Tuteran ikusgai dago Nafarroako hamalau emakume euskaltzaleren lana ezagutzera emateko erakusketa, duela lau urte Ines Castiella irakasleak Iruñean apailatua. Oraingo honetan, gainera, Argia ikastolaren ekimenez, erakusketa emendatua. Zorionez, Tuterako udalak areto bat utzi du eta gobernu taldeko bi zinegotzi izan dira inaugurazio ekitaldiko solasaldian, biak ere UPNkoak, jakina. Bada zerbait, gauzak han nola dauden ikusirik. Ez baitugu atzendu behar “ez dugu euskaldun izan nahi” harro eta mehatxukor egin zuela oihu alkateak maiatzeko udal bozetan eta, hain zuzen ere, horrexegatik, tuterar aunitzen babesa jaso zuela, gehiengo osoa lortzeraino. Aspaldian ez da giro Mejanako hiriburuan euskal kontuetarako. Bada, ordea, euskaldun izan nahi duen jenderik eta duela mende erdi ere halaxe zen. Hain zuzen ere, erakusketari erantsi zaion izen baten bidez ikasi dugu hori. Emakumea Errenterian sortua, tuterar jatorriko gizon batekin ezkondua, gerra ondoren Tuterara bizitzera joana eta hantxe bertan 2007an zendua. 1970ean bere kasa hasi zitzaien tuterarrei euskarazko eskolak eskuzabaltasun osoz ematen, duela 50 urte inguruko Principe de Viana euskal aldizkarian agertu bezalaxe: “Gure Erriberako Hiri Nagusitik euskararen maitetasunaz betetako berria etorri zaigu. Tuterako udalaren Dantzari Taldeko neska-mutillek nahi dutela euskara ikasi. Eta hara nola hasi diren jo ta ke euskararen hitz eta soñuak gogo onez ikasten. Irakaslea Errenderiko andereño bat da”. Andereñoa Carmen Albisu zen, erakusketako hamabortzgarren izena, alegia. Hasieran udal dantzariak izan zituen ikasle, baina gero eta jende gehiago hurbildun zitzaion eta hamaika urtean jarraitu zuen, euskaltegiak Tuterara iritsi arte. Tuterako ekitaldiaren harira, kezka bat agerian, zer egin, nola jokatu, kontrako giro hori aldatzen hasteko.