Datozen bi ikasturteetan, San Fermin Ikastolako irakasleek mentalizazioaren inguruan treba-tzeko programa berri batean parte hartuko dute. Espes Fundazioak bultzatutako ekimena da, eta Nafarroako beste hiru ikastetxek ere parte hartuko dute bertan. Hurrengo hilabeteetan, Bigarren Hezkuntzako irakasle-talde bat mentalizazioaren teorian trebatuko da. Mentalizazioa gure ekintzen azpian dauden egoera emozionalak pentsatu eta interpretatzeko gaitasuna azaltzen duen teoria da. Gure ekintzen edo jarreren azpian dauden egoera emozionalak pentsatu eta interpretatzeko gaitasuna azaltzen duena. Gaitasun horrek besteen eta gure portaeren atzean egon daitezken egoera mentalak interpretatzeko aukera ematen digu, hau da, pentsamenduen, sinesmenen, desioen, motibazioen, sentimenduen eta adimenaren beste eduki batzuk aztertzeko gaitasuna. Gaitasun hori funtsezkoa da besteekin ditugun harremanak onak izan daitezen, eta gure emozioak eta jokabideak erregulatzeko ere balio du. Bere dimentsio autorreflexiboak gure pentsamenduak eta sentimenduak ezagutzeko aukera ematen digu, pentsamendu eta sentimendu horiek zerk eragiten dituen eta gure bizitzako zein beste osagairi lotuta dauden ulertzeko.

Eskola-eremura eramanda, ikasle batek izan ditzakeen harreman edo ikasketa arazoen atzean zer emozio edo sentimendu egon daitezkeen behatzeko eta ulertzeko gai izan nahi du irakasleak eta hain zuzen horretan trebatzeko asmoa dugu, besteak beste, ikasleen hezkuntza-prozesuak aurrera egitea eragozten duten jarrera jakin batzuen atzean zer egon daitekeen azaltzen eta ulertzen saiatzeko. Teoriak defendatzen duenez, modu zehatzean, arduratsuan eta sistematikoan lan eginez -ikasleen pentsamenduan edo buruan fokoa jarriz- eta haien portaera okerrek edo ekintza zehatzek hezitzailea distraitzen utzi gabe, baizik eta ekintzen azpiko egoera mentaletan arreta jarriz, ziurrenik hobeto uler dezakegu zer gertatzen ari zaien.

Ikaskuntza prozesuan alderdi emozionalek eta harremanek garrantzi handia dutela frogatuta dago. Izan ere, ikasle askoren zailtasun akademiko gehienek emozioekin dute zerikusia. Askotan, gainera, irakasleek ez dakite ikasleek zer pentsatzen edo sentitzen duten benetan, eta hipotesiak egiteko gaitasuna erabili dezakegu soilik hainbat egoeren aurrean. Zentzu honetan, mentalizazioak zera proposatzen du: ikasle batek egoera baten aurrean egiten duen ekintza edo portaera puntualetik haratago joatea, eta nerabe hori une horretan zer emozio-prozesutatik igaro daitekeen ikertzea.

Harremanen alderdia ere garran-tzitsua da, ikasteko edo ikasketa prozesuan aurrera egiteko konfiantza izan behar baitu ikasleak. Konfiantza gainontzeko ikasleengan, irakaslearengan eta, oro har, bere inguru guztiarengan. Alde horretatik, prestakuntza programa honen bitartez, irakasleekin lan zehatz bat egin nahi da, planteatutako galdera horiei guztiei erantzungo dien irakaslearen profila zein izan behar duen modu sakonean aztertzeko.

Ikasturte honetarako prestakuntza hiru zatitan banatu da. Lehenengo hiruhilekoan, irakaslearen rolaren inguruko lanketa egingo dute. Gaur egungo irakasleen eginkizuna nolakoa den, zein den haien ahultasuna, nola jokatu emozionalki egoera jakin batzuen aurrean… Eta, batez ere, ikasleak hobeki ulertzen lagunduko digun irakasle rol berria zein izan daiteken denon artean pentsatzeko tartea izango dute. Bigarren hiruhilekoan, talde-lana egingo da, gelako esperientzia zehatzak aztertuz. Eta, azkenik, hirugarren hiruhilekoan, lan-eremu praktikoak sortuko dituzte, pentsatzen eta mentalizazioa gauzatzen ikasteko.