Kataluniako Hezkuntza Sailak irailaren 5erako aurreratu du ikasturte hasiera Haur eta Lehen Hezkuntzan; aurten irailaren 5a astelehena denez, irakasle eta ikastetxeek bi egun baino ez dute izango hasiera prestatzeko. Bigarren Hezkuntzaren hasiera irailaren 7ra aurreratu dute. Sindikatuek mobilizazioak iragarri dituzte.

Neurria justifikatzeko Hezkuntza Sailak atera duen iragarkia ikusi dut: haur batzuk irribarretsu eta jauzika ateratzen ari dira ate batetik parkea ematen duen gune batera off-eko ahotsak zera dioen bitartean: “Zelako zirrara zure gelakoekin jolastokira ateratzen zarenean!”. Badirudi Hezkuntza Sailaren arduradunentzat eskolara bueltatzearen gauzarik onena jolastokira irtetea dela, ez, beraz, eskolara sartzea. Bitxia, baina agian ez bitxiegia hezkuntzak gaur egun dituen arduradunak ezagutuz gero.

Bideoa ikusi nuen lehen aldian kontzentratuegi nengoen katalanezko hitzak ondo ulertzeko, baina entzuten nuen beste zerbaitek, bideoari jarri dioten musikak, artegatu ninduen: Mozart zen hori? Ikusi eta, batez ere, entzun nuen bigarren aldian baieztatu nuen susmoa: Mozart, bai, baina ez Mozart arin eta jostagarria, haurrentzako oso egokia izan daitekeena, Requiem-aren zati bat baizik, Dies irae. Haserrearen eguna izango da egun hura, mundua errauts bilakatu da Davidek eta Sibilak iragarri zuten bezala. Hildakoen meza katolikoan zegoen zati bat jarri diote haurrentzat (familientzat da, jakina) prestatu duten bideoari? Hezkuntza Sailak enpresaren bati emango zion bideoa egiteko lana eta enpresa horretan norbaitek erabaki zuen bideoak musika epiko bat (gaur egun hitza duen zentzuan) merezi zuela, eta programa informatikoren batek edo algoritmoren batek Mozarten Requiema eta Wagnerren Walkirien Kabalkada, besteak beste, eskainiko zion. Auskalo. Enpresan ez zioten musikari garrantzi handirik emango. Txarrena da Hezkuntza Sailean ere ez diotela inolako garrantzirik eman: Mozarten Requiema?, zer da hori?

Bitxia, baina agian ez bitxiegia hezkuntzak gaur egun dituen arduradunak ezagutuz gero.