Euskararen presentzia eremu digitalean bermatzeko eta makinei zein teknologia berriei euskara irakasteko helburuarekin, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak, Hiruko Itunaren bitartez, Gaitu izeneko kanpaina jarri du martxan. Batu ditzagun gure ahotsak lelopean, euskal hiztunei gaitu.eus atarian sartu eta beren ahotsa grabatzeko deialdia egin die, horrela, euskal hizkuntza eta kulturaren garapenari ekarpena egiteko. Egungo teknologiek idatzizko eta ahozko datu-masa erraldoiak eskatzen dituzte eta, hartara, zenbat eta ahots eta grabazio gehiago, orduan eta zabalagoa izango da teknologia berriek lantzeko izango duten datu eta materiala.

Kanpaina honen berri eman zen atzo Donostiako Tabakaleran. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak esan bezala, hizkuntza gutxituak “ez daude enpresa teknologiko handien asmoetan” eta hiztunak izan behar dira mundu digitalean sartzearen arduradunak. “Horixe da, hain zuzen, GAITU kanpainaren helburua, milaka ahots, milaka grabazio ordu euskaraz lortzea”. Teknologiak hizkuntzarekin “harreman zuzena” duela erakusten duten eguneroko bizitzan erabiltzen diren adibideak aipatu ditu Zupiriak: mugikorrari diktaketa bidez emandako mezuak; pertsona jakin bati deitzeko ahots bidezko agindua; ibilgailuko nabigatzailearen jarraibideak edota etxeko domotika gailuei ahots bidezko aginduak. “Makinek gure hizkuntza ulertu eta hitz egin dezaten, lehenago irakatsi egin behar diegu”, ziurtatu du. Ekimena urte hasieran onartutako Hizkuntzaren Teknologien Ekintza Planaren barruan kokatzen da, beste proiektuen artean, hala nola ITZULI itzultzaile neuronala edo Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU) egindako ikerketarekin lotutako kolaborazioak, “ahots espontaneoaren transkripzioa hobetzeko, euskararen gaitasun-maila automatikoki detektatzeko edo desgaitasuna duten pertsonei ahots pertsonalizatuen teknologia helarazteko”.

Bestalde, Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakari-orde Ana Ollok –Euskarabideko zuzendari kudeatzaile Javier Arakamarekin batera– nabarmendu du proiektu hau bat datorrela Euskarabideak azken urteotan euskararen eta teknologia berrien arteko harremanak estutzen laguntzeko egin dituen lan-ildoekin. Izan ere, “sailaren plangintza estrategikoan, hasiera-hasieratik lehentasunezkotzat jo zen informazioaren eta komunikazioaren teknologiak euskararen berezko garapen-nitxo bihurtzea, euskararen eta modernitatearen arteko lotura estutzeko estrategia gisa”. Beste ekimen batzuk ere aipatu ditu, hala nola Sarean euskaraz, sustapenekoa, Euskara aleka eta Euskararen oihartzunak podcastak, Mattin eta Kattalin haurrentzako bideo-bilduma edo Wikipediarekin egindako lana.

Ollok azaldu du gaur egun euskarak hizkuntzaren teknologien erronkei aurre egiteko, funtsezkoa dela administrazio publikoen bultzada eta herritarren inplikazioa. “Helburua euskal hiztunen komunitateak Gaitu proiektua bere egitea da. Administrazio publikoen zeregina herritarrak parte hartzera bultza-tzea eta parte-hartze hori erraztea da “, azpimarratu du.

Zenbat eta ahots gehiago, hobe

Gaitu.eus atarian sartuta, plataformak esaldiak eskainiko dizkie erabiltzaileei beren ahotsarekin graba-tzeko. Plataforma adin nagusikoei zuzenduta dago eta zenbat eta ahots gehiago lortu, hobeto. Hau posible da Common Voice deritzon nazioarteko ekimenari esker. Ekimen irekia da, irabazi-asmorik gabea, kolaboratiboa. 105 hizkuntzatan hasiak dira Common Voice-en ahots ekarpenak egiten, eta ia beste hainbestetan prestatzen ari dira.