Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalaren atariko azken saioa jokatu zen atzo Lesakako pilotalekuan. Abenduaren 2an Anaitasunan jokatuko den finaleko zor-tzikotea argituko zuen saioa izanik, zirrara nabarmena zen bai publikoan baita bertsolariengan ere. Urduritasunak urduritasun, Joanes Illarregi nagusitu zen, 525,5 punturekin, finalerako zuzeneko pasea eskuratuz. Haren atzetik gelditu ziren Eneko Lazkoz, 521,5 punturekin; Josu Sanjurjo, 492,5ekin; Eki Mateorena, 458 punturekin; Mikel Lasarte, 453,5ekin eta Beñat Astiz, 401 punturekin. Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria, Mikel Beaumont, Nerea Bruño eta Saioa Mitxelena aritu ziren epaile lanetan.

Behin puntu guztiak argituta, gai-jartzaile aritu zen Alaitz Rekondok iragarri zuen Nafarroako Bertsolari Txapelketako edizio honetako finalean arituko den zortzikotea: Saioa Alkaiza Guallar, Julio Soto Ezkurdia, Joanes Illarregi Marzol, Eneko Lazkoz Martinez, Josu Sanjurjo Alzuri, Saats Karasatorre Martinez eta Sarai Robles Vitas. Atzoko saioko irabazleak bezalaxe, Alkaizak eta Sotok egokitu zitzaien finalaurrekoetan irabazita eskuratu dute finalerako zuzeneko pasea, eta gainerako bertsolariak puntuazioari esker sailkatu dira.

Abenduaren 2an, Anaitasunan

Final anitza izango da abenduaren 2an jokatuko dena, azken oholtzan esperientzia nabarmena daukatenak eta lehenengoz iritsi direnak elkartuko baitira bertan

Alkaiza da egungo txapelduna eta Sotok bost alditan irabazi izan du txapelketa. Illarregi anaientzat ez da lehenego aldia izango Nafarroako finalean, eta gogoratu beharra da Joanesen kasuan Txapelketa Nagusiko finalean ere aritu zela iaz. Lazkozentzat zortzigarren finala izango da aurtengoa, eta behin baino gehiagotan suertatu da txapeldunorde. Sanjurjo, Karasatorre eta Robles, aldiz,lehenengo aldiz arituko dira Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean.

Azken saioan ariketa desberdinak egin beharko dituzte bertsolariek. Denetara 15 bertso puntuagarri osatu beharko dituzte: binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian; banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian; eta banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian. Ariketa hauen ondoren puntuazio altuena eskuratu duten bi bertsolariek buruz-burukoa jokatuko dute, eta bakarkako lan bana osatu beharko dute ondoren.

Finalerako sarrerak bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke.

Sailkapena

Julio Soto 543.5

Xabat Illarregi 529.5

Joanes Illarregi 525,5

Eneko Lazkoz 521,5

Saioa Alkaiza 506.5

Josu Sanjurjo 492,5

Saats Karasatorre 470.5

Sarai Robles 468.5

Eneko Fernandez 465

Ekhiñe Zapiain 464

Eki Mateorena 458

Julen Zelaieta 458

Ekain Alegre 457.5

Mikel Lasarte 453,5

Patxi Castillo 445.5

Urko Gartzia 445

Idoia Granizo 409.5

Beñat Astiz 401