Zangozan Nafarroa Oinez piztera goaz!
Nafarroa Oinez ez da egun bakarreko besta, urte osoan zehar auzolanean egiten de ekimena baizik
Joan den urtearen erdialdean auzolanaren deia iritsi zitzaigun Zangozako ikastola osatzen dugun familiari. Nafarroa Oinez ospakizunaren lekukoa ilusioz jaso eta zonaldeko euskalzale bolondresak 15 komisioetan antolatuz, inurritxoak bezala lanari ekin genion. Jardueraz jarduera, materialaz jantziz, ideiak irudikatuz, lurraldeak antolatuz, ibilbideak amestuz…gure kulturak, hizkuntzak eta elkarlanak biziberritu gaitu bidean.
Herriko frontoian egin genuen aurkezpenean eskualdeko 100 kolektibo, elkarte, kirol-talde eta abarrek baino gehiagok hartu zuten parte. Hauen guztien indarraz baliatu gara aurrera egiteko. Aurkezpen hau hurrengo hilabeteetan etorriko zenaren aurrerapena izan zen: kulturaren sustapena, euskararen erabilera eta bizilagunen arteko elkartasuna.
Nafarroa Oinez 2024rako ezarritako helburuei jarraituz, adin guztietarako kultur jarduerak antolatu dira (musika, artea, literatura, kirola, etab.). Hauek askotarikoak eta ugariak izan dira, hala nola, eskualdeko bost herritan antolatutako Piztu Herria!, Kulturarteko Eguna, liburu aurkezpenak, Ene Kantak, Artea Oinez, pilota partidua, besteak beste. Eta ahaztu gabe Oinez Txokoaren antolaketa, Iruñeko Takoneran Sanferminetan izan genuen euskal eremua, jai euskaldunak bizitzeko aukera eskainiz. Eta hau guztia euskararen erabilera eta normalizazioa bultzatzeko helburu nagusiarekin.
Azken hilabeteetan antolatu diren jarduerek erakusten duten bezala, Nafarroa Oinez ez da jaieguna bakarrik, euskararen alde lan egiten duen proiektua baizik. Eskualde mailako sareak ehunduz, adin guztientzako aisialdia eskaini duen proiektua eta kultura, jasangarritasuna eta auzolana uneoro presente izan dituena, Zangozako Ikastolak lantzen dituen balioen adibide direnak.
Urriaren 19an, larunbata, hainbat ekintza burutuko dira Nafarroa Oinez asteburuan. Egunarekin hasteko, Zangozako Txistulari eta Gaiteroek dianekin herrian zehar festaren hasieraren abisua emango digute. Goizean, 11:00etan, artisautza azoka eta txalaparta tailerraz gozatzeko aukera izango dugu eta 12:00etan Mantangorri tailerra eskainiko digute. Baionatik Bernat Etxepare Lizeoko ikasleen bisita berezia jasoko dugu, Zangozako Ikastolako ikasleekin anaitasun bazkarian gazteen arteko hartu emana sortuko delarik. Ondoren, arratsalde partean, Baionako gazteek bere elektrotxarangarekin karrikak alaituko dituzte kalejira Ikastolan hasita. Aldi berean, magia emanaldia izango da 18:00ak aldera eta eguneko programari erritmo onean amaiera emateko, Mugan taldeak joko du.
Egun handia igandean izango da, urriak 20, ilusioz ekiten ari diogu eguna prestatzeari, eta Euskal Herriko hamaika bazterretatik hurbilduko zareten bolondres eta partehartzaileei, aldez aurretik eta bihotzez… esker mila bizipen hauek pizten laguntzeagatik!
Temas
Más en Actualidad
-
El comité del apagón investiga eventual ciberataque a instalaciones ajenas a Red Eléctrica
-
‘Por el desarme hacia la paz’, lema de la fiesta carlista en Montejurra
-
Manos Limpias denuncia a la presidenta de Red Eléctrica por "imprudencia grave" en el apagón
-
Detenido un hombre por matar a su madre de 77 años en Madrid