1937an Bilbotik ihesi Bogotara ailegatutako euskal familia baten jaiotako emakumea izan zen Juana Perea Plata. Marinela, urpekaria... Denetarik izan zen. Ezarritako mugak gainditzeko prest zegoen. Baina 2020ko urriaren 29an hil egin zuten, eta nork eta zergatik hil zuen ulertu nahi izan du Jon Artanok bere lehen liburuan, Juana lanean. Anderik Ande proiektuagatik Tene Mujika Beka jaso zuen kazetariak eta Kolonbiara iritsi zen, Juanaren berri izatera. 

Juana Perea Plata da zure lehen liburuko protagonista. Baina, nor zen Juana? 

Hiru hitzetan esateko, andre ausart bat izan zen. Gehiago esan beharko banu, aldiz, oso noizbehinka jaiotzen diren pertsona horietako bat izan zela esango nuke. Mugarik ezagutzen ez duten horietakoa, maite dutenaren bila eta senak agintzen dien horren atzetik joateko beldurrik ez dutenetakoa, bere gaitasunetan sinisten dutenetakoa. Pertsona horiek erratu ere egiten dira batzuetan. Ze, gu, mugekin bizi gara, baina batzuek muga horiek pasatuko ez balituzte, ez genuke jakingo zer dagoen beste aldean. Ba-tzuetan, ez da komeni mugak gainditzea, baina beste batzuetan bai. Eta esango nuke mugarik ezagutzen ez zuen adre ausart bat izan zela Juana. 

Su motelean idatzitako bidaia-liburua osatzeko oharrak. Jon Artano

Tene Mujika beka jaso zuen ‘Anderik Ande’ proiektua da liburuaren oinarria. Izan ere, amerikarren eta euskaldunen arteko harremanak aztertzean oinarritzen zen lana egiteko asmoa zeneukan. Baina, zelan ezagutu zenuen Juana?

Proiektu horretan ez zen Juanaren izenik aipatzen. Beste istorio batzuk nituen begiz jota. Eta horiek ikertzen hasi nintzen. Hala, sei hilabeteko bidaia egin nuen Andeetara sarbide duten edo Andeek zeharkatzen dituzten zazpi herrialdeak bisitatzen; sei bisitatu nituen azkenean: Argentina, Txile, Bolivia, Peru, Ekuador eta Kolonbia. Bakoitzean istorio bat edo pare bat nituen begiz jota, eta horiek lan-tzen hasi nintzen. Kolonbia azkenerako utzi nuen, herrialde hartan hiru urtez egon bainintzen korrespontsal, eta ondo xamar ezagutzen nuen. Baina, erdibidean, Kolonbian sartu-irten bat egin nuen, han hauteskundeak ospatzen zebiltzalako. Orduan aipatu zidaten Juanaren istorioa, eta ikertzen hasi nintzen. Begiratzen hasi, eta zenbat eta gehiago deskubritu, orduan eta gehiago harritzen nintzen. 

Juanaren bizimodua ikertu aurretik, baina, bestelako istorioak jaso zenituen. Non gorde dituzu?

Kolonbian lana bukatu nuenean, Euskal Herrira itzuli eta editoreari zerbait aurkeztu behar nion, eta Juanarenari heldu nion. Liburuko azken kapitulua idazteari ekin nion, liburua itxiko zuenari. Baina kontua da istorioa hazi egin zitzaidala, eta entrega epea uzkurtu. Liburuaren hasierari ere heldu nion; Argentinakoa paperera eramaten hasi nin-tzen. Baina entrega data gainera etorri zitzaidan, eta ikusi nuen ezinezkoa zela, ez nuela amaituko. Hala, Juanaren zirriborroa eman nion editoreari, oso estututa, baina istorio horrekin liburu bat egin nezakeela esan zidan. Nik oso gustuko ditudan beste istorio mordo bat daude jasota, baina ez zidan horiek idazteko denborarik eman. Horiekin zer egin aztertzen ari naiz orain. Berez, Argentinakoak eta Txilekoak zirriborretan dauzkat, eta, bolumenez, Juanarena baino zatia gehiago daukat idatzita. Baina ez dakit zer pasatuko den. Orain, jendeak Juana nor zen jakitea nahi dut, eta pentsatzen dut horren araberakoa izango dela gerokoa. 

Juanaren memoria jasotzeko, haren familiakoekin, lagunekin eta ezagunekin hitz egin duzu. Zelan hartu zintuzten Kolonbian?

Iturrien arabera, desberdina izan da esperientzia. Liburuan badaude iturri ofizialak, gertu-gertuko senideak, lagunak.... Hala ere, jendea falta da. Familiarekin hitz egitea mingarria izan da, baina beraientzat ona izan dela uste dut, askatzailea. Segituan onartu zuten, eta uste dut on egin ziela barrena askatzeak. Juana nolakoa zen azaldu nahi zutela uste dut. Esan nahi zuten Juanak ez zuela merezi egin ziotena. Bestalde, lanaren parterik ezohikoena, tentuz ibili beharreko lana izan da.

Juana Perea Plata, tximeleta bat aurpegian duela. Facebook

Kazetaria zinela ez esateko gomendatu zizuten. 

Diskrezio handiz egin beharreko lana izan zen ikerketa lana. Bera erail zuten lekuan agin-tzen dutenek agintzen dute, eta horregatik hil zuten hil zuten modura. 

Kazetaritza lanetan ohikoa den modura, denetariko iturriak ageri dira liburuan. Baina, ida-tzizko dokumentu bat ezinbestekoa da Juanaren familiak bizi zuena jakiteko: ‘Bilobentzat’.

Bilobentzat liburua Euskal Herritik 9 urterekin ihes egin behar izan zuen Juanaren izebak idatzi zuen. Ihes egiteko bidaia da eskuiskribuak jasotzen duena, eta lan hori aurkitzea izugarria izan zen niretzat, mehatzari batek urrea aurkitzea bezalakoa. Ezin nuen sinistu. Urrea izan da Juanaren familiaren historia ezagutzeko, baina iruditzen zait, hortik kanpo ere, letra larriz idazten den historia osatu daitekeela herritar xumeen istorioak josiz. Historialari batek azaldu diezazuke nolakoa izan zen Bilboko bonbardaketa, ze teknika erabili zituzten, nortzuk izan ziren erasotzaileak, baina idatzi batek bederatzi urte zituen pertsona batek sufritu zuen izua kontatzen dizunean, egundoko balioa dauka. Are gehiago kazetaritza ikuspuntutik. Lekukotza hori harrigarria izan da, eta benetan gozatu dut. 

Lekukotza horiek kontrastatu egin dituzu. 

Gertakarien eta gertakarien errelatoaren artean dagoen aldeaz gogoetatu dut. Ikasi dut errelato bat denbora pasatu ahala transformatu egiten dela. Memoria ez da zerbait finkoa, moldatu egiten da, eta Juanaren izebak nagusia zenean idatzi zuen liburua. Ondorioz, ni ahalegindu naiz berak esaten zituen horiek zenbateraino ziren errealak ikertzen. Saiatu naiz horiek kontrastatzen -kazetaritza lan batean hori egin behar delako-, eta konturatu naiz egia zela izebak esaten zuena, konta-tzen zuen hori gehiegizkoa zela zirudien arren. Liburu horrek beste geruza bat erantsi dio lanari. 

Juanaren bizimoduaz gain, Kolonbiako Termales inguruko gatazkaren zenbait ezaugarri ere ageri dira liburuan. 

Esan ohi da, bidaia literatura idazten dutenek lekuez zerbait esaten dutela, baina are gehiago esaten dutela beraien begiradaz. Eta nik badakit hori. Ni ez naiz gai Kolonbian gerta-tzen dena azaltzeko. Beraz, ez naiz Kolonbiako gatazka desbribatzen ari. Begibistakoa da hangoa gerra bat dela, eta Euskal Herrikoa ere gerra izan zela, eta liburuan aipatzen den Afganistangoa ere gerra izan zela. Hiru gerra ageri dira lanean. Horregatik esan ohi dut Juana gerrek eta bortzakeriak baldintzatu, josi, zeharkatu zutela. Ez zen begira egotekoa; probatzekoa eta bizitzekoa zen, eta zoriontasunaren bila joan zen, gorputz eta arima. 

Ikertu zenuenaz harago joan izana gustatuko litzaizuke?

Hura oso leku partikularra da. Ia-ia irreala da han gertatzen dena. Ni kontziente naiz nire ezagutza txikia dela, eta ez dudala hura ezagutzen, baina bai, harago joateko gogoa izan dut. Hala ere, uste dut iritsi nintzatekeen tokira iritsi naizela. Are gehiago kontuan izanda hau nire proiektuaren parte bat besterik ez zela, ez nuela pentsatzen Juanaren bizitzarekin liburu bat argitaratuko nuenik. Horregatik ez dut nahi irakurleek pentsatzea liburuarekin Kolonbiako gatazka ulertuko dutenik. Inondik inora. Ulertu daitezke Kolonbiako gatazkaren ertz bateko gertakari puntual bati buruzko kontu batzuk. Ze, hura, leku sorgina da. Bestelakoa da, ez gurearekiko bakarrik, baita Kolonbiako beste hiriguneekiko ere. Ez da paradisua, baina nor naiz ni hura infernua dela esateko? Badu magikotik zerbait, baina beste alderdi ilun bat ere badauka, eta niri tokatu zait alderdi ilun horri besteari baino gehiago erreparatzea. 

Euskal Herrira bueltatu eta, gogorra izan al zen liburua idaztea?

Sufritzetik gehiago izan du bestetik baino. Hala ere, idazketa prozesua ez da horren luzea izan. Hiru hilabete baino gutxiago iraun zuen, baina bidaia abiatu aurretik hiruzpalau hilabete pasatu nituen proiektua prestatzen. Euskal Herria lasterkatu nuen, eta oso istorio desberdinak jaso nituen. Gero, sei hilebetez, bidaiat-zen aritu nintzen. Baina etxera itzuli eta segituan hasi nintzen transkribatzen eta istorioa muntatzen. Iazko abendu hasierarako amaituta nuen liburua, lanaren azken kapitulua zelakoan. Hori eta gero ere, idazten jarraitu nuen udara arte. Orduan, Juanaren testua berriz hartu eta zuzenketak egin nituen. 

Zure lehenengo lana da. Noiztik datorkizu liburu bat egiteko gogoa?

Oso aspaldikoa da, nahiz eta hori ez oso aspaldi aitortu. Orain hasi naiz aitortzen, egin dudanean. Bidaia bat egin eta kazetaritza liburu bat idazten ahalegintzeko erronka hasi nuenean, eszedentzia eskatu nuen lanean. Gero, Tene Mujika bekara aurkeztu nuen proiektua, baina beka eman zein ez, banekien joan egingo nintzela. Beraz, bada oso aspaldiko irrika bat. Onartzen dut erabaki hori hartzeko zerikusia zuzena izan zuela ni han berriemaile modura egon izanak, beste era bateko kazetaritza egin nahi izanak. Niretzat ausardia ekintza bat izan da hara joatea eta liburu bat egiten ahalegintzea.