Oldsek egiten duen bezala, ingurukoaz hitz egiten dute poemek, harremanetaz, lekuetaz. Beti iruditu zait oso interesgarria inguruan dituzun gauza horietaz pentsatzea: zer diren harremanak, zer den gure bizitza, zerk ematen digun poza... Horrekin poemak egiten saia-tzeak badu itzuliko zerbait. Zerbaiti dedikatu diozunean gero inprimatuko den poema bat, elementu hori distortsionatu egiten da, beste maila batean kokatzen da. Dimentsio berri bat ematen dio poemak.

Horrek gaien aukeraketa zaildu du?

-Bereziki liburua bukatzen ari nin-tzenean, ahalegin handi bat egin behar izan nuen nire benetako bizi-tzaren justiziaren zentzua ez sartzeko. Nire txakurrari bi poema egin dizkiot eta nire bizitzan oso inportanteak diren pertsona batzuk ez dira ager-tzen, adibidez. Baina hau ez da eren-tzia liburu bat, beste gauza bat da. Irakurle askorentzat nire aitaren herio-tzari buruz idatzi dut, baina nire ustez hori ez da egia. Badaude poema ba-tzuk nire aita ospitalean zegoeneko paisaiari buruz hitz egiten dutenak, baina ez nire barne prozesuari buruz.

Aldi berean, poemetako batzuetan oso esplizitua izan zara gai batzuekiko. Bertigorik izan duzu, alde horretatik, liburua plazaratzerakoan?

-Aurreko liburuetan baino askoz gehiago. Lehenengo liburua surrealismotik egina zegoen, bigarrena espresionismotik hurbilago. Honetan, bertigo handia sentitu dut eta horren froga da lotsaz bizi izan dudala editoreei poema zehatz batzuk erakusteko unea, eta hori aurretik nire lagun handienari erakusten nizkiola. Galderak beti izan dira bi, une horietan: Nire bizitzatik kontatzen ari naizen hau, kontatu daiteke? Eta bi: Hemen poema bat badago? Editoreek ikusi aurretik bi baiezko horiek behar nituen.

Ausardia ariketa bat badago guzti honen atzean?

-Izan daiteke. Egoera lazgarrien aurrean, adibidez. Niretzat ez da ariketa terapeutiko bat, bai aldiz edertasunarekin lotu daitekeen kontu bat: zerbait latza gertatu zaizunean forma artistikoa duen zerbait egitea lortzea. Gai horiei buruz poemak idatzi nahi badituzu, bete betean sartu behar zara gai horietan, eta horrela agertu. Ezin duzu gogoeta politiko bat egin politikaz hitz egin gabe, ezin duzu poema erotiko bat idatzi sexua aipatu gabe, ezin duzu egunerokoaren inguruko poema liburu bat landu gauza zehatzei adi egon gabe.

Exibizionismo puntu bat badauka guzti honek, ezta?

-Hori da. Eta aldi berean, edonor bere etxeko sofan baldin badago liburua irakurtzen, belarrira aritzea bezala izan daiteke.

Zentzu osoa hartzen du, edonola ere, besteak irakurtzen duenean.

-Horregatik, nire buruari jarrio diodan beste baldintzetako bat izan da inguruko jendea ez konprometitzea. Ezin dut ezta pentsatu ere egin mota honetako poema batean baldin badakit irakurtzea nahi ez dudan norbaitek irakurri dezakeela. Horrek kendu dit, poesia gai bezala, nire gaztaroaren %90, Euskal Herrian gertatu delako.

Exhibizionismo ariketa bat den momentutik, nola eragiten dizu besteen begiradak?

-Orain arte ez zaio garrantzia handirik eman exhibizionismoaren alde horri. Eta bitxia da, ze nik esango nuke toki handia duela liburuan, bai istorio esplizituetan bai orokorragoak direnetan ere. Izan daiteke badaudelako beste gai batzuk bat-batekoan edo beroaldiaren une horretan, mediatikoki edo iritzigin-tzan presentzia handia dutenak. Oraingoz, esan behar dut harrera oso atsegina eta oso beroa izaten ari dela. Hori gertatzen denean ez dakizu zergatik den: harremana izanen du aita duela hamar hilabete hil izanak, alde batetik; eta ikuspegi luzeago batetik, uste dut momentu pertsonal onean datorrelako ere. Hirugarren poema liburua da, 35 urterekin... Kultura orokorreko baldintzak ere hor daude.

Zeintzuk dira baldintza kultural horiek?

-2021 ekialdearena izango zela esan nuen duela ez asko, eta uste dut gauza bereziak gertatzen ari direla Iruñerrian, une berezia dela. Ibil Bedik sarrera guztiak agortzea lortu zuen hasi berritan, Chill Mafia ere hor dago, Karrikiri berraktibatu da, Iruinkokoak lortu du 2021ean ere kalera ateratzea, Broken Brothersek disko berria prest dauka, Laba sortu da... Espazio oso txiki batean aniztasun estetiko handiko mugimendu kultural bat gertatzen ari da. Iruñerrian badaude urte askoz lanean egon diren sor-tzaileak eta orain horren eklosio bat ematen ari da. Gauetik gatoz, abestiak esaten duen bezala.

"Memoria gauza plastikoa da, zuloak batzuetan oker betetzen ditugu, besteetan mingarria zaigun hori betiko ezabatzen dugu"

"Iruñerrian aniztasun estetiko handiko mugimendu kultural bat gertatzen ari da, une oso berezian gaudela uste dut"