Linguae vasconum primitiae liburuaren hainbat poematan euskararen goraipamena eginez, Etxepare idazleak lerro hauek idatzi zituen: Bertze jendek uste zuten / Ezin eskriba zaiteien / Orai dute phorogatu / Enganatu zirela. Eta hala izan zen.

Baina Nafarroako Irulegi mendian esku baten itxurako pieza berezi bat topatu dute indusketa arrun batean. Eskuaren forma duen pieza horrek, inskripzio batzuk zekartzan. Lerro batzuen artean (lau ziren), batek bat-bateko garrantzia hartu du, izan ere, adituek transkribatu duten lehen hitza sorioneku izan da, gaur egungo gure euskararekin sekulako antza gordetzen duena.

Zein hitz ederra! Guztiok zorioneko bilakatu gaitu zaplastako bat emateko ere balio duen brontzeko esku horrek, Gure Esku ekimenaren sinbologiarekin bat egiten duena, bosteko emateko ere erabiltzen duguna, eta “ongi etorria izan zaitez” esateko balio duena. Esku sinple batek mezu sinple batekin, zein herri zoriontsu garen adierazi digu. Aurkikuntza historiko-poetikoa izan da, zalantzarik gabe, hemendik aurrera sekulako balioa hartuko duena, hitz gisan, sinbologia plural baterako.

Baina, hein berean, harrigarriena da 2.000 urte lehenago idatzia izan zela, eta agertu den tokia, aspaldian, zonifikazio kontuak direla eta, alde ez-euskaldun batean agertu dela. Hango euskaldunak ez ziren agrafoak, eta bazekiten adierazten modu argigarri batean zein garrantzia zuen zoriontasunak bizitzan. Zorionekoak ez dira izango, ostera, Nafarroako eta Espainiako euskararen kontrako gorrotatzaile ofizialak, horiek arin esango baitute duela bi mila urte bertan hitz egiten zen hizkuntza ez zela gurea, iberoaren bariante bat baizik, euskara ere toki horretan inposatu egin zela.

Baina euskaldunontzat sorpresa ederra izan da jakitea, behinola, garai zahar haietan, Nafarroan bizi ziren haiek gaur egun normaltasunez erabiltzen dugun hitz bat ere esaten zutela. Euskaldunok asko aldatu gara denboraren poderioz, baino badakigu zorionekoak izaten. Gauza handienak hitz txikiekin esaten dira. Kanta hark ere bazioen: “Hitz handiez esan baino hitz txikiz egia handiak oihukatzea dugu maiteago”.