Nire amuma Petrak beti erantzuten zien Telediarioko aurkezleei. Buenas tardes esaten zuen kazetariak, eta nire amumak: Buenas tardes. Poliki, aurkezleei bakarrik ez, telebistan agertzen ziren beste batzuekin ere hasten zen berbetan, berdin pelikula bateko aktorea edo iragarki batekoa. Eta ez da harritzekoa, kontuan izanda telebista bere bizitzan zerbait berria zela, normala bere etxe barruan agertzen zitzaion jendeari hitz egitea, gehiago kontuan izanda nire amuma Petrak mundu guztiarekin hitz egiten zuela eta mundu guztiaren bizitzagatik agertzen zuela interesa.

Lekitxoko Kaiganearen alboan bizi zen, Ezpeleta kalean, eta gure aitak askotan kontatu digu amumak kalean norbait aurkitzen bazuen eskatzen edo laguntza beharrean, etxera eramaten zuela. Eta, hala, behin baino gehiagotan aurkitu zutela ezezagunen bat etxeko sukaldean zerbait jaten edo arropak sikatzen. Etxean edonor sartzeko zuen mania horregatik agiraka egiten ziotenean, berak esaten zuen: Pena eman dit eta… Amumak ezin zuen bere herrian bertan, bere kalean, laguntza behar zuen norbait ikusi eta lagundu ez. Beti sentitzen zuen zerbait egin behar zuela, pertsona haiek ere bere bizitzaren barnean zeudelako, Telediarioko aurkezleak bezala.

Amuma gogoratu dut Ons Jabeur tenislari tunisiarra ikusi dudanean WTA Finals-eko finala irabazi ondorengo elkarrizketan negarrez, Palestinako egoera gogoratuz. “Ezin dut jasan egunero umeak hiltzen ikustea. Barkatu, hau tenisa da, badakit, baina hau munduan gertatzen ari da”. Finalarekin irabazi duen diruaren erdia Palestinako emergentziazko egoerari aurre egiteko eman du. Eta pentsatu dut mundua bakarrik salbatuko dela gutariko bakoitzak sinisten badugu munduan dauden beste horiek ere gureak direla, gure munduan daudela. Eta haien minaren aurrean zerbait egin behar dugula, erantzun egin behar dugula, nire amumak Telediariokoari erantzuten zion bezala, bere etxean zegoelako. Gure munduan daude. Mundu hau gurea da, ez beste inorena, eta haien minak ere izan behar du gurea.