Sari borobila irabazi du Maite Mutuberriaren liburu borobilak, hain zuzen ilustratzaileak bere ibilbidea abiatu zuenetik hamar urte bete diren honetan. 2012an plazaratu zen bere lehenengo ilustrazio lana eta ordutik hamaika proiektutan buru-belarri aritu da eltzaburuarra. 40 liburu inguru ilustratu ditu, 10 idazle baino gehiagorekin elkarlanean aritu da, kontaezinak dira liburuez aparte egin dituen kolaborazioak. Ez da gelditu. Eta horretarako beharra baduela ere onartzen du. Erritmoa geldotzeko beharra, proiektu bakoitzean merezi duen bezala murgildu eta bere barne munduan sortzen diren irudiak azalera-tzekoa, komunikatu nahi duen hori nahi duen moduan islatu ahal izateko.

Euskadi Literatura saria ez da edonolako onarpena… Nola jaso zenuen berria?

Oso pozik, ezin dut besterik esan. Asebeteta. Azken aldian erabaki asko hartzen ari nintzen, lan askori ezetz esaten beste lan batzuk lasaiago egiteko… Gauzak aldatu behar nituela sentitzen nuen. Sariarena une honetan behar nuen errekonozimendu hori izan da alde batetik eta, bestetik, bultzada ekonomikoa ere.

Alde horretatik, ilustrazioarena aski prekarioa izan daiteke ofizio bezala, ezta?

Bai, eta niretzat hau ofizio bat da, hitz hori asko gustatzen zait. Ez dut nire burua artista bezala ikusten, niretzat ofizio bat da. Asko gustatzen zait eta egunero honetan trebatzen naizela sentitzen dut, baina aldi berean oso prekarioa da. Literatura da, orokorrean, oso prekarioa. Nire lana hobetzeko eta motibazio hori lantzeko proiektu gutxiago hartzen ari naiz orain, proiektu bakoitzari denbora gehiago eskaintzeko, baina horrek eramaten du ekonomikoki kili-kolo egotera.

Zeintzuk dira zure irizpideak lan bati baiezkoa edo ezezkoa emateko?

Lehenik eta behin, argi sentitu beharra dut egin nahi dudala. Bestalde, urteekin bide bat egiten joan behar zarela uste dut, eta nik argi daukat literatura ilustratzea gustatzen zaidala. Horretan trebatzeko, bide horretan ez dauden proiektuak baztertzen joan behar zara. Proiektuak, izan ere, egiten dituzun lanen arabera iristen zaizkizu. Publizitatea, eskoletarako testu-liburuak, tailerrak… Burua beste nonbaitera eramaten didatela iruditzen zait. Sortzeko, proiektu batean murgiltzea beharrezkoa dela uste dut, eta azkeneko urteotan hamaika gauzetan sartuta ibili izan naiz.

Saria, gainera, sari eta erdi izan da kasu honetan, Leire Bilbaok irabazi baitu Haur eta Gazte Literaturaren Euskadi Saria, zuk ilustratutako ‘Barruko hotsak’ lanarekin…

Bai, poza bikoitza izan da. Denbora piloa eskaini genion liburu horri, nik egin nuen maketazio eta diseinu lan osoa, lehen aldiz. Ez da liburu erraza, poesia da, proiektu txikia alde horretatik, eta sariak bestelako ikusgarritasuna ematen dio. Beraz, pozik.

Ez da egin duzun kolaborazio bakarra: Castillo Suarez, Ander Izagirre, Uxue Alberdi…Maiz elkarlanean egiten den ofizioa da zurea, ezta? Nola izan ohi da prozesu hori?

Oso ezberdina da segun eta norekin lan egiten duzun, bakoitzak duen sormena islatzeko modua desberdina delako. Lehenengo idazlearekin hitz egitea eta gero nik nire espazioa edukitzea gustatzen zait, hala ere. Lehenengo, bere testua irakurriz zer kontatu nahi izan duen ulertzen saiatzen naiz eta, gero, ni nirean jar-tzen naiz: zirriborro pila bat egiten ditut eta hortik joaten naiz nik kontatuko dudan istoriorako ilustrazioak arrantzatzen. Marrazki asko egiten ditut idazlearen tonuari heltzeko. Ez dut oso kontziente egiten, kontua da hor murgiltzea, eta hortik gauza berriak ateratzea. Ateratzen den horrek ez du zertan zerikusirik izan behar idazleak pentsatzen zuenarekin.

Ezustekoan hartu ditu bat baino gehiago?

Hasieran gertatu izan zitzaidan, baina aspaldidanik ez. Askok ez dute espero emaitza, ezustekoa hartzen dute baina ez zentzu txarrean. Sentitzen dut idazleek ulertzen dutela hau horrela izatea, sorkuntza prozesuaren parte dela eta, beraiek testua pasatzen didaten momentutik, nik nire eremura eramango dudala.

Eta sortzeko prozesu hori ederra da, gainera, ez?

Bai. Polita da, eta aldi berean badakit hasierako inpresioa askotan ez dela imaginatu edo espero dutena.

Hala ere, idazle bat zurekin harremanetan jartzen bada bere lanetako bat ilustratzeko, zure lana edo zure estiloa gustatuko zaiolako izanen da, ezta?

Bai, edo proiektua planteatzeko dudan modua. Ez zait iruditzen estilo oso identifikagarria daukadanik, baina pentsatzen dut gustatuko zaiela istorioak kontatzeko dudan modua eta hori ezagututa errespetatuko dutela nire lana.

Estiloa baino, akaso ahots propioaz hitz egitea da hobe? Zure barne mundu hori islatzeko gaitasuna?

Uste dut hori dela nire borroka. Horregatik nabil beti aldatzen eta gauza berriak probatzen. Lehengo lanak begiratzen ditudanean, duela 10 urteko Maite horren lanak, zertan saiatzen ari nintzen ikusten dut, baina ez dut egungo Maite hau ikusten. Uste dut gero eta lasaiago gelditzen naizela proiektuekin, denbora eskaintzen diedalako eta nire barruan dagoen hori ateratzea lor-tzen dudalako. Garapen hori ikusten dut. Horregatik hasi nintzen berriro eskuz marrazten duela urte batzuk… Eskuz marrazteak denbora uzten dizu, ez da teknika kontua bakarrik. Barne mundu hori azaleratzeko, gauza berriak probatzeko eta akatsetatik gauza berriak deskubritzeko tartea ematen du. Ordenagailuarekin lan egiterakoan, zuzenean emaitzara zoaz. Dena hainbestetan aldatu daiteke, bide horretan galdu egiten nintzela.

Marrazkiarekin duzun harremana, akaso, fisikoagoa da eskuz marrazterakoan?

Agian analogikoegia gelditu naiz, baina bai, deskubrimenduaren irrika berezi hori eskuz bakarrik lortzen dut. Proiektu bat hasten naizenean, hasierako prozesu horretan, lehen aurkitzen ez nituen erantzunak aurkitzea lortzen dut eskuz lan egitean. Badago berezia den zerbait burutik eskura doan bide horretan.

Elkarlanean liburu andana plazaratu dituzu, baina baita bakarka ere. Lehenengoa ‘Lohia’ lana izan zen. Idazlearen eta ilustratzailearen artean ematen den alde hori hautsi eta zure izena lehenengo planoan jarri zenuela sentitu zenuen?

Bai, guztiz. Lan horrek ikusgarritasun handiagoa eman zidan eta uste dut ez zela liburuaren gaiagatik izan, egiletzagatik baizik. Elkarrizketa pila baterako deitu ninduten. Egia da helduentzako lan bat dela, ez da haur literatura, eta horrek ere zerikusia izan zezakeela; baina uste dut egile-tzak ere beste leku batean jarri zidala jendaurrean. Agian ez da egin dudan libururik arrakastatsuena, baina ikusgarritasun handia izan duena bai.

Autofikzioa deritzonaren baitan sartu daiteke ‘Lohia’. Beldurra eman zizun halako lan bat plazaratzeak edo momentuan bertan beharrezkoa zenuen zerbait izan zen?

Lan hori sortu beharra nuen momentu horretan. Sorkuntza lan horretan oso gustora ibili nintzen eta bukatu nuenean asebeteta gelditu nintzen, harro, nolabait esateko. Lana kaleratu zenean aldiz, ez zen erraza izan. Orain, urteekin, beste modu batera ikusten dut. Egin nuena fikzio lan bat izan zela sentitzen dut, momentu horretan beste modu batera kontatu nuen arren. Nik nahi nuena baino gehiago ireki ninduen jendaurrean horrek, galdera pertsonalagoak egin zizkidaten… Hilabete horietan ez nuen ongi pasatu.

Nola azalduko zenuke lan hori, orain?

Izkutatu gabe nondik jaio zen, baina argi utziz sorkuntza prozesu bat izan zela, fikzio bat dela, eta nire asmoa narrazio bat egitea izan zela. Irakurlean pentsatu nuen lan hori garatzerakoan, istorioak eskatzen zidanean. Batzuetan ez da erraza muga hori ezartzea.

Egin dezagun jauzi bat iraganera. Zein da marrazkigintzarekin lotutako lehenengo oroitzapena?

Azken aldian errepasoa egiten aritu naiz horren inguruan. Eltzaburukoa naiz eta herrian ez genuen liburu-dendarik ez liburutegirik, etxean ez genuen liburu gehiegirik ere, baina egia da amak Ipurbeltz aldizkariak ekartzen zizkidala etxera. Nire ahizpek ez zituzten iraku-tzen baina nik bai… Jakin gabe baneukan komikigintzarekiko joera bat. Beranduago, Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi nuen, baina beti joaten nintzen liburu-dendetara haurrentzako albumak begiratzera eta erostera.

Eta zergatik Ikus-entzunezko Komunikazioa? Harremana badauka, doike…

Bai, harremana dauka eta esker-tzen dut gainera hori ikasi izana. Uste dut lagundu didala komunikazioa egiten dudala ulertzen. Ez dut sentitzen artea egiten dudanik, uste dut komunikazioa egiten dudala. Momentu hartan, ikasle oso ona nintzen eta institutuan ez zidaten Arte Ederrak egitera animatu, beraz bide hori aukeratu nuen. Ondoren, ilustrazioa ikasi nuen Madrilen. Azkenean, uste dut bakoitzak bere bidea egiten duela eta urteekin zen-tzua hartzen doala. Lagundu zidan egin dudan bidea egiteak, bideak ez du zertan bide zuzen bat izan behar.

Zein momentutan ikusi zenuen marrazkigintzan bide profesionala egiteko aukera? Ez zen erabaki erraza izanen, ezta?

Madrilen nengoen produkzio etxe batean lanean. Lanean oso txukuna naizelako eta emakumea naizelako ere, produkzio lana egiten nuen bakarrik. Antolakuntza. Eta gorroto dudan lan bat da. Beraz, uztea erabaki nuen, eta ilustrazioaren bidea aukeratu nuen. Liburugintza gauza txiki eta polit bat iruditzen zitzaidan. Orduan ez zidaten batere animatu, baina konfiantza nuen egin nezakeela.

Ilustrazioaren arloan genero alde hori existitzen dela erranen zenuke? Nola ikusten duzu egoera?

Beti egon dira emakumeak ilustratzailearen arloan, hor dugu Asun Balzola, adibidez. Baina zalantza bat daukat gai honekin. Emakume asko gara alor honetan eta beti pentsatu izan dut: jo, zein ongi, zenbat emakume. Baina Joanna Russen Cómo acabar con la escritura de las mujeres liburuan irakurri nuen paragrafo zehatz batek zalantzan jarri ninduen. Bertan ez zuen zuzenean ilustrazioaz hitz egiten, arte dekoratiboen inguruan aritzen zen, eta zioen haur literatura maiz emakumeek egiten dutela zaintzarekin zerikusi zuzena dutelako. Ez du esan nahi, beraz, ilustrazioan leku bat irabazi dugula, baizik eta gizarteak emakume bezala ezartzen dizkigun baloreekin eta rolarekin lotura zuzena duelako gaudela hor. Arte txiki bat bezala ulertua izan da. Buruak “klak” egin zidan hori irakurri nuenean. Zergatik daude hainbeste emakume irakaskun-tzaren arloan? Edo erizaintzan? Arrazoi berarengatik.

Lanbidearen prestigioarekin ere zerikusia dauka?

Noski. “Zein polita marrazkitxoak egitea”, esaten dizu jendeak, baina gero ez du behar haina prestigiorik.

Azkeneko garaietan ez da gehiago baloratzen, akaso? Helduentzako gero eta liburu ilustratu gehiago argitaratzen dira…

2008 ingurutik aurrera, ebook-ak eta halakoak sortu ziren garai horretan, ilustrazioaren boom bat eman zen. Merkatuan bere lekua egiteko, literatura asko ilustratzen hasi zen, liburua objektu bezala saltzen eta edizio txukunak egiten. Ordutik hona, hazi egin da merkatua. Azkeneko urteotan berriz orekatzen ari dela uste dut.

Zer dauka liburuak, objektu bezala, teknologia horiei aurre egin diela?

Rituala da. Niretzat behintzat, liburu bat hartu eta irakurtzea nire eguneko momentua da, pantailetatik aldentzen nauena. Beste modu batera irakurtzen dugu pantailarik gabe. Ebook-ean irakurri eta, nolabait, desagertzen da irakurtzen duzun hori. Orriak pasatze hori… Badaukazu harreman fisiko bat liburuarekin, eta bestela ez.

Irakurketa eta marrazketa oso lotuta daudela esanen zenuke?

Bai, nik irudiak irakur daitezen sor-tzen ditut. Niretzat, irudiak irakur-tzen dira.

Hamarkada bat daramazu ilustra-tzaile bezala. Une hauek badira, nolabait, ibilbidea baloratzeko momentuak. Horretan pentsatu duzu?

Balorazio hori egin dut hamar urte direlako, sariarengatik ere… Baneraman denbora, aurretik ere, honetan pentsatzen. Harro nago lortu dudalako honetaz bizitzea, nire lana utzi nuelako hau egiteko. Baina lan erritmoa aldatzea gustatuko litzaidake. Liburu bakoitzari beste denbora eta mimo bat eskaintzea. Ez da erraza, hala ere. Beste alde batetik, nire liburu propioak lantzeko gogoa daukat. Beste egileekin elkarlanean aritzea gustatzen zait, baina nireak diren proiektuak garatu nahiko nituzke.

Oso prozesu desberdina jarraitzen duzu bakarka lan egiten duzunean?

Bai, eta Lohia-rekin eta Irrimola-rekin bizi izan dudan prozesua asko gustatu zait. Album bat engranaje perfektu bat da, non testua eta irudia uztartzen diren. Irrikagarria da. Testua sortzen duzu eta horrek ilustrazio batzuk egitera eramaten zaitu, eta aldi berean ilustrazio horiek testua aldatzea eskatzen dute. Zure buruan, bi gauzak batera sortzen dituzu, osotasun batean pentsatzen duzu. Gustukoen ditudan albumak egile bakarrek egindakoak izan ohi dira. Album horietan oso ongi ikusten da aipatutako hori, zein ongi enkajatzen duen denak.

Zeozer daukazu esku artean?

Bai, baditut ideia batzuk, baina hor daude… Horietan murgiltzeko denbora hartu nahiko nuke.