UNICEF Espainiak, Sevillako Unibertsitatearekin lankidetzan, egin duen Haur eta Nerabeen Iritzi Barometroaren laugarren edizioaren arabera, ekonomia, ingurumena eta gerra dira Nafarroako nerabeak gehien kezkatzen dituzten gaiak. Txanponaren beste aldean, hots, kezka gutxien sortzen dizkieten gaiak, politika, eskola eta gizartea. Estatu mailan egin da ikerketa eta, Nafarroari dagokionez, 11 eta 18 urte bitarteko 273 haur eta nerabek parte hartu dute inkestan.

Aipatu diren gai horiek guztiak dira gazteek berez erantzuten dutenean gehien aipatzen direnak. Hala ere, kezken lehentasunak nabarmen aldatzen dira galdera zehatzak egiten zaizkienean. Horrela, Nafarroako 10 nerabetik 9 oso edo nahiko kezkatuta daude adingabeen aurkako sexu-abusuekin, eskola-jazarpenarekin (bullying) eta ziberjazarpenarekin (cyberbullying), munduan den gosearekin eta muturreko pobreziaren arazoarekin eta gerren eta nazioarteko gatazken egoerarekin.

Kezka nagusien hurrenkeran, honako hauek datoz ondoren: terrorismoa, ingurumenaren hondatzea eta klima-aldaketa, herritarren segurtasunik eza, arrazakeria, eskola-errendimendua, genero-desberdintasunak, matxismoa eta indarkeria matxista, osasun-arretaren kalitatearen beherakada, desberdintasun ekonomikoak eta pobrezia, eta beharra dutenentzako gizarte-laguntzen falta.

Aitzitik, gutxien kezkatzen dituzten gaien artean daude politikarien arteko desadostasunak eta itxura fisiko erakargarria edukitzeko gizartean den presioa.

Politikaren irudi txarra

UNICEFen Barometro honen emaitzek ohartarazten dute gazteen artean politikarekiko desafekzioa nabarmena dela. Horren arrazoia, ziur aski, politikari gehienak ustelak direlako pertzepzio orokorra da; izan ere, inkestatu nerabeen %59,3k uste hori azaldu du.

Nafarroako nerabeen % 27,4k Estatuko egoera politiko eta ekonomikoa ona edo oso ona dela deritzo, eta % 20,2k, berriz, oso txarra dela. Hirutik batek “erdibideko” balorazioa egiten du. Tokiko gobernuen inguruko iritziak, ostera, hobeak dira: % 38,8k positiboki baloratzen ditu, eta % 11,1ek negatiboki.

Nafar gazteei konfiantza gehien eragiten dieten erakundeak unibertsitatea, osasun publikoa, zientzialariak eta Gobernuz Kanpoko Erakundeak dira. Aldiz, okerren baloratutako erakundeak alderdi politikoak eta haien ordezkariak, Estatuko Gobernua eta erlijio-ordezkariak dira.

Joera hori lanbideen balorazioan ere islatzen da. Okerren ikusitako lanbideak politikariena, sare sozialetako eduki-sortzaileena eta epaileena dira. Aitzitik, gehien baloratutakoak medikua, polizia, kirolaria eta irakaslea dira, guztiak hamarretik 8 puntu baino gehiagorekin.

Informazio iturri nagusiak telebista eta influencer-ak dira Nafarroako adingabeen % 40 ingururentzat. Halaber, % 20 baino gehiagok parte hartzen du sare sozialen bidez albisteak zabaltzen, iruzkinak eginez, estekak partekatuz edo bideoak hedatuz.

Estereotipoak

Ikerketak erakusten du genero-estereotipo batzuk oraindik bizirik daudela Nafarroako nerabeen artean. Ia % 15ek uste du haurren zaintza eta etxeko garbiketa emakumeen ardura direla. Aldi berean, kale-segurtasuna (% 20 baino gehiagok), informatika (% 15ek) eta enpresak (% 10 inguruk) gizonei dagozkiela deritzote.

Inkestan nagusitasuna, lidergoa, konfiantza, heziketa ona, itxura fisikoa zaintzea eta maitasuna adieraztea bezalako nortasun-ezaugarri ezberdinekin lotutako genero-estereotipoen inguruan ere galdetu zaie nerabeei. Nerabe gehienek uste dute pertsona baten izaerak ez duela zerikusirik generoarekin. Hala ere, % 15ek uste du nagusitasuna gizonezkoei dagokien ezaugarria dela, eta % 9k, lidergoa. Bestalde, % 1,5ek eta % 3k, hurrenez hurren, ezaugarri horiek emakumeei dagozkiela adierazi dute.

Ongizate emozionala

Aurtengo Barometroan jasotako datuek erakusten dute nerabeen ongizate emozionala hobetu egin dela aurreko urteekin alderatuta. Zentzu horretan, azken inkestan gazteen % 20 baino gutxiagok adierazi dute azken astean beti edo ia beti bakarrik edo triste sentitu izan direla.

Alde positiboan, Nafarroako 10 gaztetik 8k adierazi dute lagunekin ongi pasatzen dutela, eta haien familiek edo tutoreek zuzen tratatzen dituztela beti edo ia beti. Halaber, hamarretik zazpik diote eskolan eta institutuan ongi moldatzen direla, eta sasoi onean eta energiaz beterik daudela.

Nafarroako gazteen zoriontasunean gehien eragiten duten faktoreak familia, zaletasunak, atsedena hartzea, lagunak, kirola egitea eta maskotak dira, guztiak 8 puntu baino gehiagorekin. Aitzitik, sare sozialetan jarraitzaile asko izatea edo like asko jasotzea ez dira 5 puntura iristen.

Parte-hartzea eta osasun mentala aztertzen dituen ikerketa

Aurtengo Barometroak, lehen aldiz, ikerketa kualitatibo bat ere barne hartu du, eta Estatu mailan Bartzelonan, Sevillan eta Bilbon izandako hiru eztabaida-taldetan bildutako emaitzak jasotzen ditu.

Azterlanak sakon aztertzen du gazteen parte-hartzea gai sozial eta politikoetan, haien politikarekiko pertzepzioa eta osasun mentalari buruzko balorazioa.

Gazteek uste dute eskolak eta sare sozialek iritziak adierazteko eta parte hartzeko espazio naturalak direla. Oro har, erakunde eta elkarteetan parte hartzeak ere gizartean eragin positiboa duela uste dute.

Esan bezala, politikarako interes falta orokorra antzeman da, baina zenbait gaztek ohartarazi dute interes falta horrek etorkizunean ondorioak izan ditzakeela.

Osasun mentalari dagokionez, presio akademikoa, gurasoen exijentziak eta teknologia eta sare sozialen erabilera desegokia dira gazteen ongizate emozionalean gehien eragiten duten faktoreak.