Abenduan kaleratu dute Bertol Arrietak eta Sandra Garayoak Hodeien gaineko aldean izeneko komikia, Txalaparta argitaletxearen eskutik. Bikotekidearen suizidioak eragindako minari aurre egiteko bidean dago 138 orrialde dituen lan honetako protagonista: Leire. Bidaia horretan, Fernando Rus alpinistak Artikoan bizi izandako abentura izango du lagun. Izan ere, Annapurnari buruzko artikulu batek eragindako harridurak eraman zuen Arrieta idazlea komiki hau sortzera.
Orain dela bi urte eta piku, Annapunaren maldizioari buruzko artikulua ikusi zuen Arrietak prentsan. Azaldu duenez, erreportajeak dio Annapurna dela 8.000 metroko garaiera duten mendien artetik hilgarriena. Hainbat kasu aipatzen ditu artikuluak, horietako bat Nil Bohigas alpinista katalanarena: “Annapurnan egon zen, igo eta jaitsi, denbora oso gutxian, eta handik urte batzuetara bere buruaz beste egin zuen”. Ez hori bakarrik, Bohigas ipar-polo magnetikora iritsi zen bakar-bakarrik, 78 egunetan oinez 770 kilometro egin ostean: “Harritu ninduen, nola heldu daitekeen bere buruaz beste egitera horrelako indar psikologikoa duen pertsona bat. Hainbat egun bakarrik igarotzeko gai dena, zero azpitik 30 gradutan eta baldintza oso deserosoetan…”. Gerora jakin zuen Arrietak Bohigas depresioan erori zela, “edozeini gerta dakioke”, eta gai hartan sakondu eta horri buruz idaztea erabaki zuen.
Munduen arteko kontrastea
Zehazki, bere buruaz beste egiten duen pertsona baten bikotea da komiki honen protagonista. Minari aurre egin nahian, Fernando Rus (Bohigas oinarri hartuta sortutako fikziozko pertsonaia) alpinistaren alaba ezagutzeko bidaia egingo du. Gasolindegi batean geldituko da, ordea, bidean aurrera ezin eginda. Ezleku horretan egin beharko dio aurre doluari, pertsona ezezagunen laguntzaz.
Hamasei urtetik gorako irakurleentzat zuzenduta dago komikia, eta euskaraz argitaratzeaz gain, gaztelaniaz ere dago eskuragarri. Arrietak dioenez, marrazkien estiloa aldatu egiten da irudikatzen duten munduaren arabera. Alde batetik, gasolindegiko irudiak daude (Leireren mundua) eta, bestetik, Artikoan izandako abenturarenak (Fernando Rusen mundua). Izan ere, bi istorio eta planoak partekatzen ditu liburuak, eta horien arteko kontrasteak erakarrita erabaki zuen Arrietak komikia sortzea. Izan ere, orain arte ez du estilo hori beste inoiz jorratu, narraziogintzan jardun da nagusiki.
Elkarlana
Galtzagorri elkarteak antolatutako ikastaro batean ezagutu zuten elkar Arrietak eta Garayoak: “Album ilustratu bat egiteko baliabideak ematea du helburu, eta bikoteka ipintzen ditu idazleak eta ilustratzaileak”. Dioenez, asko gustatu zitzaion marrazkilariaren estiloa, eta proiektua buruan zuenez, proposatu egin zion.
Liburuak paraleloan kontatzen ditu Leireren eta Fernandoren istorioak. Horretarako erabilitako marrazkiak oso sinpleak direla aipatu du idazleak, baina aldi berean oso erakargarri eta esanguratsuak. Ilustratzaileak kolore gutxi erabili ditu eta eskuz egin ditu aipatutako marrazkiak. Planoaren arabera aldatu egiten dira irudien estilo eta tonuak, sentimendu eta sentsazioak ez baitira berdinak gasolindegian eta Artikoan, noski. Hortaz, zarauztarrak azaldu duenez, protagonisten egoera emozionalarekin erabat lotuta daude hitzak eta irudiak.
Dolua gainditu daiteke
Leire protagonistak egindako bidaia emozionala aurkituko dute irakurleek lan honetan. Sortzaileek pertsona maitatu baten suizidioak dakarren dolua gainditu daitekeela transmititzea bilatu dute: “Liburua beltzetik zurirako bide bat da. Protagonistak zulo beltzean ikusten du bere burua, baina pixkanaka-pixkanaka, eta ezezagunen laguntzarekin, bere min ikaragarri horri buelta ematen hasiko da”. Azken batean, Leire ihesi aterako da, helburu jakin batekin ateratzen da etxetik, baina errepideko gasolindegi batean gelditu egiten da, antsietateak janda eta ezin aurrera eginda. Liburuaren bidez, erakutsi nahi dute gogorra eta zaila izan arren, horrelako egoera bati ere buelta eman ahal zaiola.
Bertol Arrieta Kortajarena (Zarautz, 1975)
Idazlea, batez ere narraziogintzan jardundakoa. ‘Txikira beti hordago!’ eta ‘Alter ero’ ipuin-liburuak, eta ‘Gezurra berdaderoa’ nobela argitaratu ditu. Haur eta gazte literaturako zenbait liburu ere idatzi ditu: ‘Burua galdu zuen jirafa’, ‘Besarkada bat, beharbada’, ‘Elurraren formula’, baita hainbat sari eskuratu ere; besteak beste, Kutxa Donostia Hiria eta Ignacio Aldecoa narrazio-sariak, Café Bar Bilbao antzerki-saria, haur eta gazte literaturako Juul saria birritan eta gidoi onenaren Lekeitioko Euskal Zinemaren saria.
Sandra Garayoa Cotera (Donostia, 1993)
Ilustratzailea, haur eta gazte literaturan eta narraziogintzan murgilduta dago. Hainbat lan argitaratu ditu: ‘Hanka, moko eta buztan’ (Ikaselkar, 2021) eta ‘Lorerik Gorriena’ (Pamiela, 2020). Sari eta aipamen ugari jaso ditu azken urteetan. Iberoamérica ilustra katalogoan hautatua izan da (2022 eta 2021), eta Egile saria (2022), Etxepare saria (2020) eta Irudika aipamen berezia (2020) jaso ditu, besteak beste.