Zaruari beha daude Iruñerriko nekazariak, arratsaldeko kazkabarrak ez ote dituen txikituko biltzen hasteko zorian dauden uzta oparoak. Hori bai, duela lau urte bezala, nola ez, sozialisten eskutik iritsi da harri erauntsia zenbait udaletara, tradizioari eusteko. Iruñerritik kanpo, ederra egin dute Castejonen, alkatetza eskuindarrei oparituta, ezkerreko talde bozkatuenaren kaltetan. Gure inguru hurbilean, beharrik, Burlatan eta Zizur Nagusian ez zen haien botorik behar, bertzenaz eskuinak aginduko zuen. Dena den, ez da gertatu iragarritakoaz bertzelakorik. Iruñeko Udalean ere alde guztiek bazekiten zer gertatuko zen, eta giro lasai eta adeitsua izan zen nagusi, kanpoan sargoria hiriaz jabetzen zen bitartean. Adinak eman zion Koldo Martinezi atzoko ekitaldi-buru izateko aukera eta hiriko bi hizkuntza ofizialetan egin zuen dena. Alkate berriak, ordea, ez zuen hitzik ere erran euskaraz, ezta egun on edo eskerrik asko edo gisakorik ahoskatu ere. Hor ere ez zen ustekabekorik izan. Kargu-hartzean, zinegotzi gehienek euskara erabili zuten, horien artean talde sozialistako hiruk, zerrendaburuak barne. Xehetasun ttipiak, baina adierazgarriak. Ez da duda-mudarik oposizioko taldeen arteko lankidetzaz, azken bi urte honetan egin den bezala. Ikuskizun dago, ordea, lankidetza hori euskararen alorrera iritsiko ote den behingoz; azken urte hauetan diruz husturik gelditu den euskara zerbitzua indartzeko, adibidez. Hemendik aitzina, uztailaren 23ko bozek markatuko dute hiriburuko Udalaren geroa. Asironek ez du uzta bildu ekainean, baina auskalo ez ote duen larrazkenean bilduko. Bizkitartean, Arga egiazko muga bilakatuko da Iruñerrian udal uztari dagokienez. Izan ere, Argaz eskuinaldeko herri handienak EHBilduk eskuratu ditu, Uhartetik Berriobeitiraino. Ezkerraldean, ordea, bertzela da. Auskalo noiz arte.