Axularren lapitza baino euskaldunagoa da Joxe. Soldadutzara arte ez zuen gaztelaniaz itxura antzean moldatzen ikasi. Irakurtzeko zaletasun handia izan du betidanik. Euskalzalea eta abertzalea da. Azken egunotan kezkatuta dabil, arratsaldero ikusi ohi duen saio bat kentzea erabaki baitu kuttunen duen telebista kateak.

Jorge Javier Vazquezek aurkezten duen Sálvame saioa programaziotik kentzea deliberatu du Espainiako T5 kateak. Audientziak apaldu egin dira, antza, aurkezlea eta formatua zahartuxe ikusi bide ditu zuzendaritzak, eta neska koskor xalo bati eman diote T5ren arratsaldeak alegeratzeko eta dinamizatzeko ardura. Joxeri grazia egiten dio Jorge Javierrek, “bere talo-aurpegi eta guzti”, mutil jantzia eta aho-bizarrik gabea dela esaten du. Haren lekuan jarriko duten neskatilak, aldiz, kopeta beltzarazten dio: “Mutur-txorrotx hori eskuineko aberaskilo bat duk, beti bere klasekoen berri ematen.” Baina Joxeri ez zaio burutik pasa ere egingo astegun arratsaldeetan katez aldatzerik. Ikusi behar zenuke espainiar farandulako izarrez nolako ezagutza duen: Belen Esteban zainetik eri dela, Nadiuska Espainiako errege zaharraren maitale izan zela, Gloria Camilari ebakuntza bat egin diotela begien kolorea aldatzeko...

Baina beste albiste batek sutu du Joxe: “Tamara Falcok eta Iñigo Onievak ezkon-tzako gonbidatuei gutxieneko diru-sari bat jarri zietek! Zer mundutan bizi dira horiek!” dio, belarritik kea dariola. Milaka Joxeren arretari esker bizi den munduan, hain juxtu.