iparragirre euskal bardoa bezala, munduan barrena mugitu izan dira, eta gipuzkoarraren kasuan bezala bihotzak esan bide die Euskal Herrira etor-tzeko, beren istorioen ezberdintasunak ezberdintasun. Hori bai, guzti-guztiek euskararen fruitua inork baino hobeto zabaldu eta batez ere aberastu dute. Euskararen Nazioarteko Egunean, Nafarroan bizi diren jatorri ezberdinetako lau euskaldun hizkuntzarekin izandako beren esperientziaz mintzatzen zaizkigu.

juan vélez

Euskaldun eta andaluziarra

Juan Vélez cadiztarra mintzatzen denean ez da bere jatorri andualiziarraren zantzurik sumatzerik. Bai, ordea, gaztelaniaz egiten duenean. Baina berak, aukera duelarik, euskaraz egiten du, hitz-jario izugarriz. Bere harremana hizkuntza rekin 1996ko urrian hasi zen, Iruñera etorri eta bi astera. "Bizimoduz aldatu nahi nuen eta bi lagun nituenez, Iruñea aukeratu nuen. Muturreko aldaketa zen, Cadiz eta Iruñea arras ezberdinak baitira", dio.

25 urte zituen orduan eta hizkuntzekiko interesa zuen, baita mintzaira gutxituekiko sentsibilitatea ere. "Frantziar filologia ikasten ibili nintzen, amaitu ez banuen ere, eta hori lagungarria egin zitzaidan euskara ikasteko orduan. Horrekin batera, unibertsitate garaian, beka bati esker, Bretanian egon nintzen eta han bretoi hizkuntza dagoenez horrelako kontzientzia bat hartu nuen hizkuntz gutxituekiko. Hona etorri baino lehen banekien euskara eta euskal kultura bazegoela eta mugimendu handia zegoela atzean", azaltzen du.

Hainbat lanbide ezberdinetan aritu ostean, azken urteotan euskalgintzari lotuta aritu da Velez jauna, Elkar megadendan saltzaile bezala eta Kantuzaleen Elkartean Nafarroako koordinatzaile legez. Dioenez, etorri eta 14 urtera, hemengo gizartearen gertu-gertuko ezagutza lortu du euskarari baiezkoa emandakoan. "Ez dakit ausardia ote den hau esatea, baina uste dut Nafarroa hemengo batzuek baino hobeto ezagutzen dudala, euskalduna bainaiz. Hemengo zenbait kultur adierazpen ezin daitezke uler euskara jakin gabe. Euskaraz jakin ezean ez dituzu ñabardurak bakarrik galtzen, gaztelaniaz harago dagoen mundua ez duzu ongi ulertzerik"

Eta "euskara zertarako ikasi" galdetzen dutenentzat badu erantzunik: "Asko eman dit euskarak. Onura erabilgarria ikusterik besterik ez dutenei esango nieke lana topatzen lagundu didala. Horrekin batera, beste mundu bat ezagutu dut, eta hori handia da". Amaitu baino lehen, dena dela, Velezek azpimarratzen du kulturari dagokienez, gehitzea besterik ez dagoela. "Noizbait esan didate: "Aizu, gutarra zara jada". Dena dela, esan nahi dut euskalduna naizela, baina andaluziarra ere banaiz. 25 urte nituela etorri nintzen eta nire sozializazioa han izan zen. Nire amak flamenkoa entzuten zuen sukaldean, horrek eragiten dizu... Euskalduna izatea gehitzea da, euskalduna naiz eta andaluziarra. Euskalduna izateagatik ez dut aurrekoa ahaztu behar".

xanta sousa

Lesakan, erregina baten antzera

Eguzkia eta giro beroa hemengo klima aldakorragatik aldatu zuen beste bat Xanta Sousa brasildarra izan zen. Vélezen kasuan ez bezala, dena dela, euskara beregana joan zen. Izan ere, Salvador de Bahiako emakume honek egun bere senarra den Joselo Etxeberria Brasilen bertan ezagutu zuen. "Urteak zeramatzan hara joaten bere lagun bat han bizi baitzen. Ezagutu nuen eta, gerora, Lesakara etortzea erabaki nuen", azaltzen du. Bortziriako herriaz ezer gutxi zekien eta iritsi zenean errealitate harrigarria aurkitu zuen: "Herriko beltz bakarra nintzen eta, beste hizkuntza zegoela banekien ere, harrituta geratu nintzen ikustean jende guztiak euskaraz min-tzatzen zela. Hala ere, oso eroso sentitu nintzen hasieratik, jendeak erregina baten antzera hartu nau. Ez dut kexatzerik".

Iritsi zenean postugesez baino ez zekien Sousak eta, jendeak hala aholkatuta, gaztelaniaz ikasten hasi zen aurretik. Hala egin zuen Lesakako brasildarra eta test hori gainditutakoan euskara ikastera animatu zen. "Aurretik gaztelania ikastea gomendatu zidaten, baina Lesakan jende guztiak euskaraz hitz egiten du eta, koadrila giroan, ikusten nuen jendeak hizkuntza aldatzen zuela nigatik edo itzultzen egon behar izaten zuela zer esaten zuten uler nezan. Ez zitzaidan bidezkoa iruditzen. Horregatik eman nuen izena euskaltegian. Ez da erraza baina horretan gabiltza", adierazten du Brasilgoa berez-berezkoa den bizipoza ageriz.

Eta horrela dihardu Sousak, euskara trebatzen Berako euskaltegian , euskaldun osotua izatetik gero eta gertuago. Dagoeneko euskara ulertzen du eta astiro hitz egiteko gai ere bada. Horrekin batera, euskal kulturan sakontzeko beste modurik topatu du herri kirolen bidez. Izan ere, Patxi Larretxeak entrenatzen duen taldearekin aritzen da arratsaldero Sousa. Txinga erutean Nafarroako emakumerik trebeenetakoa da eta aizkorarekin hasi da dagoeneko.

youneds el marhoum

Lakuntzako alguazila

Euskal Herrira etorri eta 12 urtera Babel Dorrearen antzekoa da Youneds El Marhoumen Lakuntzako etxea. Bera orain 12 urte etorri zen Nafarrora eta hemen sustraitu da. "Marokoko boluntarioen erakunde batean ezagutu nuen gaur nire emaztea den Ane Miren Iruretagoiena. Lekeitikoa da, baina Lakuntzako ikastolan egiten du lan. Maitemindu ginen eta hona etorri nintzen", dio Lakuntzako Udaleko alguazil honek.

Euskaraz azaltzen duenez, etorri zenean harritu zuen lehen gauza ho-tza izan zen. Gero ikusi zuen, bere emazteaz gain, ingurua ere euskalduna zela. "Azaroaren 24an heldu nintzen eta kriston hotza egiten zuen, izugarria niretzat. Hori da gogoratzen dudan lehen gauza. Hizkuntzarena ez dut oroitzen oztopo handia bezala. Gaztelaniaz zertxobait hitz egiten nuen, hobetu nuen eta euskarari ekin nion", azaltzen du. Egun Younedsek sei hizkuntzatan moldatzen da (arabiera klasikoa, arabiera marokoarra, frantsesa, ingelesa, gaztelania eta euskara) eta bere etxea ere eleanitza da: "Nire bi seme-alabek (Muina eta Jokin) euskaraz egiten dute beren artean, marokoaraz irakasten saiatzen naizen arren. Bertako euskara eta bizkaiera entzuten da etxean. Eta gaztelaniaz ere entzuten da".

keiko suzuki

Nagoya hiriko euskalduna

Erreportaje honetako lagunen artean ez dago Keiko Suzuki baino urrunagotik etorri denik, ezta bera baino euskara jantziagorik hitz egiten duenik. Bere hizkuntzalari formakuntzaren ondorioa omen da. Izan ere, Keiko Suzuki Hispaniar Fiologia ikasi zuen, ikaskestak Iruñean amaitu arte. Nafar batekin ere ezkondu zen eta bikiak izan zituen. Bere alabak euskaldunak izanen zirela erabaki zuen. Eta ikastolara eramatearekin batera, Iruñeko Hizkuntza Eskolako irakasle hau euskara ikasten hasi zen.

Hori orain hamarkada inguru izan zen eta, jendea harritzen bada ere bera euskaraz entzutean, denbora da Nagoya hiriko euskalduna dela Suzuki."Europako nire ama hizkun-tzaren antzekoena zela pentsatu nuen ikasten hastean, euskara Europako japoniera da nolabait", dio.