Komikiak beti kontsideratu izan dira herri kulturaren parte. Sortu zirenetik eragin handia izan dute arte, literatur, zine, telebista edota politika munduan ere. Baina, hala ere, askotan baztertuak eta gazteenei bakarrik zuzenduta izango balira bezala kontsideratu izan dira. Ez zaie merezi duten garrantzia eman, nahiz eta Pulitzer sari bat ere irabazi izan duen komiki batek. Azken urteetan, bestalde, entzute handiagoa lortzen ari dira eta sortzaile desberdinak espresio bide bezala erabiltzen hasi dira. Honen guztiaren adibidea, Bilboko Azkuna Zentroak estreinatu berri duen ekimena, Nazioarteko Komiki Egoitza 2023 barnean kokatzen dena.
Egitasmoa “mimo handiz egindako hiru istorioz osatuta dago”, antolatzaileen esanetan. Gutun Zuria Bilbao, letren nazioarteko jaialdiaren barruan kokatzen den ekintza da Azkuna Zentroak aurkezten duena. Salda dago! izenburupean Andrea Ganuza, Charlotte Gosselin eta Clara Chotil ilustratzaileek ondutako hiru istorio daude ikusgai; “prozesuaren fase desberdinetan eginak dauden hiru protoliburu”. Hirurak aldi berean “sukaldatuta” eta beraien artean desberdinak diren arren osagai batzuk errepikatzen direla azaldu dute. Erakusketa hau Azkuna Zentroa -Alhóndiga Bilbao, Quebec-eko Maison de la Littérature eta Angoulême-ko Cité Internationale de la Bande Dessinée et de L’image erakundeek elkarlanean egindako egitasmoak bultzatuta jaio zen.
Bigarren edizioa
Ekimen honek bere bigarren edizioa izango du oraingo honetan. Iaz ere antolatu zuten hiru erakunde berdinek egitasmoa, baina gai desberdin bat ardatz izanez: hiri bakoitzeko ibaiak. Hiri protagonista bakoitza, Angulema, Bilbo eta Quebec, ibai banak zeharkatzen du -Charente, Nerbioi eta San Lorenzo, hurrenez hurren-. Ibai hauek hiriaren identitatea zehazten dute, beraz, ibaia izan zen iaz egoitzaren ildoa. Proiektu hartan, “urak lurraldean, giza harremanetan, ondarean edo historian gaur egun duen esanahia bilatzearen haria” izan zen ildoa. Aurten ere, ekimena Komikiaren Nazioarteko Egoitza Azkuna Zentroaren Sorkuntzari Laguntzeko Programaren barruan dago barneratua. Helburua komikigintzaren esparruan sorkuntza sustatzea dela azaldu dute antolatzaileek eta egitasmo honen bidez hainbat herrialdetako pertsonen arteko topaketa bultzatzea ere bai, hala, nobela grafikoaren funtsezko ingurune profesionaletan, beste diziplina garaikide artistiko batzuetako artistekin konektatuz”.
Sortzaileak
Aurten hiru emakume izan dira aukeratuak Salda dago! erakusketa aurrera eramateko. Azkuna Zentroak Andrea Ganuza (Iruñea, 1988) artista grafikoa aukeratu du, “bere obraren aniztasun eta sendotasunagatik”. Antolatzaileen hitzetan argitara eman dituzten proiektuek “ikerketa prozesu baten, ekintza jakite baten eta komikigintzaren inguruneari buruzko eztabaida emankor baten lekukotza ematen dute”. Ganuzaren kasuan, Atraviésame izeneko lana hautatu dute. Kolonbiako Medellin hirian 2017tik 2020ra bitartean gertatzen diren istorio laburren bilduma gisa aurkezten den eleberri grafikoa da. “Esperientzia pertsonaletik plazaratuta, sentipenen eta poesiatik hurbil dagoen estilo baten bidez”. Antolatzaileen arabera sortzaile iruindarrak, “begirada kritiko eta umore zorrotz batetik, bere esperientziak erabiltzen ditu bai arlo sozialean, bai politikoan eta baita emozionalean ere”.
Charlotte Gosselinen (Quebec, 1996) proiektuari dagokionez, Quebec-eko La Maison De La Litteratur-ek hautatuta, Our Relapses deitzen da. Bertan, antolatzaileen arabera, sortzaileak “narrazio poetikoaren, elkarrizketen eta marrazkien artean nabigatzen du, adizioaren, elkarren mendeko harremanen, laguntza-taldeen eta berreskurapenaren gaiak sentikortasunez jorratzeko”. Bere buruaz ahaztu eta bere bikotekidea salbatzen saiatu den narratzaile bati jarraituko dio aurkezten zaigun istorioak. “Bi pertsonaiak oreka eta berreskurapenerako bidea aurkitzen saiatuko dira”.
Hirugarren sortzailea, Clara Chotil arkitekto eta artista bisual frankobrasildarra da. Bere proiektua , Angoûleme-ko La Cité Internationale de la Banda Dessinée et L’image-k hautatuta, Tehoka izeneko fikzioa da. Bertan bi familiaren kontakizun gurutzatuaren bidez, Brasilgo Dourados izeneko lurraldearen historia islatzen duen ikerketa dokumental bat aurkezten dio irakurleari. Valdir, kolono nordestinoen ondorengoa den eta Cecilia, Kaiowá militante gaztearen arteko liskarrak erakusten ditu. “Kontakizun hau kolonizazio oso berri baten historian murgiltzen da” arduradunen esanetan. Komikiez gain, poesia, pintura, argazkia eta bideoa ere lantzen ditu Chotilek. “Sentiberatasuna adieraztearekin batera, eguneroko bizitzan, psikologian, basoan eta intimitatean inspiratuta dago bere lana”. Chotilek Dynamorphue kolektiboa sortu zuen 2017an eta egitura arkitektoniko arinak diseinatu zituen bertan. Eszenografiari eta arte grafikoei dagokienez, zuzeneko proiekzio eta marrazketa-gailuak garatzen ditu.