Síguenos en redes sociales:

120 urteko ibilbidea, etorkizunari begira

1905EKO MAIATZAREN 9AN INAUGURATU ZEN SAN FRANTZISKO ESKOLA, IRUÑEA 28.000 BIZTANLEKO HIRI HARRESITUA ZENEAN

120 urteko ibilbidea, etorkizunari begira

Gaur gure eskolak 120 urte beteko ditu. Ez da kopuru makala! Gutako batzuk oraindik ez dugu hain zenbaki handia arte zenbatzen ikasi, eta auskalo nola sartuko ditugun 120 kandela tartaren gainean! Gure eskolaren historia ezagutu dezagun.

1905eko maiatzaren 9an inauguratu zen San Frantzisko eskola. Garai hartan, Iruñea 28.000 biztanle inguruko hiria zen, oraindik harresiz inguratua zegoena. 1902an hasi zen eraikitzen, Julián Arteaga arkitekto nafarraren diseinuaren arabera. Arkitekto berak Nafarroako Parlamentua dagoen eraikina ere eraiki zuen. Garai hartako eredu higienista eta hezitzaile berriei erantzuteko diseinatua izan zen, 3 solairu eta 3.000 metro karratuko azalerarekin. Hasiera batean 17 ikasgela zituen, bertan haurrak adinaren eta antzeko ezagutzen arabera multzokatzen ziren. 290 leiho, 2.500 kristal eta 100 ate zituen. Kanpoko fatxadaren gorputz nagusia harrizkoa eta, gainerakoa, adreilu gorrizkoa.

BULTZADA HEZITZAILEA ETA HAURTZAROAREN BABESLEA

San Frantzisko Eskola, XX. mendean zehar, irakaskuntza publikoaren barruan hezkuntza-eredu aitzindari bihurtu zen. Bertan garatutako jarduerek garrantzi handia izan zuten, bereziki aukera gutxien zituzten familien hezkuntza-aukerak zabalduz. Eskola publikoa izateaz gain, estatus berezia zuen: Magisteritza Eskolarekin elkarlanean aritzen zen, eta irakasle ikasketak egiten zituztenei prestakuntza praktikoa eta orientazio pedagogikoa eskaintzen zien. Jarduera akademikoekin batera, eskola bestelako zerbitzu sozialak eskaintzen aitzindaria izan zen: XX. mendearen hasieran, Iruñean irekitako lehen kantina eta jantokia jarri zen martxan. Jantokian haurrei doako otordu bat eskaintzen zitzaien, eskola eta erlijio klaseetara joatearen truke.

ERAIKINAREN HISTORIA PROPIOA

Klaseetatik harago, eraikinak historian zehar hainbat jarduera eta funtzio hartu ditu bere baitan. Hala nola, 1912an telefono-zentral bat instalatu zen, eta Errepublika garaian, ezkerreko alderdien mitin ugari egin ziren bertan. 1932an, Aste Pedagogikoa antolatu zen hezkuntza-eredu berriak zabaltzeko asmoz: irakasle batzuk hizlari aritu ziren eta hezkuntza-materialen erakusketa bat egin zen. 1936tik aurrera, ordea, atzerapauso pedagogikoen garaia iritsi zen, eta eskolan arropa militarraren lantegi bat ezarri zuten. 1938an meza-laguntzaileen eta haur-abeslarien eskola sortu zen. 40. hamarkadatik 60.era Arte eta Lanbide Eskola izan zen. Urteen arabera eskola erabilera eta elkarte askoren egoitza izan da: Zentsura Bulegoa, gazteen zerbitzu militarrerako azterketa fisikoak, Hautesleen errolda, Scouten eta Argazkilarien elkarteak, Iruñeko Belenzaleen Elkartea, La Pamplonesa musika bandaren egoitza eta gidabaimen azterketak, besteak beste. Aldi batez, helduentzako euskarazko eskolak ere eman ziren.

IKASLEGOAREN BILAKAERA

Eskolako matrikulazioak aldaketa handiak izan ditu urteetan zehar. 1979-80 ikasturtean 828 ikasle zituen arren,. 80ko hamarkadan zehar matrikulak behera egin zuen nabarmen eta ia ikaslerik gabe gelditu zen eskola. 1995-96 ikasturtean euskarazko murgiltze eredua, D eredua, ezarri zen eta matrikulazioak gora egin zuen. Alde Zaharrean euskarazko irakaskuntza publikoa eskaintzeak familiek urteetan aldarrikatu zuten eskubide bat bete zuen. Horrek indarberritu egin zuen eskola eta auzoa bera. Hurrengo hamarkadetan ikasle kopurua hazten jarraitu zuen, bai D ereduaren ezarpenagatik, bai migrazioar en ondorioz hiriak jasotako familia berriengatik.

Gaur egun, San Frantzisko Eskola Publikoak 400 ikasle inguru hartzen ditu, hiru hizkuntza-eredutan. 120 urte eta gero, bizi bizirik eta indartsu jarraitzen du, auzoan erreferente izaten eta garaiko erronkei egokituz, bere nortasuna eta izatea galdu gabe.