Atarrabia. Hasteko eta irakurleak gaian finkatzeko, begano bezala defini-tzen duzu zure burua, zer da begano izatea?
Hitz gutxitan, begano izatea da animalien erabilera baztertzea zure eguneroko bizimodutik. Ni beganoa naiz, eta ondorioz ez dut animaliarik jaten, ezta haiengandik eratorritako produkturik ere. Horretaz gain, animalien larruarekin eta abar egindako jantzirik ez dut, eta erabiltzen ditudan xanpua, harrikoa egiteko xaboia eta abar, ez dira animaliekin saiatutakoak, eta haiengandik eratorritako osagairik ez dute. Begano naizenez, azkenik, animaliak erabiltzen dituzten zirkuetara, zoologikoetara eta abar ez naiz joaten.
Noiz hasi zinen beganoa izaten?
Duela hamaika urte inguru begetarino bilakatu nintzen, eta begano, berriz, 2005. Urteko martxoaren 8an. Data nahita aukeratu nuen.
Begano elkarterik ba al dago?
Bai, nazioartean hamaika daude. Euskal Herri mailakorik dagoen ez dakit, nik behintzat ez dut ezagu-tzen. Beganismoaren alde egiten duen elkarterik, ordea, bai, bada. Nafarroan, adibidez, Denok Animaliak elkartea dago. Espezismoaren kontrako elkartea da, eta espezismoaren kontrako borroka tresna du beganismoa. Espezismoa da animaliak espeziearen arabera baztertzea. Gizakiok bertze animaliak baztertzen ditugu ez direlako gure espezie berekoak. Bigarren mailakotzat jotzen ditugu, ondorioz, objektu bilakatzen ditugu, eta guri mesede egiteko erabiltzen ditugu. Hori da espezismoa.
Nola zabaltzen duzue zuen mezua?
Egia da Denok Animaliak elkarteak urrats gutxi eman dituela azken boladan, baina helburua beti izan da, batez ere, gure mezua gizarteratzea. Izan ere, normaltzat jotzen dugu denok bertze animaliak erabiltzea. Ez dugu horri buruz hausnarketarik egiten. Elkartea beti saiatu da gogoetarako tresna izaten, jendeari erraten bertze animaliek bizitzeko, aske bizitzeko eskubidea ere badutela, ez direla gureak. Hori da kontua. Jendea pentsaraztea. Gauzak aldatzen hasteko. Heziketa funtsezkoa baita horretarako.
Eguneroko bizitzan zailtasunak agertzen al zaizkizu?
Ez. Hasieran, akaso, gehiago, baina ez dut inoiz zailtasun handirik izan. Inoiz ez dut pentsatu begano izatea hagitz zaila denik. Zaila balitz ere, nik argi dut bertze animaliak ez ditudala erabili nahi, beraz, bilatu beharko nuke bidea. Buruan hagitz garbi dut begano izatea dela aukerarik onena, eta zailena orain, niretzat, horren kontra egitea izanen litzateke. Hau da, begano ez izatea izanen zen benetan zaila niretzat.
Zure ikuspuntuarekin bat egiten ez duten zure inguruko pertsonekin arazorik edukitzen al duzu?
Ez. Beti bada norbait zure pentsa-tzeko modua ulertu ez, eta horretaz gain errespetatzen ez duenik, baina gutxitan gertatu zait hori. Eta hori gertatzen denean nik nireari eusten diot, eta kito. Nire asmoa, gainera, ez da inor konbentzitzea, begano izateko urratsa norberak eman behar baitu, norberak izan behar du argi, bertzela alferrik da.
Zure elikadura oso baldintzatua al dago? Zure erosketa poltsetan zer nolako elikagaiak aurkitu di-tzakegu?
Nire poltsetan denetarik dago, laboreak, lekaleak, barazkiak, fruituak, fruitu lehorrak, proteina anitz duen seitana, tofua, eta abar. Gauza anitz belardendan erosten dut, produktu ekologikoen alde egiten dudalako. Eta egia da, gainera, beganook jaten dugun produktu anitz ez dagoela edozein dendatan. B12 bitamina hartzen dut, halaber. Eztabaida dago horren inguruan, hainbat medikuk diote begano garenok falta dugula bitamina hori, bertze batzuk diote ezetz. Nik, badaezpada, hartzen dut. Bertzerik ez. Edozein modutan, nazioarteko erakunde anitzek egiten dute dieta beganoaren alde, eta osasuntsutzat jotzen dute, bai eta gomendatu ere. Gaur egun, halaber, ingurumenaren alde egiteko modua da begano izatea, elikagaiaren industriak, eta, batez ere, abeltzaintzak, zer ikusteko handia baitute klimaren aldaketarekin.
Etxetik kanpo jateko garaian arazorik topatzen al duzu?
Ez. Toki gehienetan aurkitzen dut aukeraren bat. Normalean bazkari edo afari zehatzen bat egin behar badugu, aurretik deitzen dut tokira begano naizela errateko, eta nik jan ahal izanen dudan zerbait egonen dela ziurtatzeko. Baina arazo handirik ez da sortzen.
Hortaz aparte, kontutan hartu behar dugu edozein zapata, jertsei, gerriko, lumazko beroki edo janzten ditugun hainbat eta hainbat arropa animalietatik dator. Arlo honetan eragozpenik baduzu?
Bai, erran dudan bezala, animaliengandik eratorritako jantziak baztertzen ditut. Baina aukera zabala da beganoentzat. Arazorik ez da.
Higienean ere horrelakoak daude, xaboietan, hortzetako eskuilan…
Esparru horretan ere animaliekin saiatu ez diren eta animaliengandik eratorritako osagaiak ez dituzten produktuak bilatzen ditut. Bai eta aurkitu ere.
Gaur egun daramagun bizimoduarekin posible al da begano izate hori gauzatzea?
Erabat. Ni naiz horren adibidea. Beganoa naiz, eta osasuntsu nago.
Zer irtenbide eman diezaiokegu txerto probaketaren arazoari?
Animaliekin egiten diren saioen gaia zabala da, eta ez da erraza hitz gutxitan laburtzea. Batetik azpimarratu behar da animaliekin egiten diren saio gehienak arlo militarrean eta kosmetikaren arloan egiten direla. Bertzalde, osasunaren esparruko saioei dagokienez, kontu anitz bada argitzeko. Enpresa multinazional anitzen interesak daude tartean. Gero eta gehiago dira zientzialarien artean animaliak bazter uzten dituzten saioen alde egiten duten ahotsak, hau da, bertzelako metodoak garatzearen alde mintzatzen diren ahotsak. Eta aukera zabala da: ama zelulak, ordenagailu bidez egindako simulazioak, eta abar. Ez dugu ahaztu behar, gainera, bertze animaliekin egindako saioak, anitzetan, ez direla fidagarriak. Urte luzez erran zen erretzeak ez zuela biriketako minbizia eragiten txakurrekin egindako saioetan animaliok minbiziarik garatzen ez zutelako. Orain argi dago hori ez dela egia. Gaur egun zientziak eskaintzen dizkigu animaliak bazter uzten dituzten ber-tzelako metodoak. Horiek garatzen jarraitu beharko genuke, ez baita etikoa bertze animalien sufrimendua eta heriotza babestea gizakioi mesede egiteko. Nork defendatuko luke gizakiak indarrez erabiltzea botikak saiatzeko, nahiz eta horrek denoi mesede egin? Guretzat nahi ez badugu, zergatik defendatu ber-tze animalientzat? Tximino baten edo txakur baten eta gure minaren artean alderik ez dago. Nerbio sistema nagusiak ematen digu mina eta plazerra sentitzeko gaitasuna, berdin guri eta tximinoei eta txakurrei.
Zer pentsatzen duzu itsuak lagun-tzen dituzten txakur horien fun-tzioaz?
Ez nago ados. Badakit politikoki ez dela erantzun zuzena, eta ez dut erraten itsuek laguntza jasotzeko eskubidea ez dutenik. Baina ez dut uste txakurrak erabiltzea zilegi denik. Berriz ere animalia gure interesen alde erabiltzen ari gara, animalia horren interesak bazter utzita. Ez dugu ahaztu behar itsuak hartu aurretik familia batek izaten ohi duela txakurraren ardura. Familia horren lana da txakurra prestatzea. Behin hori eginda itsuak hartzen du, baina bere fun-tzioa betetzeko gaitasuna galtzen duenean, berriz ere baztertu egiten du. Bertze etxe batera joateko ordua ailegatzen zaio. Gizakiaren interesak txakurraren interesen gainetik jartzen ditugu. Txakurrek, eta ber-tze animalia guztiek, berez dute garrantzia, ez gure alde egin dezaketen lanaren arabera. Eta denek, guk bezala, aske bizitzeko eskubidea daukate.
Mila esker, zure parte hartzearengatik eta begano izatearen kontua argitu izanagatik.