Zutabe bana eskaini nien alderdiek aurkeztu zituzten lehendakarigaiei, Imanol Pradales, Eneko Andueza eta Pello Otxandiano jaunei hurrenez hurren, baina saila ezin izan nuen biribildu, Elkarrekin Podemos eta Sumar ezer erabaki gabe baitzeuden orduan. Orain badakigu bananduta joango direla EAEko hauteskundeetara eta, beraz, bi lehendakarigai gehiago izango dugula: Alba García Sumarren partetik eta Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemosen eskutik.
Alba García andreaz gutxi dakit: Podemosekoa zela, Podemoseko langilea, hain zuzen ere, eta hedabideek atera dutena. García andrea ez da ezagunegia, Pradales eta Otxandiano jaunak bezala, azken finean, baina bi horiek egitura indartsuak dituzte atzetik, EAJ eta EH Bildu, eta bizpahiru hilabete daramate kanpaina egiten. Gainera, Elkarrekinek eta Sumarrek izan dituzten tirabirak, negoziazioak, zailtasunak, ezinikusiak eta, orain dela gutxi, Galiziako porrota ez dira laguntzarik onena hautesleak limurtzeko. Kanpotik segitu ditut tirabira horiek eta, egia esan, ez dut uste gehiegi jabetu naizenik; jakin nuen asmo oneko bostehun jarraitzaile bildu zirela batasuna eskatzeko, baina, ai lagunok, alderdiek badituzte arrazoiak, arrazoiak berak ulertzen ez dituenak. Alba Garcíari irakurri berri diot arazoa ez dela desberdintasun ideologikoa izan, konfiantza baizik. Bitxia iruditu zait baieztapena kontuan hartzen bada bera Podemosekoa zela orain dela gutxira arte, baina zer jakingo dut nik. Hortik artikuluren batean aleturik irakurri ditudan azpijoko ilunak eta traizio beldurgarriak telesail odoltsu horietako bat egiteko egokiak izan daitezke, bestalde.
Miren Gorrotxategi ezagunagoa da: EAEko legebiltzarrean ikusi dugu azken urteotan proposamenak egiten, legeen alde edo aurka botoa ematen, lan politikoa egiten. Horrek guztiak zerbaitetarako balioko ote dion ikusiko dugu apirilaren 21ean.
Barkatuko didate García eta Gorrotxategi andreek biak zutabe berean sartzea, ez da nire asmoa batu ezin daitekeena indarrez batzea, zutabe bana idazteak lan gehiegi eskatzen zidan, eta alferkeriak hartu nau.