Luzea zen, oso, teilatu gorria, horiak ziren egurrezko pertsianak, bihotzaren antzeko zulotxo bana zutenak hain zuzen. N-1 parean, paraleloki hobeto esan zegoen kokatua. Laugarrena zen, ilaran beste hiru zeudelarik lehenago. Igoatarrak bizi ziren lehen etxea, Oyarzabaldarrak bigarrenean, Loiditarrak hirugarrenean, Arizmenditarrak laugarrenean. Hortxe bizi ziren nire izeba Mirentxu eta Joakin osaba, biak soltero.

Ama Xixili ere hor bizitutakoa zen Donostiara ezkontzera joan aurretik aita Inosenekin. Sarrerako atean mahats landare handi samarra zegoen. Hor bizitu ziren ezagutu ez nuen Cementos Rezolako atezaina izan zen aitona Manuel eta bere magalean eserita gogoan dudan amona Ramona. Etxe hotza zen neguan, oso hotza esango nuke. Nik hirutan banatuta nuen etxe luze hotz hura.

Erdialdean “komedore zaharra” eta sukalde ekonomiko handi zaharreko sukaldea. Bitan goxo eta bero. Atzealdean pasillo batetik abiatuz lau gela, hotzak laurak. Pasilloko atea beti, neguan, itxita zegoen. Aurrealdean bi komunak, “komedore berria” eta sarrerako hol handi bat, hotza nagusi, benetako hotza, gupidagabea. Etxe behean, behealde osoa sotoa zegoen, etxe osoa bezain luze eta zabala. Ilunpean perritxiku mordoa oso ugari ernetzen ari ziren aldameneko yeguada militarrak sortutako zaldien simaurrarekin, bazegoen baita ere oilotegi bat eta hainbat koneju gizentzeko leku egokia.

Argia, bonbillatxo xahar batek ematen zuen doi doi, argi horia eta ahula, baina nahikoa aberetxoak ikus ahal izateko. Udan oilo eta konejuk kanpoaldean zegoen oilategi eder batera pasatzen zituzten. Oilategia beti intxaurrez beteta zegoen, intxaur arbol oparo baten pean baitzegoen kokatuta. Atsegin izaten nuen oilategira joatea, arrautzak eta intxaurrak jasotzera. Beldurra nioen oilar handi eta lotsagabe bati arrautzak zeuden tokira abiatzen nintzen bakoitzean. Bere iritzitan lapurra nintzen. Oilategiko bidean lurraz urraz estalita egoten zen askotan. Datorren astean jarraituko du irakurle estimatua. Etxe luzea baita.